Jeronimo Martin Sexteto 'Jazz Bilbao Gau-Txori' zikloko hurrengo kontzertuko protagonista

uriola.eus 2016ko aza. 17a, 07:45

Kontzertua bihar, ostirala, azaroak 18, ospatuko da NH Villa de Bilbao hotelean 2 emanalditan: 20:30 eta 23:00etan.

Jazz Bilbao Gau-Txori gaueko programa da, eta euskal jazzaren arloan suspertzen ari diren figurei balioa ematea du xede. Bi emanaldi izango ditu Gau-Txori kontzertu bakoitzak; 20:30ean bata, 23:00etan bestea, eta NH Hesperia, Carlton, Indautxu eta NH Villa de Bilbao hoteletan izango dira.

Esan bezala, Bilboko lau hoteletan izango diren zortzi kontzertu bilduko ditu guztira Gau-Txori programak. Dagoeneko oholtza gainean ikusi ikusi ditugu Carlos Velasco hirukotea (irailaren 16an), Ruben Salvador (irailaren 30ean), FMA hirukotea (urriaren 14an), Jose Luis Canal hirukotea (urriaren 28an) eta Victor de Diego hirukotea (azaroaren 4an). Jeronimo Martin seikotearen kontzertua eta gero (azaroaren 18an), Abraham de Roman seikotearen (abenduaren 2an) eta Collado-Garcia-Benito hirukotearen (abenduaren 16an) emanaldien txanda izango da.

Jeronimo Martin musikari eklektikoa da, eta hainbat alorretan lan egiten du, hala nola musika klasikoan, jazzean, inprobisazio librean eta konposizioan. Horrez gain, antzerkirako eta dantza eta antzerkia uztartzen dituzten ikuskizunetarako musika ere idazten du.

Errezitaldiak eskaini ditu bai bakarka, baita ganbera-musika eta jazz estiloetako hainbat talderekin batera ere. Gontzal Mendibil, Txema Murugarren eta Markos Untzeta euskal kantautoreekin elkarlan estuan aritu izan da kontzertu eta grabazioetan.

2004. urtearen bukaeran buru gisa bere lehen proiektu musikala eratu zuen, bere izena daraman hirukotea sortuz. Hasier Oleaga eta Javier Mayor musikariekin batera bere konposizio propioak eta moldaketak interpretatu zituen. 2012an Jeronimo Martin Sexteto taldearekin bere bigarren diskoa, 'Quinoa', argitaratu zuen eta 2016an 'Capturas' argitaratu du, bakarlari bezala pianoa jotzen duelarik musika inprobisatuarekin.