Lehenengo Eusko Jaurlaritza eta Bilboren arteko loturak ezagutzeko aukera

uriola.eus 2016ko aza. 22a, 11:13

Liburuaren egileak (Argazkia: www.sabinoarana.org)

Bilbon izan zen lehenengo Eusko Jaurlaritza gogora ekartzeko 80. urteurrena dela-eta, gaur Bilbao 700 Fundazioak argitaratu duen Lehen Eusko Jaurlaritza Bilbon, 1936-1937. Eusko lur gainean zutunik liburuari buruzko hitzaldia eskainiko dute egileek. 

Gerrari aurre egiteaz eta Bilbon bizitako aldi erabakigarriaz mintzatuko dira gaur 19:30ean Sabino Arana Fundazioaren gogoeta eta eztabaida mintzagunearen barruan, Lehen Eusko Jaurlaritza Bilbon, 1936-1937. Eusko lur gainean zutunik liburuaren sei egileak: Leyre Arrieta, Eider Landaberea, Miren Barandiaran, Iñaki Goiogana, Asier Madarieta eta Jose Antonio Rodriguez Ranz, hain zuzen ere.

Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Bilbao 700 Fundazioko zuzendari Miren Josune Ariztondok, besteak beste, bertan izango direla iragarri dute. 

Liburua Bilbogileak-Memoria de Bilbao proiektu berriaren lehenengo argitalpena da.

Liburuan jorratzen diren biografiek (lehendakariaren eta sailburuen biografiak), funtsean, lehen Eusko Jaurlaritzak Bilbon eman zituen 8 hilabeteko aldiaz dihardute, baina ez dituzte bazterrean utzi gertakari horretako protagonisten aurreko eta osteko ibilerak.

Lan honekin "Eusko Jaurlaritza hura osatu zuten gizon horien lan eskerga" ezagutarazi nahi da. Egileen esanetan, "balio etniko eta demokratikoak oinarri harturik, Agirre lehendakariak eraendutako gobernua gerraren aldekoa ez zen eta bakea merezi zuen herri baten zerbitzuan aritu zen. Historiako sasoi horren barruko ibilaldi sutsuan, gertakari gogoangarri horretan parte hartu zuten gizaseme guztiak ezagutzera eman eta haien gomuta ohoratu nahi izan da".

 

Argazkia: www.sabinoarana.org