Zabalik dago Udalaren Gabonetako aisialdi programetan izena emateko epea

uriola.eus 2016ko aza. 2a, 07:30

Gaurtik, azaroaren 2tik, eta hurrengo astelehenera, azaroaren 7ra bitartean, herritarrek aukera izango dute Gabonetako aisialdirako udal programetan izena emateko. 

Udalak 384 plaza eskainiko ditu guztira: 264 plaza Gabongunen 5 eta 8 urte bitarteko umeentzat, eta 120 plaza Gabonkiden 9 eta 11 urte bitarteko gaztetxoentzat. Bi ekimen hauen helburua balioak eta dibertsioa uztartzea da, euskarazko eta gaztelaniazko hainbat jardueraren bitartez.

Bietan izena emateko hiru bide daude: www.bilbao.eus webgunea; 010 informazio-telefonoa (944 010 010 Bilbotik kanpo deituz gero); eta Barrutiko Udaltegietan dauden 'Bilbao Klik' izeneko Bulego elektronikoak. Horietan izena emateko baldintza bakarra umea Bilbon erroldatuta egotea da.

Hala, abenduko azken astean (26tik 30era) parte hartuko duten umeek 'Olinpiadetatik haratago' bidaiatuko dute eta kirolari paralinpikoak ezagutu nahiz haien istorioak eta erronkak entzungo dituzte, Gazteria eta Kirol Sailak programatutako jarduera-sortari esker.

Ekintza bietako ordutegia goizekoa izango da: 10:00etatik 13:00ak arte, familia-bizitza eta lana bateratu ahal izateko eta hurrengo udaltegietan burutuko dira: Begoñan, Iralan, Otxarkoagan, Deustun, Zorrotzan eta Castañosen. Lehendabizikoz, Abandoko barrutia sartuko da programazioan. Ekintzak Sanchez Marcos ikastetxean burutuko dituzte (Concha jenerala, 18).

Zozketa eta Izen-emateak

Lekuak zozketa publikoaren bitartez esleituko dira. Zozketa hori azaroaren 9ko 10:00etan egingo dute, Aznar Eraikineko 4. solairuan dagoen Bilboko Udalaren Umeen Zerbitzuko Bulegoan (Venezuela plaza, 2). Emaitza kontsultatzeko aukera egongo da aurrez izena emateko erabilitako kanaletan: www.bilbao.eus webgunean; 010 telefonoan (edo 944 010 010); eta Barrutiko Udaltegietako 'Bilbao Click' Bulegoetan.

Halaber, azaroaren 24tik Umeen Udal Zerbitzuko arduradunek itxaron-zerrendan daudenei deituko diete bete barik geratu diren lekuak eskaintzeko. 

'Olinpiadetatik haratago'

Gabonetan, Joko Paralinpikoak jarduera bien haria izango dira. Umeek Paralinpiadak berriro bizitzeko aukera izango dute eta kirolari paralinpikoak nahiz praktikatzen dituzten kirolak ezagutu eta nola egiten duten ikasiko dute... Hori guzti hori, ‘Tom’ izeneko 2016ko Paralinpiaden maskotaren eskutik helduko da, haien desgaitasuna gainditu duten eta ahaleginaren zein gailentzearen aparteko eredua osatzen duten kirolarien bisitari esker. 

Gainera, parte-hartzaileek, Gabonetan, adiskide berriak egiteko, bizikidetzako trebeziak ikasteko eta aisiaz bestelako era batean gozatzeko aukera izango dute.