Oroimenaren Eguna ospatzen da gaur

uriola.eus 2016ko aza. 10a, 09:00

Udalak Oroimenaren Eguna ospatuko du gaur, Casilda Andrea Parkeko pergolaren ondoan kokatuta dagoen monolitoan, herritarren partaidetzarako irekita dagoen lore-eskaintza batez.

Lore-eskaintza 12:00etan hasiko da Juan Mari Aburto Alkateak zuzenduta, gainerako udalkideak nahiz hiriko hainbat erakunde eta gizarte-eragileren ordezkariak aldean dituela.

Aurten ere, herritarrei, elkarteei eta eremu soziokulturaleko nahiz auzoetako kolektiboei, ospakizun honetan parte hartzeko deia luzatu diete. 2015ean, sentsibilitate politiko guztien ordezkariak, Bizkaiko erakunde nagusietako kideak eta zeinu guztietako biktimak bat eginda agertu ziren biktima guztien omenez eta oroimenez antolatutako ekitaldi batean.

Oroimenaren Eguna 2010eko maiatzean ezarri zuten Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusiek. Azaroaren 10a aukeratu zuten, egun horretan ez baita inoiz heriotza-atentaturik gertatu.

EH Bilduk Kasilda parkeko monolitoaren izen-aldatzea beharrezkotzat jotzen du

Koalizio ezkertiarrak eguerdiko lore-eskaintzan parte hartuko du. Hala ere, beste urte batez, Juan Mari Aburtori Kasilda Parkean dagoen monolitoaren izena aldatzea eskatu diote. Aitziber Ibaibarriagaren esanetan, “beharrezkoa da monolitoa inklusiboa izatea eta biktima guztiak aintzat hartzea”.

Izan ere, Ibaibarriagak gehitu du, egungo izenak “ez dituela hainbat biktima aintzat hartzen”. “Nahiz eta biktima guztiak kontuan hartu nahi izan, gaurko ekitaldia, guztiak aintzat hartzen ez dituen sinbolo baten aurrean egingo da”.