Bilbon 5.453 etxebizitza daude hutsik, inor erroldatu barik eta ur kontsumo barik. Horiek Bizkaiko hiriburuko eraikinen parkeko %3,3 dira. Datu hori Etxebizitza Saileko zinegotzi den Goio Zurrok aurkeztu duen Etxebizitza hutsei buruzko txostenean dago.
Aurkezpenean, Zurrok azaldu du “etxebizitzaren inguruko politika publikoaren jarduera-ildo nagusi bat hutsik dauden etxebizitzak detektatzea eta alokairuaren merkatura ateratzea da. Hala ere, hutsik dagoen etxebizitza zer den definitzea eta auzo bakoitzean daudenak identifikatzea da zailtasun handienetako bat politika horiek ezarri ahal izateko”.
Ildo horretatik, gaur aurkeztu den azterlanak iturri desberdinetatik hartutako datuak uztartu ditu. Esaterako, Bilboko biztanleen errolda kontsultatu da (erroldatutako pertsonarik ez daukaten etxebizitzak), Ur Partzuergoa (ur-kontsumoa etxeetan), Jarduera Ekonomikoen Zergari buruzko datuak (negozioak etxeetan) eta Eusko Jaurlaritzako alokairuen bermeen gordailuaren datu-basea.
Datu horiek gurutzatuta, 5.453 etxebizitza zenbatu dira inor erroldatu barik eta ur-kontsumo barik; beste 3.269 gehitu daitezke, gutxi erabiltzen diren etxeak baitira (inor erroldatu barik eta urtean 19 m3tik beherako ur-kontsumoarekin). Guztira, 8.722 etxebizitza izango lirateke hutsik egotearen zantzuekin. Hortaz, eraikinen parkeko %5,3ra iritsiko litzateke.
Barrutika eta auzoka
Etxebizitza hutsei buruzko Txostena osatzeko, katastroaren arabera hutsik dauden pisuei buruzko datuak erabili dira: kokapena, azalera eta noiz eraikin ziren. Horrela, bada, barrutika, Ibaiondon dauden etxebizitza huts gehien (1.118). Gero datoz Abando (1.094), Errekalde (941), Uribarri (616), Basurtu-Zorrotza (555), Deustu (501), Begoña (412) eta, azkenik, Otxarkoaga-Txurdinaga (216).
Barruti bakoitzean hutsik dauden etxebizitzen ehunekoari dagokionez, Abando eta Errekaldek dauzkate tasarik altuenak (% 4,5 eta % 4,3, hurrenez hurren), eta gero datoz Ibaiondo (%4), Basurtu-Zorrotza (%3,6), Uribarri (%3,3), Deustu (%2,2), Begoña (%2,1) eta Otxarkoaga-Txurdinaga (%1,9).
Auzoka egindako azterketa zehatzago batean, Abando, Altamira, Arabella, Begoña, Zazpi Kaleak, Loruri, Iturrigorri-Peñascal, Larraskitu, Olabeaga eta San Frantzisko auzoek %4tik gorako batez bestekoa daukate; % 3 eta % 4ren artean daude Ametzola, Atxuri, Indautxu, Iralabarri, Masustegi, Matiko, Miribilla, Otxarkoaga, Errekaldeberri, San Adrian, Uretamendi eta Zabala; eta %3tik beherako ratioa dago Arangoiti, Begoña, Bilbo Zaharra, Bolueta, Castaños, Ibarrekolanda, Abusu, Deustuko San Pedro, San Ignazio, Santutxu, Solokoetxe, Txurdinaga, Uribarri, Zorrotza eta Zurbaran auzoak.
Neurria eta urteak
Batez beste, Bilbon hutsik dauden etxebizitzek 76 m2 dauzkate. Etxerik handienak Abandon daude (110 m2), gero dago Ibaiondo (81 m2); beste muturrean daude Begoña (70 m2) eta Otxarkoaga-Txurdinaga (67 m2).
Hutsik dauden etxebizitzak noiz eraiki ziren galdetzen badugu, ia guztiek dauzkate 50 urte baino gehiago. Ibaiondoko Barrutian (Zazpi Kaleak bertan daudelarik) daude etxebizitzarik zaharrenak, batez beste 83 urte baitauzkate. Beste muturrean daude Deustuko eta Otxarkoaga-Txurdinagako pisuak, batez beste 52 urtekoak.
Esperientzia pilotua
Aurkeztu den txostena oinarritzat hartuko da esperientzia pilotu bat abian jartzeko, alokairura atera daitezkeen etxebizitzak identifikatzeko eta etorkizunean alokairu soziala sustatuko duten neurriak ezartzeko. Esperientzia pilotu horren bitartez, “zehatzago jakingo da zergatik dauden hutsik etxe horiek" (bigarren etxebizitzak dira, jabeak laneko arrazoiengatik aldatu dira, osasun arazoengatik, dependentziagatik, gizarte-larrialdiengatik…). Hain zuzen ere, jabeak elkarrizketatuko dira eta bertatik bertarako informazioa jasoko da auzoei eta eraikinei buruzko egoeraren inguruan.
Esperientzia pilotua osatzeko, taldeko dinamikak egingo dira hutsik dauden etxeak merkatura ateratzeko aplika daitezkeen neurri posibleei buruz eztabaidatzeko, eta Europako eta Espainiako beste udalerri batzuetako jardunbide egokiak aztertuko dira.