Arriagak programazio “berria, modernoa eta sortzailea” eskainiko du 2017an Calixto Bieitoren eskutik

uriola.eus 2016ko aza. 7a, 12:12

Arriaga Antzokiko Zuzendari Artistiko Calixto Bieitok 2017ko urtarriletik ekainera bitartean Arriagan izango den egitaraua aurkeztu du gaur goizean, prentsaurreko baten bitartez. Beste urte batez egitarau oparoa da eskainiko dute eta ez dira dantza, antzerkia zein musika faltako. 

Bilboko Alkate Juan Mari Aburto berarekin batera agertu da eta iragan urtarrilean, Bieito Zuzendari Artistiko moduan aurkeztu zuenean, hari luzatu zion erronka gogoratu du: "Orduan zera eskatu nion Calixtori: Arriaga Antzokia moderno, irekia, plurala, sortzailea eta internazionala izateko lan egin zezan. Arriaga mundura ateratzeko eta munduko edozein lekutik ikusleak Arriagara etor daitezela. Alegia, Arriaga, etorkizunera begira, nahi dugun Bilborekin bat lotu dezala. Baina aldi berean, ekoizpen propioaren aldeko apustuari eusteko eta harrobia jorratzeko eskatu nion, euskal antzezleei haien proiektuak aurkezteko aukera eskainiz eta horrela haien ibilbideei bultzada emanez".

Calixto Bieitok erronkari eutsi dio eta Arriagako lantaldearekin batera lanean aritu da azken hilabeteotan ikuskizun proposamen berrien programa eratzeko, alkateak hain justu eskatutakoarekin bat egiten duten hiru helburuei helduta. Lehenengoa Bilboko, Bizkaiko eta Euskal Herriko artistekin izan beharreko komunioa eta konplizitatea da, bertako eszena bultzatzen eta indartzen laguntzeko. Beste helburu garrantzitsu bat, ikus-entzuleei Espainiako Estatuan egiten den antzerkirik onena eskaintzea da. Eta hirugarren helburua Arriaga Antzokia mundu osora zabaltzea da, Europako eta mundu osoko artisten presentzia ohikoa eta etengabea izan dadin eta beste herrialde batzuetako antzokiekin eta kultur guneekin lankidetza bultzatzeko. Izan ere, datozen hilabeteetarako gune horietako garrantzitsuenetako batzuekin batera gauzatu beharreko zenbait proiektu itxita daude dagoeneko, eta beste batzuetan lanean jarraitzen dute: Theater Basel, Holland Festival, Nationaltheater Mannheim, Nationaltheatret Oslo, Schillertage (Schiller Nazioarteko Jaialdia), Isbsen Festival, REP (The Birmingham Repertory Theatre), Komische Oper Berlin, Brighton Festival eta Hamburgische Staatsoper. 

Calixto Bieitoren, Arriagako Zuzendari Artistikoaren, asmo adierazpen honek argi eta garbi islatzen du 2017ko urtarriletik ekainera bitartean gozatu ahal izango diren ikuskizunak jasotzen dituen programazio berriaren izpiritua: "Atsegin dut pentsatzea antzerkia, musika eta dantza amets baten antzekoak direla. Esanahiz, egiazkotasunez, betetako amets baten antzekoak. Arriaga Antzokitik, 2017ko lehen seihileko honetan, eguneroko errealitateari eta inguratzen gaituen munduari buruzko begirada kartsua konpartituko dugu hiri osoarekin eta gurekin egon nahi duten pertsona guztiekin. Antzokia, komunitatea ideia hunkigarriak eta esperientzia paregabea konpartitzeko elkartzen den lekua delako. Antzoki publikoak, oraindik atsegin dugun ala ez ez dakigun zerbait emateko, joan nahi genuela jakin ere ez genekien lekuetara eramateko eta, jakina, astintzeko, geure buruak zabaltzeko, toleranteago bilakatzeko eta, batez ere, pertsona hobeak sentiarazteko, beharra duelako. Ongi etorriak Arriaga Antzokiko denboraldi berrira, ikusleen jakin-mina piztera zuzendutakoa".

