Prestakuntza ekintza hori irailaren 14an hasi zen eta urriaren 28an bukatu da lehen eta bigarren hezkuntza, batxilergo, lanbide heziketa eta heziketa bereziko ikastetxeetan. Prestakuntza ekintza azaroan osatuko da, unibertsitateetako ikasleek parte hartzen dutenean. Horretarako, gonbidapena bidali da EHUra, Deustuko Unibertsitatera eta Mondragon Unibertsitatera. Era berean, Gazteria eta Kirol Sailak antolatutako Gazte Talk foroetan jardunaldi bat egingo da gazteek parte har dezaten. Horren helburua izango da Bilbao Aurrerago! prozesuaren inguruko eztabaida eta azaroaren 17an egingo da.
Prestakuntzako kanpaina honen helburua da Hiri Antolaketarako Plan Orokor bat zer den eta zeintzuk diren bere alderdi orokorrak azaltzea, planeko proposamenei buruzko informazioa ematea eta hiriko ume, nerabe eta gazteen ikuspegiak eta ekarpenak biltzea.
Ikastetxeetako partaidetza 2016ko irailean zabaldu zen, Hiri Plangintzarako Sailak eta Euskara eta Hezkuntza Sailak Bilboko ikastetxe publiko, itunpeko eta pribatuak gonbidatu zituztenean; horrela, askotariko laginak jaso nahi ziren. Prestakuntza ekintza amaituta, 16 ikastetxetako 1.016 ikaslek hartu dute parte; ikastetxe horien erdiak publikoak dira (ikasleen % 45), eta beste erdiak itunpekoak edo pribatuak (ikasleen % 55). Gaur egun, uriko barruti guztiek daukate parte hartu duen ikastetxe bat, gutxienez. Ordezkaritza handiena Abandok eta Ibaiondok izan dute, hurrenez hurren, lau eta hiru ikastetxe izan dituzte-eta parte hartzen. Etapak kontuan hartuta, lehen hezkuntzako ikasleak izan dira nagusi (partaideen % 48); ondoren batxilergokoak (% 28), gero bigarren hezkuntzakoak (% 20) eta azkenik lanbide heziketako ikasleak (% 2) eta hezkuntza berezikoak (% 1).
Prestakuntza saioak eta parte hartzekoak AurreraGuneetan eta ikasgeletan
Jarduerak irailaren 14an hasi ziren eta urriaren 28an amaitu dira. Hauek dira orain arte parte hartu duten ikastetxeak: Aldamiz Ikastetxea eta Lasalle ikastetxea (1. Barrutia-Deustu); Artxandape Ikastola, San Pedro Apóstol Ikastetxea eta Epaltzaren Alargunaren ikastetxe publikoa (2. Barrutia-Uribarri); Ave María Ikastetxea (3. Barrutia-Txurdinaga-Otxarkoaga); Berriotxoa Ikastetxea (4. Barrutia-Begoña); Emilio Campuzano LHII eta Zamakola LHI (5. Barrutia-Ibaiondo); Juan Manuel Sánchez Marcos HLHI, La Pureza de Maria Ikastetxea eta Jesuitak (6. Barrutia-Abando); José Obergozo HLHI, Eskurtze BHI (7. Barrutia-Errekalde); eta Fray Juan de Zorroza HLHI (8. Barruia-Basurtu/Zorrotza).
Ikastetxe bakoitzean egin diren jarduerak saio bi izan dituzte. Lehenengoa ikastetxea dagoen barrutiko AurreraGunean edo Azkuna Zentroan urriaren 11tik 21era Bilbao Aurrerago! Prozesuari buruzko erakusketa bateratuan egin da. AurreraGuneak informazio-puntuak izan dira, barrutirako eta urirako dauden proposamenei buruzko material grafikoa eta ikus entzunezkoa eduki dute eta proposamenak zeintzuk diren jakin nahi izan dutenei eta parte hartu nahi izan dutenei laguntzeko langileak egon dira.
Prestakuntza ekintzako lehenengo saioan, herritarren partaidetzan eta hirigintzan adituak diren langileek hiri antolaketarako plan bat zer den, zertarako balio duen eta Bilbokoa zertan den azaldu diete umeei eta gaztetxoei. Bigarren saioan, prestakuntza taldea ikastetxera joan da planeko edukiei, gaiei eta proposamenei buruzko saio bat egiteko eta ikasleen ekarpenak jasotzeko. Jarduerak era askotakoak izan dira, eta parte hartu duten ikasleen adinetara eta ikasketa-motetara egokituta.
Horrela, bada, hiru helburu lortu dira: prestatzea, informazioa ematea eta uriko parte-hartzaile gazteenekin parte hartzea. Gainera, batxilergoko eta lanbide heziketako ikasleei aukera eman zaie barruti bakoitzeko lantaldeetan zuzenean parte hartzeko, bai eta Bilbao Aurrerago! webguneko foroetan ere. Horretarako, Bilbon egon behar da erroldatuta eta 16 urte beteta eduki behar dira.
Unibertsitateko ikasleek parte hartzeko programa generikoa eta espezifikoa
Prestakuntza ekimenaren barruan EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ikasleekin parte hartzeko zenbait saio dago. Horiek azaroan egingo dira. Lau orduko saioak izango dira: lehenenego zatian prestakuntza-informazioa emango da: plan orokorra zer den eta Bilbao AurreraGo! prozesuko edukiak zeintzuk diren. Horren ondoren eztabaidatzeko dinamikak, talde-lana eta denon arteko azterketa izango dira; azkenik, saioan parte hartu dutenen ekarpenak jasoko dira.
Jardunaldiak formatu irekia izango dute interesa daukaten ikasle guztientzat; hala ere, beste formatu espezifiko bat izango da fakultatean edo ikasgaian, non erakusketaren eta eztabaidaren edukia ikasleentzako interes berezia izango duen.
Beste formatu batean, azaroaren 17an jardunaldi bat egingo da Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko Gazte Talk foroan, Bilbao AurreraGo! prozesuko partaidetza eta komunikazioaren barruan talde espezifikoetara zuzendutako ekintzen multzoa osatuko duena.
Informazio gehiago:
- www.bilbao.eus/aurrerago/inscripcion