Txistulari Bandak ‘Txistulari Banda Dastatzen’ kontzertua eskaiko du gaur Euskaldunan

uriola.eus 2016ko aza. 7a, 08:00

Gaur arratsaldean Bilboko Udal Txistulari Banda Euskalduna Jauregiko A3 Aretoko eszenatokira bueltatuko da 2016-2017 denboraldiko hirugarren kontzertua eskaintzeko. 'Txistulari Banda Dastatzen' izena duen ekitaldia 20:00etan hasi eta sarrera guztiz doakoa izango da. 

Bandak Garikoitz Mendizabal zuzendaria buru dela, eta Idoia Kareagak, Gorka Zabaletak eta Asier Garciak osatua euskal musikarik onena eramango du Euskalduna Jauregira. Bertan ikusleek bederatzi obra oso ezagunez disfrutatu ahal izango dute, besteak beste: Ignazio Bereziartuaren Txistularien kontrapasa, Rodrigo A. de Santiagoren Antologia breve del zortziko, Luis Urteagaren Ereski Ariñak, Rafael Castroren Kanta eta dantza eta J.I. Ansorenaren Leiala. Era berean, entzuleek Maritxu (Isidro Ansorenaren moldaketak) eta Hiru damatxo (Luis Urteagaren moldaketak) obra herrikoiak entzun ahal izango dituzte, baita egile ezezaguna eta J.I.Ansorenaren moldaketak izango dituzten Tanda segunda eta Tirana lanak ere.

Azaroaren 23an, asteazkena, Banda eszenatokietara bueltatuko da, berriro ere, 'Gure esentzia' ikuskizunarekin, Landaluze, Olazaran, Ansorena, Aurrekoetxea eta Erauskin obrekin osaturikoa.

Udal Txistulari Banda

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina. Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu sei diska eta DVD bat kaleratuak: Bilboko Udal Txistu Banda (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin Harizko Txistua (2006); Hala ere (2007) Kepa Junkera, Pello Ramirez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; Bihurrikeritan (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; Kantari Gabonetan (2010) Leioako Kantika Koralarekin; Plazan (2014) romerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; eta azkena, X Urte, hamaika lagun (2015) DVDa heuren hamargarren urteurrena ospatzeko.