Ohikoa denez, topaketa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte. Ezin izango da aretora sartu ekitaldia hasi ondoren. Oraingo honetan, moderatzailea, literaturan espezializatutako Iñaki Esteban kazetaria izango da. Moderatzaileak umorean oinarrituta aztertuko ditu idazle bien lanak eta lan horietan agertzen diren elementu kritikoak, eta baita bakoitzaren konpromisoa ere, egile batentzat bere lanaren bitartez jarrera kritikoa erakustea beharrezkoa den ala ez ikusteko.
Eduardo Mendicuttik (Sanlucar de Barrameda, 1948) lan handia egin du literaturaren munduan, eta, horrekin batera, hainbat komunikabidetan ere jarduten da. Hamabi lan baino gehiago idatzi ditu, eta lan horietan konpromisoz betetako literatura landu du –umorea ahaztu barik–. Azpimarratzekoak dira Siete contra Georgia, Una mala noche la tiene cualquiera, El palomo cojo (Jaime de Armiñanek zinerako moldatua), Los novios bulgaros (Eloy de la Iglesiak zinerako moldatua), Yo no tengo la culpa de haber nacido tan sexy, El beso del cosaco, El angel descuidado, California, Ganas de hablar, Mae West y yo eta Otra vida para vivirla contigo. Bere azken eleberria Furias divinas da.
Felipe Benitez Reyesi (Rota, 1960) dagokionez, ia genero guztiak hartzen dituen literatur lana egin du, eta aintzatespen garrantzitsuak lortu ditu, Kritikaren Saria eta Literatura Sari Nazionala, besteak beste. Idatzi dituen eleberrien artean Humo (Ateneo de Sevilla Saria 1995ean), La propiedad del paraiso, El novio del mundo eta El pensamiento de los monstruos azpimarra daitezke. Egin duen poesia lana Trama de niebla liburukian jasotzen da. Bere liburuak itzuli eta Frantzian, Italian, Errusian, Errumanian, Portugalen eta Estatu Batuetan argitaratu dira. 2007an Nadal Saria lortu zuen Mercado de espejismos lanarekin.
El azar y viceversa bere azken eleberria, pikareskaren mekanismoetatik era librean mugitzen den pertsonaia saiatu baikor eta malenkoniatsu batean oinarrituz kontzientzia eraikitzea bilatzen duen istorioa da.
Hamargarren edizioa
2007ko urtarrilean 'Eztabaidak literaturarekin' egitaraua martxan jarri zenetik, 270 egile inguruk hartu dute parte ekimenean, eta 9.500 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Denbora tarte horretan, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoak hainbat idazle bikoteren arteko elkarrizketak jaso ditu, Ana Maria Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marias eta Toti Martinez de Lezea, Maria Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vazquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regas edo Juan Jose Millas eta Pedro Ugarte, besteak beste.
Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleengana hurbiltzeko modu berria da, jende aurreko elkarrizketaren edo eztabaidaren bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literaturarekin elkartzeko topalekua eskaintzea da, bestelako ikuspegi batetik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitektura, musika, bidaiak edo matematikak, besteak beste), edo literaturaren genero batean zentratuz, genero horretan sakonduz, egileen euren eskutik.