Auzoa apaintzen hasi dira iralatarrak. Jardueraz beteriko asteburako prestatzen. Koloreko kateak eskegi dituzte eraikin artean eta "Irala 100 urte" dioten banderola gorriak balkoietan.
Izan ere, azaroaren 5 eta 6an ekingo diote iralatarrek auzoko mendeurren ekitaldiei. Hamaikatxo jarduera antolatu dituzte auzoaren iraganari, orainari eta geroari begira. Musika, bertsoak, dantzak... izango dira nagusi. Adin guztietako auzotarrak parte hartzera gonbidatu dituzte Irala100urte ekimeneko antolatzaileek.
Larunbatean, hilak 5, eguerdiarekin bat, mendeurrenaren aurkezpena egingo dute Juan Maria Aburto Bilboko alkateak, Irala100urte ekimeneko ordezkariek eta Bilboko Auzo Elkarteen Koordinadorako kideek.
Ostean, 12:30ean, Bilboko Udal Txistulari Bandak eta Iralabarriko San Antonio Abesbatzak kontzertua eskainiko dute. Arratsaldean, 18:00etatik aurrera, oinezkoen gunean Ian Mason eta Ilbeten kontzertua izango da eta Kirikiño plazan 19:30ean Hey Mr. Neken taldearena eta 22:00etan Debares taldearena.
Azaroaren 6an, igandea, goizen goizetik hasiko da fanfarria kalejiran auzoan zehar. 11:30etik aurrera Oihana Bartra eta Arkaitz Estiballesek bertsotan egingo dute eta 12:00etan dantza Beti Jai-Alaik, Gaztedik eta Edurre taldeek. Arratsaldea dantzan emango dute iralatarrek. Txikienek 16:30etik aurrera Minidisko Txikiarekin eta nahi duen orok 18:00etatik aurrera DJ Julenekin.