Ekoizpen propioa

Arriagak gauzatzen duen ekoizpen propioko lana bat dator erabat aipatu diren hiru helburuekin, eta 2017an are gehiago sakonduko da lan horretan, denboraldia hasten den unetik bertatik. Izan ere, urtarrilaren 11n, ikus-entzuleek Y entonces venías a robarme el alma ikuskizunaz gozatu ahal izango dute. Emakumezko birentzako, abesbatzarako eta hari laukoterako (guztiak ere bertakoak) egindako kontzertu-instalazioa, Rebecca Ringst diseinugile eszeniko aleman ospetsuak diseinatua, Richard Wagner, György Ligeti, Alban Berg eta Kurt Weill bezalako artista pertsonal eta karismatikoen musikako harribitxiak gozatzeko aukera emango du.

Urtarrilaren 27an eta 28an ikuskizunez betetako bi jardunaldi egongo dira, Esclavos felices izenburupean. Bi jardunaldi desberdin baina osagarriak izango dira, Juan Crisostomo de Arriagaren musikari eta emozioei buruzkoak, Bilboko konposatzaile bikainari gaur egungo dimentsioa emango diotenak, duela 210 urte (1806ko urtarrilaren 27an) jaio zen egunarekin bat etorriz. Sara Derendinger zine eta telebista zuzendari abangoardiakoa ere arituko da Calixto Bieitoren zuzendaritza eszenikoa eta Jon Malaxetxebarriaren musika zuzendaritza dituen poema sinfoniko horretan. Lehenengo jardunaldia Arriagaren hari laukoteetan oinarrituko da, eta "happening" eran, ikus-entzuleak antzokiko guneetatik ibiliko dira, zeremonia maisuak gidatuta, parte hartzen duten taldeen (La Ritirata laukotea eta Ensamble 442)  emanaldiek bidaia mental eta fisiko hori laguntzen duten bitartean. Bigarrenean, ikus-entzuleak aretoan daudela, Arriagaren lan sinfonikoa eta ahozkoa interpretatuko da, eta horrek amaierako galderara eramango gaitu: Zoriontsu al gara gure esklabotasunean? Marta Ubieta eta Naroa Intxausti sopranoek Bilboko Koralak eta BOSek lagunduta abestuko dute.

Arriaga Antzokiaren apustu nagusia, proiektuaren dimentsioa eta garrantzia kontuan izanda, maiatzaren 5ean eta 6an eskainiko den Orfeo operaren ekoizpena eta eszenaratzea izango da. Nazioarte mailan gero eta garrantzitsuagoa den eszena zuzendarietako batek zuzenduko du, Suitzan bizi den Barbora Horakowa Joly txekiarrak, eta nazioarteko artistez osatutako taldea izango du bere esanetara, euskal interpreteak barne. Lan handi horren interpretazio modernoa izango da, ikus-entzuleak harrituta utziko dituen eszenaratzearekin. Ekoizpen lan horren bitartez, Arriagak bat egingo du opera "asmatu" zuen, Cervantesek eta Shakespearek egin zuten bezala Errenazimenduko argietatik abiatuz Barrokoaren iluntasunean murgildu zen Claudio Monteverdi konposatzaile handiaren jaiotzaren 450. urteurrenaren ospakizunekin.

Monteverdiren figura hainbat ikuskizunetan gogoratuko da urtean zehar, baita euren programazioan leku garrantzitsua emango dioten Arriagako Gelatxoetan ere. Horri buruzko informazio zehatza aurrerago eskainiko dute. 

Lehen mailako opera

2017ko lehenengo seihilekoan lau hitzordu liriko egongo dira. Modu kronologikoan, lehenengoa (otsailaren 4an), Gesualdo kontzertu antzeztua izango da, Carlo Gesualdo konposatzailearen lana, bere Madrigalen handitasun artistikoa gogoraraziko duena. Arriaga Antzokiaren eta Hanburgoko Operaren arteko ekoizpena da, eta Calixto Bieitok zuzenduko du.

