Euskalduntze berantiarraz eztabaida

uriola.eus 2016ko aza. 7a, 11:05

Azken bolada honetan eztabaida piztu da, ETB1ek euskalduntze berantiarrari buruzko teoriaren aldeko dokumentala eman ostean, Baskoniako historia bat programan. Teoria horren aldeko eta kontrako iritziak entzuteko aukera izango da gaur Kafe Antzokian. 

Dokumentalean aipatzen denez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ez zen euskaraz hitz egiten V. mendera arte eta Nafarroan II. mendera arte.

Dokumentala "datu faltsuetan" oinarritzen dela salatzeko, historialari eta jende ezagunen gutun bat plazaratu zen joan den irailean. Besteak beste, Euskaltzaindiko Luis Mari Lizundiak eta Patxi Zabaletak, Leopoldo Zugaza, zenbait historialarik (Jose Luis Orella Unzue, Mikel Solauren, Iñaki Sagredo, Fernando Sanchez Aranaz…), idazleek (Pako Aristi, Joxe Agustin Arrieta, Joan Mari Irigoien), kantariek (Gontzal Mendibil, Eñaut Etxamendi) babestutako gutuna da.   

Idazki horretan azaltzen da "ez dagoela arrazoi historikorik, linguistikorik, arkeologikorik eta genetikorik euskalduntze berantiarra defendatu ahal izateko".

Eztabaidan sakontzeko, hitzaldi bat antolatu dute gaur, azaroak 7 astelehena, alderdi bien defendatzaileekin: Joseba Abaitua teoria horren alde eta Aitzol Altuna eta Juan Mari Elexpuru teoria horren aurka mintzatuko dira 19:00etan Kafe Antzokian.