Coleccion Maestros de la Novela Historica (Ed. Altera) bildumaren barruan dagoen lanak hiru konposatzaile handiren bizitzan ezkutatuta dagoenari buruzko hiru kontakizun historiko jasotzen ditu: Joseph Haydn, Ludwig van Beethoven eta Juan Crisostomo Arriaga. Ekitaldia streamingez eskainiko da www.kulturguneatb.net webgunearen bitartez.
La cara oculta de la biografía, hiru konposatzaile handiren biografiek osatutako triptikoa da. Aurretik hitzaurrea du, eta bertan, egileak, hainbeste elementu komun dituzten, eta aldi berean hain desberdinak diren, hiru bizitza horiek liburuki batean jasotzearen zergatiak azaltzen ditu.
Hiru biografia horiek ez dute biografia gehienen ohiko edukia ezta narrazio egitura ere: Joseph Haydnena, jeinuaren eta bere lehenengo biografoa izan zen G. A. Griesingerren arteko elkarrizketa gisa aurkezten da. Elkarrizketa horren bitartez biografoaren eta biografiatuaren arteko topaketa osatzen da, "gizartearen ikuspegitik zuzena" izango den biografia idazteko lanaz haraindi.
Beethovenen biografiari dagokionez, bere bizitzako azken hamarkadan zentratzen da: Karl ilobarekin eta Johanna koinatarekin duen harremanak alderdi mingarria eta patologikoa agerrarazten du jeinu handiaren izaeran. Biografo gehienek ez dute alderdi hori ikertu nahi izan.
Amaitzeko, Juan Crisostomo Arriagari buruzko biografiak, konposatzaile gazteak Parisen izandako bizimodua dokumentatzen du: bere bizitzako azken urteak, 20 urte baino ez zituela tuberkulosiaren ondorioz hil aurretik. Lehenengo arrakastekin batera, bakardade mingarria ere bizi du eta familia itxaropen guztiak goitik behera erortzen ari direla ikusten du. Hiru jeinu handiren hiru bizitza, berriro ere, sorkuntzaren plazeraren ondoan artistaren mina eta artistak bere ingurunearekin dituen tentsioak erakusten dizkigutenak.
Francisco Delgado Montero (Salamanca, 1948) Psikologian Doktore da Salamancako Unibertsitatetik, Lazarillo de Tormes testuaren azterlan psikoanalitikoari buruzko doktoretza tesiarekin. Psikologo klinikoa Madrilgo Unibertsitate Konplutensetik, hainbat ospitaletan egin du lan, psikologo lanbidearekin batera, idazle eta sorkuntza artistikoaren alorreko ikerlari bokazioa uztartuz.
UAMeko Psikologia Fakultateko ohorezko irakasle, Sociedad Española de Psicodrama izenekoaren kide sortzaile eta hainbat argitalpenen egile da, konposatzaileen eta eleberrigileen biografien azterketara aplikatutako psikopatologia espezialitatean. Aztertu dituen artisten artean Cervantes (Un manuscrito encontrado en Esquivias, 2007), D. Scarlatti (Sonatas para el exilio de una reina, 2010) edo Juan Crisostomo Arriagaren azken urteei buruzko biografia-eleberria (El baul de Arriaga. Diario de un musico en Paris, 2011) daude. Musika zale amorratua, gazte zela hasi zen pianoa ikasten; Bachen lanak sortzen dion mirespena Yo conocia Bach, el musico de Dios eleberrian erakutsi zuen.