Hiru lurraldetako ekoizpena da (Portugal, AEB eta Brasil) Um campo de aviação, aurtengo Zinebiko lan garailea. Ameriketan bizi den Joana Pimenta (1986, Lisboa) zinegilearen 14 minutuko dokumentala. Inguru surreal eta mistikoan, hegazkinen pistan eta auzo pobreetan, 50 urtek aldentzen dituen bi pertsonaren topaketa erakusten du. New York Film Festivalen eta Locarnoko zine jaialdian aurkeztu du Pimentak laburra, eta Bilbon saria nagusia eskuratuta jarraituko du bere bidea.
Bigarren urtez jarraian, Euskal Zinearen Sari Nagusia emakumeek irabazi dute. Oraingo honetan, protagonista emakumeak dituen 15 minutuko Gure hormek (2016, Dok, Euskadi) dokumentala zuzendu duten Maria Elorzak eta Maider Fernandezek (Las chicas de Pasaik).
Gure Hormek. Trailer. from Las chicas de Pasaik on Vimeo.
Juanjo Gimenezek zuzendutako Timecode (2016, Fik, Espainia) fikziozko film laburrak irabazi du Zine Espainiarraren Sari Nagusia. Horrez gain, Gerardo Naumann zinegilearen El trabajo industrial (2015, Fik, Argentina) film argentinarrak lortu du Film Latinoamerikar Hoberenaren Saria.
Zinebiko aurtengo edizioan 33 herrialdetako 71 film lehiatu dira Sekzio Ofizialean. Epaimahaiko kide izan dira Andrea Picard Kanadako idazle, zine kritikari eta programatzaile independentea, Corina Moldovan-Florea errumaniar ekoizlea, Krini Kafiris irakaslea eta Greziako komunikabideen ikerlaria, Jose Luis Rebollo konpositorea eta Virginia Garcia del Pino zinegilea.
Argazkian epaimahaikideak
Sariak generoz genero
Zine dokumentalaren atalean, Urrezko Mikeldia Eloy Dominguez Serenen Rust (2016, Suedia/Espainia) film suediar-espainiarrak jaso du, eta Elena Lopez Rieraren Las vísceras (2016, Espainia) dokumentalak irabazi du Zilarrezko Mikeldia.
Fikziozko film hoberenaren Urrezko Mikeldia, Eduardo Brito portugaldarraren Penúmbria (2016, Portugal) lanak irabazi du, eta kategoria horretako zilarrezko Mikeldiari dagokionez, Camilo Restrepo zinegile kolonbiarraren Cilaos (2016, Frantzia) filmak jaso du. Iaz, zinegile berak Urrezko Mikeldia jaso zuen La impresión de una guerra dokumentalarekin.
Animazioaren atalean, Urrezko Mikeldia Volker Schlechten eta Alexander Lahlen Kaputt (2016, Alemania) lanak irabazi du, eta Anna Budanovaren Sredi Chernyh Voln (2016, Errusia) filmak jaso du Zilarrezko Mikeldia.
Sari berria
Zinegile gazteen opera primei eskainitako Zinebi First Film (ZIFF) sari berriari dagokionez –fikziozko film luzeei, dokumentalei eta animaziozko filmei zabaldutakoa–, lehenengo edizio honetan, Xenia Rivery gidoilari kubatarrak, Jon Garaño zinegile euskaldunak eta Rita Azevedo Gomes zinegile portugaldarrak osatutako epaimahaiak Nele Wohlatzen El futuro perfecto ekoizpen argentinarrari eman dio saria. Fikzio horrek Opera Prima hoberenaren saria eta Gazteriaren Epaimahaiaren aipamen berezia lortu zituen Locarnoko Nazioarteko Zine Jaialdiaren azken edizioan.
Aurtengo edizioan jaialdian parte hartu duten euskal film laburren artean hiru sari banatu dituen SGAE Fundazioari dagokionez, hauek saritu ditu: Ivan Sokoloven Anónimo”, Gidoi hoberena; Aitor Gutierrezen Ulises, Zuzendaritza hoberena; eta Aritz Villodasen Jules D., Musikarik hoberena.
Amaiera
Zinebiren 58. edizioaren amaiera ekitaldia Jon Plazaola antzezle eta umoristak aurkeztuko du gaur 20:00etan Arriaga Antzokian. Ekitaldian, sari guztiak banatu eta saritutako lanak eskainiko dira.