Jazza etxeko guztientzat

uriola.eus 2016ko aza. 25a, 08:15

Emankizun berezia izango da igandean 12:30ean Guggenheim Bilbao Museoan. Time after time-Behin eta berriz izeneko ikuskizuna, hain zuzen ere, Itxaso Trio taldeak eta Fermin Etxegoienek eskainia.

Itxaso Lopezek (ahotsa), Gorka Benitezekin (saxoa) eta Daniel Perezekin (gitarra) batera, aurkeztuko du Time after time-Behin eta berriz ikuskizuna. Itxasorekin batera egongo da Fermin Etxegoien, berak sortu dituen testuak interpretatuko dituenak.

Kantari bilbotarrak kantu klasikoa oinarri hartzen duen prestakuntza musikala jaso zuen, eta segituan piztu zitzaion musika modernoko estilo desberdinekiko eta musika inprobisatuarekiko interesa. Gaur egun jazzaren munduan lan egiten du, eta aldi berean ahots-teknika modernoetan prestakuntza jasotzen jarraitzen du. Lan kontuak direla eta, orain dela 3 urtetik bizi da Bartzelonan, eta hiri horretako jazz eszenako artista ezagunenetakoa da. 

Itxaso Lopezek kontzertu didaktikoen Ta Ta Ta Jazz programa sortu eta garatu du; programa haurrentzat da, eta orain dela 10 urte baino gehiagotik Bizkaiko kultur etxeetan eta gizarte etxeetan aurrera eraman izan dute. 

Sarreren prezioa: 5€. Bilbao Fundazioaren webgunearen bidez (www.bilbao700.eus) erosi ahalko dira, baita Guggenheim Bilbao Museoan ere.

365 Jazz Bilbao zikloko Matiné programako kontzertuak era askotakoak dira, bai formatuari, bai edukiari dagokienez. Jazzak "erakartzeko gaitasuna eta balio didaktikoa du, eta estilo-aniztasuna eta fusionatzeko aukerak eskaintzen ditu", Bilbao 700 Fundazioko kideen esanetan. Horregatik da jazza musika-estilo "oso egokia arte plastikoekin edo literaturarekin batera elkarlaneko programa bat sortzeko".