Monteverdiren figura programatutako bi operatan gogoratuko da, jaio zenetik 450 urte betetzen direla aitzakia gisa erabiliz. Dagoeneko aipatutako Orfeo opera handiaz gain, Combattimento lanarekin hunkitzeko aukera ere izango dugu, Joan Anton Rechiren zuzendaritzapean, emozioen benetako borroka, Monteverdiren konposizioetan inspiratutako zirkulu poetikoa antzeztokira eramango duen Castell Peralada Jaialdiaren ekoizpen lan bikaina. Apirilaren 8an eta 9an izango da.

Amaitzeko, denboraldiari urrezko bukaera emateko, ekainaren 23an eta 24an War Requiem, Benjamin Brittenen maisu lana izango dugu, gerraren izuaren eta deuseztapenaren kontrako benetako oihua, gaur egun, II. Mundu Gerra amaitu eta urte batzuren ostean lehen aldiz antzeztu zenean bezain beharrezkoa dena. Calixto Bieitoren zuzendaritza duen bakearen aldeko musika ikuskizun indartsua, Basileako Antzokian eta duela denbora gutxi Osloko Operan izandako arrakasta itzelaren ondoren helduko da Bilbora. War Requiem lana, 1962an Coventryko Katedrala berriro irekitzea ospatzeko idatzi zen. 1940an bonbardaketa jasan ondoren guztiz suntsituta geratu zen, 4.000 etxe inguru ere deuseztatu zituen erasoaldi gogorrean. Brittenek idatzitako requiema maisu lana bilakatu zen berehala, kritikaren eta ikus-entzuleen iritziz, eta ordutik etengabe eskaintzen da mundu osoan. Ekoizpen lan honetan, Antzokia, berreraikuntza prozesua bizitzen ari den katedrala bilakatuko da. Bilboko Koral Elkarteak eta BOSek ikuskizun horretan hartuko dute parte, nazioarteko abeslariekin batera, lehen mailako erronka eszenikoa izango den ikuskizunean, benetako "tour de forcea", Calixto Bieito zuzendariaren berbetan. 

Dantzaren mundu mailako erreferenteak 

Arriagak nazioarteko balletaren alde egin ohi duen apustua indartsuagoa izango da 2017ko lehen erdialdean. Epealdi horretan mundu osoko konpainia garrantzitsuenen arteko lauz gozatu ahal izango dute herritarrek. Urtarrilaren 20an eta 21ean Ballet National de Marseille taldeak Passione pieza eskainiko du, Emio Greco eta Pieter C. Scholten buru diren konpainia frantsesak Johann Sebastian Bachen 'San Mateoren Pasioa' berraztertuko duen ikuskizuna, sentsualitatea eta sakrifizioa erakutsiz, konpasean, soinuekin solastuz, dantzan egingo duten gorputzen bitartez. Hurrengo hilean, otsailean (24an eta 25ean), Jacopo Godani koreografo ospetsua, Dresden Frankfurt Dance Company izenekoaren zuzendari artistikoa, helduko da Bilbora, konpainiak berak eta Arriaga Antzokiak ekoiztu duten ikuskizuna eskaintzeko. Alemaniako konpainia hoberenetakoa denak (ziurrenez hoberena, aste honetan bertan gurekin izango dugun Ballet am Rhein izenekoarekin batera) programa hirukoitza eskainiko du.

Estatu Batuetatik Martha Graham Dance Company helduko da, emanaldi bakarra eskaintzeko, maiatzaren 24an. 2016ko urte honetan 90 urte betetzen dira Martha Grahamek (Pittsburgh, 1894 — Nueva York, 1991) konpainia sortu zuenetik. Dantzari eta koreografo estatubatuar horrek dantza modernoan izan zuen eragina, Picassok arte plastikoetan edo Stravinskyk musikan izan zuenarekin alderatzen da. 1998an, Time aldizkariak "Mendeko dantzari" izendatu zuen, eta Bette Davis, Kirk Douglas edo Madonna bezalako artista handiek berarengandik ikasi zuten adierazpenerako tresna gisa gorputza erabiltzen. Gaur egun, Martha Graham Dance Companyk indar osoz jarraitzen du bere sortzailearen maisu lanak erakusten, beste artista garaikide batzuen lanak ahaztu barik. 

