'Elikagaien bonua' sustatuko du Bizkaiko Elikagaien Bankuak aurtengo 'bilketa handian'

uriola.eus 2016ko aza. 17a, 09:46

Iñigo Pombo Gizarte Ekintzako zinegotzia eta M.A. Fernandino Bizkaiko Elikagaien Bankuko presidentea

Azaroaren 25 eta 26an, 'elikagaien bilketa handia' antolatu du Bizkaiko Elikagaien Bankuak 280 establezimenduren parte-hartzearekin eta 5.000 boluntarioren laguntzarekin, besteak beste. Iaz bildutako miloi bat kilo elikagairen markaren ostean, aurtengo erronka "elikagaien bonuaren erabilpena sustatzea" da, "biltegiratze eta garraioko arazoak saihesteko eta banatzen diren produktuak era askotakoak izatea ahalbidetzeko". 

Iaz milioi bat kilo elikagai lortu ziren Bizkaia osoan bildutako dohainei esker. "Arrakasta handia izan zen, parte hartu zuten guztien ahalegin eta eskuzabaltasunari esker", Miguel Angel Fernandino Bizkaiko Elikagaien Bankuko presidentearen esanetan.

Aurtengoan ere, herritarrak animatu nahi ditu Fernandinok "gogoberotasun eta ahalegin partekatu uholde honekin bat egitera". Aurtengo edizioan ziurtatuta daude 280 establezimenduren parte-hartzea eta 5.000 boluntarioren lana. Baita Bilboko Udalaren babesa ere.

 

Elikagaien bonua

Aurtengo berritasun nagusia "establezimendu guztietan" eskuragai izango den 'elikagaien bonua' izango da. Bonu horiek denda batzuetan jarri ziren esperientzia pilotu modura iazko edizioan, "arrakasta handiz". Abantaila eskaintzen dute bonuek, izan ere, elikagaiengatik truka daitezke "beharrezkoagoa denean; horrela, biltegiratze edo garraioko arazoak saihestuko dira eta banatzen diren produktuak era askotakoak izatea ahalbidetuko da".

Dohaintza egiteko modu hori (umeen elikagaietarako bonu berezi bat barne) establezimendu laguntzaileetan eta Bizkaiko Elikagaien Bankuaren webgunean egin daiteke.

 

Fair Saturday 2016ko inaugurazio kontzertua

Gainera, eta aurreko edizioetan egin den moduan, kanpaina egun batzuk lehenago hasiko da kontzertu solidario batekin. Aurten, Bilboko Campos Antzokian arituko dira azaroaren 23an, 20:00etan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Fernando Velazquez zuzendari eta konpositorea, Ken Zazpi, Zea Mays eta Doctor Deseo.

Fair Saturday 2016 mugimenduaren barruan (mugimendu globala, soziala eta kulturala, artearen eta kulturaren bidez mundua aldatu nahi duena), kontzertuak ekimen honi hasiera emango dio Bilbon eta Bizkaiko Elikagaien Bankuaren aldeko funtsak biltzeko balio izango du.

Informazio gehiago eta sarreren salmenta

[2016-11-15] Kontzertu handia Bizkaiko Elikagaien Bankuari laguntzeko