Jendearen gustukoa izango den ziurtasunaz mintzo dira dokumentaleko egileak. "Emozio ikutuak dituelako, oso dibertigarria delako, eta batik bat oso didaktikoa delako", dio Fernando Garcia Regidor zuzendariak konpartsakidez beteriko Arriaga Antzokian. Didaktikoa da "jende askok ezagutzen ez duen Aste Nagusiaren pasarteen berri" ematen duelako.
"Adin kontuengatik, hiritar askok pentsatzen dute Aste Nagusia betidanik hemen egon den ekimena dela, baina benetan erlatiboki gaztea den jaia da". Egungo Aste Nagusiaren sorrerako zirrikituak azaltzen ditu dokumentalak hainbat testigantzen bidez, protagonista eta lekuko izan ziren horien hitzen bidez. 1977tik 1983ra arteko "zirrikitu konplexu, bitxi eta emozioz beterikoak" kontatzea garrantzitsua dela irizten diote "Aste Nagusia bezalako jai baten jatorria ezagutzea funtsezkoa delako egungo Aste Nagusia ondo ulertzeko eta lantzeko. Oinarrizkoa delako Aste Nagusiaren memoria egitea".
Atzoko estreinaldiaren ostean, helburua dokumentalari ahalik eta zabalpen handiena ematea da, "ahalik eta jende kopuru handienak ikustea" da. Horregatik Bilboko Konpartsaken web gunean ikusgai dago jada, baita beste hainbat plataforma digitaletan ere (besteak beste, URIOLAn) "jendeak erraz ikus dezan".
Argazkiak: Bilboko Konpartsak, Eguzkizaleak, Piztiak eta Kaskagorri konpartsa