Amaitzeko, ekainaren 2an eta 3an zentzumenetarako beste opari bat izango dugu, El Boscoren El jardin de las delicias bezalako artelan bat ballet bilakatuta ikustearen zoriona hain zuzen ere. Hori da Marie Chouinard koreografoak eta haren Compagnie Marie Chouinard taldeak eskainiko diguna, El jardin de las delicias triptikoaren panel bakoitzarekin bat datozen hiru ekitaldi izango dituen koreografia –El jardin de las delicias, Infierno eta Paraiso–. Marie Chouinard artista kanadarra benetako erreferentea da mundu mailako dantzan, sarri askotan aintzatetsia eta saritua. Duela denbora gutxi Veneziako Biurtekoaren dantza zuzendari izendatu dute 2017-2020 epealdirako.

Antzerki munduko figura handiak

Datozen hilabeteetan, une honetan Europan antzezten ari den antzerki ikuskizun sutsuenetako batzuk ikusi ahal izango dira Bilbon. Hasteko, urtarrilaren 14an eta 15ean, Arriaga Antzokiak, Engel in Amerika lana, 1993an Pulitzer Saria irabazi zuen Tony Kushnerren Angels in America antzerkiko epopeia zirraragarriaren alemanezko moldaketa, jasoko du. "Reagan garaiaren" erdian idatzitako antzezlana da, gero eta indar gehiago zuen neoliberalismoaren kontra, HIESaren sozializazioak mundua astindu zuen garaia erakusten duena. Lanaren eragina oso handia izan zen, eta Estatu Batuetan, Arthur Millerren Death of a salesman (Merkataritza-bidaiari baten heriotza) maisu lanaren eraginarekin alderatzen da, superpotentzia handiaren txikitasunak agerian uzteko orduan duten antzekotasuna dela eta. Muntaketa lanaren zuzendaria Simon Stone da, oraindik ere Espainian oso ezaguna ez den arren, azken urteetan Europako zuzendari gazte garrantzitsuenetakoa bilakatu dena. Basileako Antzokian arrakasta handia lortu ondoren, Engel in Amerika Bilbora helduko da, eta euskarazko eta gaztelaniazko azpi-tituluekin eskainiko dute.

Mundu osoan aintzatespen handia duen beste figura bat Declan Donnellan da, zuzendaritza eszenikoko maisua eta erreferentea, "Shakespeareren antzerkiari" buruz egin dituen lanengatik, Nick Ormerod eszenografoarekin batera buru den Cheek by Jowl konpainia britainiarraren Zuzendari Artistiko gisa. Bere antzezlanen ezaugarri nagusiak edertasuna eta kalitatea dira, otsailaren 16an egile ingeles bikainaren munduaren aberastasun osoa Arriagara ekarriko duen eta azpi-tituluak izango dituen The Winter’s tale (Neguko ipuina) ingelesezko emanaldi bikainean ikus daitekeenez, adibidez. Bertan, bere trajedia handiak osatu ondoren, antzezlan horretan dramaren iluntasunaren ondoren pozari lekua uzten dion eta, aldi berean, giza portaerari buruzko gogoeta egiten duten pertsonaiak eskaintzen dizkigun Shakespeare erakutsiko digu.

Bisitatuko gaituzten nazioarteko eszena zuzendari kitzikagarrien hirukotea osatzeko, apirilean (21ean eta 22an), Democracy in America lanaz gozatu ahal izango da, Romeo Castellucci paregabearen azken lana. Alexis de Tocquevillek 1835ean idatzi zuen eta Ameriketako demokraziari aho zabalik begiratzen zion gazte europar baten harridura erakusten duen izen bereko liburuan oinarritu da, modu librean. Antzezlana italieraz antzeztuko da, euskarazko eta gaztelaniazko azpi-tituluekin. 

