Gaur abiatuko dira 'Bilbo AurreraGo!' prosezuko solasaldi informatiboak

uriola.eus 2016ko aza. 14a, 08:20

Gaurtik azaroaren 17ra bitartean, herritarrek Hiri Antolaketarako Plan Orokorra Herritarren Partaidetzaren bidez berrikusteko 'Bilbao AurreraGo!' Prozesuaren barruan egingo diren solasaldi informatiboetan parte hartu ahalko dute zortzi barrutietan; horrela finkatu nahi da datozen hamarkadetako uriaren eredua.

Solasaldi informatiboak nahitaezkoak dira barrutiko lantaldeetan euren kabuz parte hartu nahi dutenentzat; lantaldeok aurtengo azarotik 2017ko otsailera bitartean eratuko dira.

Solasaldi informatiboetara joateaz gain, barrutietako lantaldeetan parte hartu ahal izateko nahitaezko baldintzak izango dira inprimakia betetzea webgunean (www.bilbao.eus/aurrerago/inscripcion) edo inprimakia barrutietako udaltegiren batera eramatea azaroaren 18a baino lehenago, baita Bilbon erroldatuta egotea eta 16 urtetik gorakoa izatea. Web orriaren bidez bakarrik parte hartu nahi dutenek inprimakia bete behar dute.

Saio horietan Plan Orokor berrian uri osorako zein barrutietarako aurkeztutako proposamenez eztabaidatuko da. Parte-hartzaileak 320 izango dira. Euren kabuz parte hartu nahi dutela adierazten dutenen kopurua barruti bakoitzerako finkatutakoa baino handiagoa bada, zozketa egingo da adinaren eta generoaren arabera, betiere gizartearen lagin adierazgarria ziurtatze aldera.

Lau saio informatzeko, eztabaidatzeko eta ondorioak ateratzeko

Lantaldeetako saioak barrutietan izango dira aurtengo azarotik 2017ko otsailera bitartean. Guztira lau saio izango dira: bat HAPOri eta urirako zein barrutirako proposamenei informazio orokorra emateko; bi eztabaidatzeko saioak izango dira, eta azkena mahaietan eta lantaldeetan lortutako ondorioak jaso eta itzultzeko. Bilboko Herritarren Kontseiluan eta Plangintzarako Aholku Batzordean aurkeztuko da horren guztiaren txosten laburra.

Behin HAPOren Aurrerapenerako egindako ekarpenak jasota, jendaurrean egongo da hilabete biko epean, interesatutako eragileek eta herritar guztiek iradokizunak eta alternatibak aurkeztu ahal izateko. Epe hori iraganda, Bilboko Udalbatzak erabaki beharko du zeintzuk diren HAPO berria idazteko kontuan hartuko diren irizpideak, alternatibak eta proposamenak. Horren idazketa 2017tik aurrera izatea dago aurreikusita.

Solasaldi informatiboen egutegia

1. Deustu. Deustuko Udaltegia: azaroak 14

2. Uribarri. Castañoseko Udaltegia: azaroak 15

3. Otxarkoaga-Txurdinaga. Txurdinagako Udaltegia: azaroak 14

4. Begoña. Begoñako Udaltegia: azaroak 16

5. Ibaiondo. Ibaiondoko Udaltegia: azaroak 15

6. Abando. Abandoko Udaltegia: azaroak 17

7. Errekalde. Errekaldeko Udaltegia: azaroak 16

8. Basurtu-Zorrotza. Basurtuko Udaltegia: azaroak 17

Hitzaldi guztiak 19:00etan hasiko dira.