Mundu osoko zinegile berrien 9 opera prima leihatuko dira Zinebi First Film dekzio berrian

uriola.eus 2016ko aza. 21a, 13:50

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, Zinebik, bost kontinenteetako zinegile berrien opera primei eskainitako nazioarteko lehiaketa berria estreinatu du 58. edizio honetan. Fikzio, dokumental eta animazio film luzeei zabalduta egongo den Zinebi First Film, ZIFF, sekzioaren lehenengo edizio honetan bederatzi filmek hartuko dute parte, eta horietako bost Estatu mailako estreinaldiak izango dira.

Mundu osoko film laburren lehiaketa beteranoenetako eta garrantzitsuenetako gisa duen nortasun historikoan oinarrituz, sari horren bitartez, film laburretan lan egin ondoren film luzeen munduan lehenengo pausoak eman nahi dituzten ekoizle eta egile gazteei laguntzen jarraitu nahi du Zinebik. Beste alde batetik, lehiaketaren bitartez ikus-entzuleek, zine garaikidearen panorama osatzen duen sorkuntzako joeren, estiloen eta argumentuen aniztasunera hurbiltzeko aukera izango dute.

Aukeratutako filmen artean azpimarragarriak dira Locarnoko Nazioarteko Zine Jaialdian (Suitza) urrezko lehoinabarra jaso zuen Ralitza Petrovaren Godless; Veneziako Nazioarteko Zine Jaialdiko Kritikaren Astean Opera Prima Hoberenaren Etorkizuneko Lehoia - Luigi de Laurentiis Saria irabazi zuen Ala Eddine Slimen Akher Wahed Fina; eta Locarnoko zinemaldiaren azken edizioan Gazteriaren Epaimahaiaren aipamen berezia lortu zuen Nele Wohlatzen El futuro perfecto ekoizpen lan argentinarra. 

Gaur goizean, zuzendaria bertan zegoela, azken film hori aurkeztu da Bilbon. Filmean, Nele Wohlatz, hartzen dituen herrialdeko hizkuntza ez jakitearren etorkin askok jasaten duten komunikazio ezaren drama pertsonalean murgiltzen da, egileak berak, bere jaiolekua zen Hannoverretik (Alemania) Argentinara heltzean bizi izan zuen zerbait, hain zuzen ere. Testuinguru horretan, El Futuro Perfecto lanak, besteek esaten dutena ez ulertzeak eta norberak esan nahi duena ezin ulertarazteak dituen ondorioak deskribatzen ditu.

Protagonista, Xiabon, Argentinara heltzean gaztelaniaz hitz bakar bat ere ez dakien 17 urteko neska gazte txinatarra da. Egun batzuk igarota, beste izen bat izango du, Beatriz, eta supermerkatu txinatar batean arituko da lanean. Bere familiak garbitegi batean egiten du lan, eta garbitegian bertan bizi da, argentinarrengandik urrun dagoen mundu paraleloan. Xiabonek, ezkutuan, dirua aurreztu eta hizkuntza eskolan izena ematea erabakiko du.

Nele Wohlatz (Hannover, 1982) da film berezi honen gidoilaria eta zuzendaria. Dokumentalarekin erlazio handia duen zinegileak, Argentinan gaztelania ikasteko ikastetxe batean bizi izandako esperientzia pertsonalaren parte bat erakutsiko digu. Istorioa kontatzeko, Hego Amerikako herrialde hartan ohiko bizimodua egin nahi duen eta erlazionatzeko orduan hizkuntzaren oztopoa aurkituko duen neska gazte txinatarraren bizitzan zentratzen du bere argumentua. 

Filmak ez du antzezle profesionalik, protagonista gehienak hizkuntza eskolako ikasleak dira. Filmean parte hartzean ikasi dituzten hitzak eta esaldiak ahoskatzeko aukera izango dute. Esperientziaren helburua Xiabonen, benetako protagonistaren, bizipenak laguntzea eta girotzea da. Prozedura dramatiko hori dela eta, gidoia oso bitxia eta interesgarria da. Estatu mailako estreinaldia den filma gaur arratsaldean, ikusi ahal izango da, 20:00etan, Golem – Alhondiga zine aretoetako 5. aretoan.