Bilboko soinu-estrategia definitzeko urrats berri bat

uriola.eus 2016ko aza. 2a, 10:30

Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailak urte hasieran ekin zion Udalaren soinu-estrategia definitzeko eta zabaltzeko lanari, Bizkaiko hiriburua soinu-bizikidetzarako espazioa izateko tresnak sortzeko asmoz.

Estrategia definitzeko prozesuan lan teknikoa egin behar da baina herritarrek modu birtualean eta presentzialean parte hartzeko ekintzak ere garatuko dira. Horien helburua da Bilboko soinu-errealitatearen informazio osagarria lortzea, eta estrategiari ideiak eta proposamenak ekartzea.

Horrela, bada, martxoan eta apirilean diagnostikorako kontsulta birtuala egin zen eta ekainean parte hartzeko lehen saio presentziala, gaur egungo soinu‑errealitatearekin lotutako arloen inguruko beharrizanei eta aukerei buruzkoa: jendetzak sortutako arazoen soinu-eragina, garraioko azpiegituren arazo akustikoa, eta hiriak soinu-garrantzidun jarduera sozio-ekonomiko eta kultural berrietarako dauzkan aukerak.

Saio horren emaitzak jaso eta hiriko informazioa eman ondoren, lehenetsi behar diren soinu-arloei ekiteko garatu behar diren jarduera zehatzak definituko dituzte.

Testuinguru horretan, bihar, azaroaren 3an hurrengo topaketa egingo da, prozesuan parte hartu nahi duten pertsona guztiei irekita egongo dena. Horren helburua da ekimenak zehazteko egindako lanari buruzko informazioa ematea eta proiektuaren barruan proposatzen diren jarduerak alderatzea, aurreko saioan landutako soinu‑arazo biak oinarri hartuta:

• Gune Akustikoki Saturatuak sortzea, jendetzak sortutako arazoen inguruan.

• Uriko zirkulazioaren zarata murrizteko jarduketak, garraioko azpiegituren arazo akustikoaren inguruan.

Bilera arratsaldeko 19:00eta izango da Ibaiondoko Udaltegian eta bertara gonbidatuta daude helbide honetan izena ematen duten pertsona guztiak: https://city.createlli.com/IzenaEman-Registrarse

Bilboko Soinu Estrategia garatzeko eta abian jartzeko laguntza teknikoa Tecnalia zentro teknologikoak eta Ekoiure (ingurumenean eta hirigintzan adituak diren abokatuak) eta ph+ Urbanismo Ciudadano (herritarren partaidetzan, arkitekturan, diseinu urbanoan eta berrikuntzan espezializatua) enpresek osatutako diziplina askoko taldeak koordinatua da.