Gure ingurura hurbilduz, Arriaga Antzokiak Patxo Telleriaren testuak eta Mikel Martinezen eta Telleria beraren antzezpena izango dituen Ez dok Hiru lanaren erabateko estreinaldia jasoko du. Euskaraz idatzitako umorezko antzerki esperientzia bitxi horrek, gure musika historia handi txikiaren azterketa ironikoa, absurdoa eta dibertigarria eskainiko dute. Martxoaren 7an eta 8an izango da. Azpimarratzekoa da, baita ere, Atharratze Sorholüze herriak antzeztutako Jean Pitrau pastoraletik ateratako 12 eszena biltzen dituen Ohiberritze ikuskizuna (duela denbora gutxi pastoral osoa eskaini dute Parisen). Aipatutako pastoralaren 12 eszenei, Ttitika Recalten testuak dituen eta Tehenta kanta taldeak eta Juhane Etchebesteren dantza konpainiak eszenara eramango duten Dantzaren botzak izeneko pieza laburra gehituko die Ohiberritze ikuskizunak. Otsailaren 18an izango da ikusgai.

Beste euskal ikuskizun interesgarri batzuk Treblinkarako azken trena (urtarrilaren 16tik 18ra) eta Compañía Joven de Pabellon 6 taldeak prestatu duen Romeo y Julieta (data zehaztu barik oraindik) dira.

Bere antzerki programazioaren barruan, Arriaga Antzokiak une honetan Estatu mailan egiten ari den hoberena jasoko du, lehen mailako eskaintza osatuz. Ikus-entzuleek Josep Maria Flotatsekin (Serlo o no antzezlanean, martxoaren 2tik 5era), Adolfo Fernandezekin (En la orilla, martxoaren 10etik 12ra), Blanca Portillorekin (El cartografo, maiatzaren 11tik 14ra) eta Hector Alteriorekin (El padre, ekainaren 6tik 10era) gozatu ahal izango dute. Ezin dugu Mario Gasek zuzentzen duen eta antzezleen artean Nuria Espert eta Ramon Barea izango dituen Incendios lana ahaztu, karteldegian otsailaren 9tik 12ra, ezta Lluis Pasqualek zuzentzen duen eta martxoaren 31n eta apirilaren 1ean eskainiko den In Memoriam antzezlana ere. Amaitzeko, El Vacieko emakume taldea ikusi ahal izango dugu berriro ere eszenatokian. TNT zentrora heldu aurretik antzerkia zer zen ez zekiten eta antzerki emanaldi batean parte hartzea inoiz burutik pasatu ere ez zitzaien emakumeak dira. Arriagak programatuta BBK Aretoan ikusi ahal izan genuen La casa de Bernarda Alba lanaren antzezpen ahaztezinetik zazpi urte igaro direnean, taldeak, otsailaren 17an ikusi ahal izango dugun Fuente Ovejuna eskainiko digu. 

Laburbilduz, 2017ko urtarriletik ekainera bitartean, Arriaga Antzokiak lan ikusgarriz eta artista handiz betetako antzerki programazioa eskainiko du. 

Gustu guztietarako kontzertuak 

Denboraldiko musika ekitaldi garrantzitsuenetakoa Ingalaterratik helduko da. BBCko Orkestra Filarmonikoak, Juanjo Menaren zuzendaritzapean, bat egingo du Stephen Rough piano jolearekin, Vaughan Williams, Sergei Rachmaninoff eta Edward Elgar maisuen lanak jasoko dituen musika programa zabala eskaintzeko. Kontzertua maiatzaren 16an izango da, eta BBKk eta Bizkaiko Foru Aldundiak lagunduko dute. Orkestra handi baten, piano jole bikainaren eta nazioarteko zirkuituan ospe gehien duen zuzendarietako baten konbinazio ezin hobea dastatzeko aukera paregabea izango da. Gogoratu beharra dago, aurretik, Juanjo Mena Bilboko Orkestra Sinfonikoaren Zuzendari, Genoako Carlo Felice Antzokiko Zuzendari Gonbidatu Nagusi eta Bergeneko Filarmonikako Zuzendari Gonbidatu Nagusi izan dela.

