Etxerik gabe pertsonei ostatua emateko neguko dispositiboa martxan da

uriola.eus 2016ko aza. 21a, 09:15

Udalak abian jarriko du gaur gauean, azaroak 21, bizitokiaren aldetik bazterkeria-egoera larrian dauden pertsonentzako neguko dispositibo berezia. Horretarako, 20 plaza irekiko dira Claret zentroan, eta Uribitarteko Aterpetxean dauden plazetatik 26 egokituko dira. Hotz handia egiten duenerako 8 ohe gehiago egongo dira Claret Sozial Fondoaren zentroan eta 15 Kastrexanako 'Bilbao Aterpetxean'.

Hiriko kaleetan bizi diren etxerik gabeko pertsonak eta, plaza nahikorik ez dagoelako, baldintzak betetzen ez dituztelako eta bestelako arrazoiak medio, larrialdietako ostatuen sare egonkorrean edo beste egoitza-aukeraren batean ez dauden pertsonak dira zerbitzu honen jasotzaileak. Ostatua emateko zerbitzua da, baldintza klimatologikoak gogorrak diren hilabeteetan etxerik gabeko pertsonei ostatua emateko; eta horrela hotzaren eragina gutxitu eta haien osasuna babesten dute. Oheaz gain, gosaria eta afaria ere ematen zaizkie.

Zerbitzurako sarbidea aurreko urteetako berbera izango da: ohiko sarbidea Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuak (Uribitarte kalea 11. Tel.: 944701460) kudeatutako oinarrizko prestazioetarako Sarbide Programaren bitartez egingo da, eta presazko sarbidea kaleko taldearen edo Bilboko Udaltzaingoaren bitartez. Ahultasun-egoera batean dauden pertsonak detektatzeko Bilboko Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta eguneko baliabideekin, hau da, besteak beste, eguneko zentroekin eta jantoki sozialekin elkarlanean lan egiten da.

Neguan aterpean sartzeko erabiltzaileek bete behar dituzten baldintzen artean hauexek daude: adinez nagusia izatea, baliabide ekonomikorik ez edukitzea, beharra edukitzea, Bilbon jarraian hiru hilabetez egotea, krisi-egoera larrian ez egotea edota bizikidetzaren arloan jokaera onartezinak ez edukitzea, hirugarren pertsona baten laguntza behar duen mendekotasun-egoeran ez egotea, gaixotasun infekzioso-kutsakorrik ez edukitzea tratamendu mediko barik eta ostatu-baliabideetan zigor larri edo oso larria ez edukitzea.

Ostatuak

Udalak eta Claret Sozial Fondoak 2015ean hitzarmen bat sinatu zuten zerbitzu hau emateko lehen aldiz. Hori berritu dute ekitaldi honetan ere zerbitzu hori emateko. 20 plaza daude: 14 gizonentzat eta 6 emakumeentzat. Baldintza meteorologiko oso txarrak daudenean zerbitzu berean beste 8 plaza jartzen dituzte.

Gauean Harrera Emateko Udal Zerbitzuan 26 ohe prestatuko dira, Uribitarten. Eskaria eta hotz-boladak kontutan hartuta, 15 plaza erreserbatu dira Bilbao Aterpetxea Hostelean.

Gizarteratzeko Prozesuak

Gizarte eta hezkuntza-arloko kaleko taldeak egiten duen lana funtsezkoa da erabiltzaileak Udalak dituen baliabideetara hurbiltzeko. Horiek horrela, kaleko taldeak presentzia handiagoa izango du. Gizarte-langileek etxerik gabeko pertsonei arreta berezia eskaintzen diete adinagatik, osasun-arrazoiengatik edo emakumeak izateagatik behar handiagoa dutenei. Gainera, ordutegien eta dispositibora sartzeko moduen berri ere ematen diete. Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuak, behar izanez gero, lagun egiten die eskaria egiteko. Lan honi esker, erabiltzaile askoren prozesuak sendotu dira eta baliabide iraunkorrak egonkortasunez erabiltzen hasi dira.

240 plaza Harrera emateko gaueko zentroetan 

Etxerik gabeko pertsonei ostatu emateko Bilbok baditu gaueko zentro batzuk. Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuak kudeatzen ditu zentroak modu zentralizatuan.

- Elexabarriko Udal Aterpetxean 71 plaza daude, egonaldi labur eta ertainetarako. Caritasek kudeatzen duen Lurberri Etxean 25 plaza daude, egonaldi luzeetarako.

- Gauean harrera emateko udal zerbitzuak Uribitarteko Aterpetxean: 83 plaza.

- Lagun Artean gaueko zentroan: 32 plaza.

- Federico Ozanam aterpetxean: 10 plaza.

- Hontza gaueko zentroan: 19 plaza.

2015eko Negua

Aurreko urteko neguan, 2015eko azaroaren 20tik 2016ko apirilaren 12ra, udal zerbitzu honek 392 pertsonari eman zien laguntza: 109 pertsonari Claret Sozial Fondoan; 255 laguni Uribitarten gauean harrera emateko Uribitarteko udal zerbitzuan eta 28 pertsonari Bilbao Aterpetxean. Egonaldiak guztira 624 izan ziren.