Kalean bizi diren gizon eta emakumeak "pertsona gisa, herritar gisa" ikus ditzatela eskatu diete bilbotarrei Beste Bi plataformako kideek. "Eskubideak dituzten herritar gisa", alegia. Horretarako, beharrezkoa da etxerik gabekoeei begiratzea, "ikusezin" bihur ez daitezen. Pauso hori emateko eskatu diete hiritarrei, "elkartasuna" adierazteko.
Administrazio publikoei ere luzatu diete eskaria. Euskadiko etxegabetasuna desagerrarazteko konpromiso "bateratu eta argia", hain zuzen ere. Zehazki, gizarte-babesaren euskal sistemaren garapena exijitu diete: "Bereziki, gizarte-zerbitzuen zorroaren garapena eta etxegabetasuna desagerrarazteko estrategia lantzea eskatzen dugu".
Beste Biren iritziz, komunikabideek ere badute zeregina, besteak beste, etxerik gabe bizi diren pertsonen diskriminazioaren eta estigmaren kontra "mezu positiboak" sortzen.
Pertsona guztien eskubideak babesten dituen gizarte bat amets
EAEn 300 pertsonatik gorak egiten dute lo kalean, eta 2.000 baino gehiagok ez daukate etxerik Beste Biko kideek emandako datuen arabera. Guzti horiek "eskubiderik gabe geratzen dira, ikusezin bihurtzen dira", adierazi dute Areatzan, Sendejako estalpean buruturiko ekitaldian. "Baztertu, eraso eta ahaztu egiten ditu gizarteak… eta azkenerako duintasuna bera ere ukatu egiten zaie. Gizarte-bazterkeria krudelena bizi duten gizon eta emakumeak dira; ikusezinak, beren herrikideei axola ez zaizkienak. Euskadin urte asko irauten ari den egoera bizi duten gizon eta emakumeak dira, eta haien egoerak gizartea bidegabe eta ez duin bihurtzen du. Aurten ere gure ametsa aldarrikatuko dugu; gizarte zintzo, bidezko eta duin batekin amets egiten dugula; Euskadin bizi diren pertsona guztien eskubideak babesten dituen gizarte bat".
Argazkiak: mar de fueguitos @fueguitosalamar