Programazioaren beste harribitxi bat Anne-Sofie von Otterrek Brooklyn Rider laukotearekin batera eskainiko duen kontzertua izango da. Kritikaren iritziz bere belaunaldiko mezzosoprano hoberenetakoa den Anne-Sofie von Otter mundu osoko auditorio garrantzitsuenetakoetan aritu da, hainbat lan argitaratu ditu eta ospe handiko sariak jaso ditu, Ahozko Interpretazio Klasiko Hoberenaren Grammya edo Diapason d’Or izenekoa, besteak beste. Horrez gain, bere moldakortasunari eta izpiritu berritzaileari esker, lirikatik haraindi dauden alorretan ere aritu da, Elvis Costello edo Brad Mehldau piano jolea bezalako artistekin lan eginez. Brooklyn Rider taldeari dagokionez, rock izar gazteen indarrarekin jotzen duten lau musikari klasiko dira. Kamerako musikaren etorkizuna omen den taldearen zuzeneko emanaldia gertuago dago XXI. mendeko ensemble bizi eta sortzailetik ohiko kamera laukotetik baino. Anne-Sofie von Otterren eta Broklyn Riderren arteko baturak magia ekarriko du agertokira maiatzaren 25ean. 

James Rhodesen zuzenekoak ere zer esan asko ekarriko du. 41 urte dituen piano jole britainiar karismatiko, bizi eta talentuz betea, mundu osoan musika klasikoa gehien zabaltzen ari den artistetakoa da. Baina oso ikuspegi desberdina eskaintzen dio agertoki gainean, ikus-entzuleekin elkarrekintzan arituz, emozioak konpartituz eta stand up estilo berezia erakutsiz. Horrekin guztiarekin oso ukitu pertsonala eta rock and roll puntua ematen dizkio musika klasikoari. Martxoaren 15ean izango da Arriagan.

Aipagarria ere, Arriaga Antzokiaren eta BOS-Bilbao Orkestra Sinfonikoaren arteko lankidetzari esker eskainiko den Nosferatu kontzertuak (martxoaren 29an). Ikus-entzuleak hunkitu egingo dira Nosferatu: una sinfonía de horror (1922) beldurrezko zineko klasikoaren proiekzioaren gainean eskainiko den zuzeneko musikarekin. W.F. Murnauren filma inoiz baino beldurgarriagoa izango da, 2003an Jose M. Sanchez Verduk idatzi zuen musikaz BOSek egingo duen interpretazioari esker. 

Gainera, Arriaga Antzokiak Euskal Herriko eta Estatuko goi mailako taldeetako batzuen azken lanen aurkezpen birak jasoko ditu. Horrela gertatuko da M-Clan (urtarrilaren 22an), Su Ta Gar (otsailaren 5ean), La Oreja de Van Gogh (otsailaren 26an), Anne Etchegoyen (maiatzaren 21ean) edo oraindik behin betiko datarik ez duen Maika Makovskyren kontzertuekin. Kepa Junkera ere arituko da, oraingo honetan Sorginak taldeak lagunduta, otsailaren 19an Maletak proiektua eskainiz ikus-entzule guztiei.

Sarrerak salgai abenduaren 1ean 

2017ko urtarriletik ekainera bitarteko ikuskizunetarako sarrerak abenduaren 1etik aurrera egongo dira ikus-entzuleen esku Arriaga Antzokiaren ohiko salmenta guneetan: www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

La Oreja de Van Gogh taldearen kontzerturako sarrerak azaroaren 15ean jarriko dira salgai. 

Webgune berria

Gaur astelehena, azaroak 7, Arriaga Antzokiak bere webgune berria estreinatuko du. Diseinu modernoagoa du, eta nabigazio intuitiboagoa eta erosoagoa eskainiko die erabiltzaileei: www.teatroarriaga.com .