Zinexitek 'Ama, nora goaz?' filmaren estreinaldiarekin itxiko du aurtengo edizioa

uriola.eus 2016ko aza. 17a, 09:56

Eusko Jaurlaritzaren Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak antolaturiko Zinexit, Bizikidetzaranzko Zinema Erakusketak gaur, osteguna, emango dio amaiera bere zazpigarren edizioari Ama, nora goaz? dokumentalaren erabateko estreinaldiarekin.

1937an, agintari frankistek Gipuzkoako 14 herritik kanporatu, eta euren haurrak besoetan harturik, nora joan ez zekitela alde egin behar izan zuten emakumeen bizipenak azaltzen dizkigu dokumental honek. Filmak paralelotasun bat egiten du egungo siriar errefuxiatuen krisia eta Guda Zibilean gudarien emazteek bizi izandako dramaren artean. Arratsaldeko 19:30ean Azkuna Zentroko Golem zinemetan (1. Aretoa-Azkuna Zentroa) izango den emanaldiaren ostean, Iban Gonzalez, filmaren zuzendaria eta filmean bere lekukotasuna ematen duen emakumeetako batekin izango den solasaldian parte hartu ahalko dute ikusleek. Sarrera doakoa da edukiera bete arte eta baina sarrerak leihatilan jaso behar dira.

80 urtetan zehar eta liburuetan aztertu edota pantailarako burutu diren Guda Zibilari buruzko gertakari asko izan diren arren, bada beti isilarazi den bat: kolpisten aldeko herrietako agintariek beharturik, negu gorrian haurrak hartu eta zeukaten guztia utziz, nora ezean jarritako gipuzkoar errepublika zaleen aldeko borrokalarien emazteena. Guztira, Gipuzkoako hamalau herritako mila emakumek alde egin behar izan zuten, hasiera batean Bizkaira eta gero Frantziara babes bila eta iritsiko ez zen errepublikar garaipenaren zain.

Karmelo Vivanco eta Idurre Cajaravillek ekoitzitako dokumental honetako Iban Gonzalez zuzendariak eta Jon Gonzalo gidoigileak exodo hartako emakumeetako batzuen lankidetza izan dute; garai hartan haurrak baino ez ziren egungo emakume hauek, muturreko babesgabetasun egoeran euren amek zeukaten ziurtasuna gogoratzen dute. Edurne Aizpurua, Lore Albizu, Margari Albizu, Josune Sasiain, Lide Balenciaga, Agate Sodupe, Tere Larrar, Itziar Sagarzazu, Matilda Aizpurua, Garbiñe Andonegi, Arantza Bullain eta Anita Usiain, Barbara Rivas eta Esther Remiro aktoreen laguntzarekin, kameraren aurrean jartzen dira film honetan, Zumaiako euren etxeak utzi beharraren sentimendu ikaragarria 60 minutuz azaltzeko eta euren amei egindako Ama, nora goaz? galdera gogoratzeko.

Zinexit zabaltzen ari da 

Lehenengo aldiz zazpigarren ekitaldi honetan, Zinexitek bere programazioa zabalduko du beste euskal udalerri batzuetara Bizikidetzaranzko Zinema Erakusketa honetaz herritar gehiagok goza dezaten. Hortaz, urte honetan Zinexitek hasiera eman dio zabaltze bide honi honako lau herri hauetan: Barakaldo, Basauri, Sestao eta Vitoria-Gasteiz. Bilbon bezala, filmen emanaldien ondoren solasaldia izango da ikusleekin, eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. Beraz, Marzia my friend dokumentala azaroaren 23an, asteazkena, 19:30ean ikusi ahal izango da Barakaldo Antzokian eta azaroaren 25ean, ostirala, 19:00etan Vitoria-Gasteizeko Vital Kutxako Aretoan (CC Dendaraba). Zinexit Basauriko Social Antzokira iritsiko da ere azaroaren 30ean, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan Taj Mahal filmarekin. Hauez gain, Jjan den urriaren 26an, asteazkena, Sestaoko Musika Eskolan, Karmelo Vivancoren El valor de la autocritica, dokumentala eskaini zen, 2015eko Zinexiti amaiera eman ziona.