Bizkaiko Gurutze Gorriak, datozen Gabonetara zuzenduta jostailu berriak biltzeko Euren eskubideak jokoan kanpaina abiatuko du gaur. RETAbet Bilbao Basket eta Athletic Club bezalako taldeen laguntza duen ekimen horren helburua, 6.000 jostailu biltzea, jolastea umeen funtsezko eskubide gisa aitortzea, eta txikienengan eragiten dituen onurak ezagutaraztea da. Estatu mailan, helburua, 0 eta 17 urte arteko 60.000 ume eta nerabe baino gehiagorentzat 120.000 jostailu baino gehiago biltzea da.
Jasotzen diren jostailuak, euren egoera ekonomikoa dela eta, seme-alabei datozen Gabonetan oparirik erosi ezin dieten familiei emango zaizkie. Bizkaiko Gurutze Gorriko boluntarioen esku-hartzeei esker, joan den edizioan Bizkaiko 2.207 adingabek 5.824 jostailu berri, ez sexista eta ez belikoak, jaso zituzten. Erakundeko boluntarioek, saltokietako bezeroek egindako ekarpenak jaso eta jostailuak aukeratu eta adinen arabera antolatu zituzten.
Laguntzak, biltzeko puntuak eta egunak
Bilboko Udalak, Osasun eta Kontsumo Sailaren bitartez, bat egin du kanpaina honekin. Izan ere, abenduaren 9an, Erriberako Merkatuak lekua utziko du Bizkaiko Gurutze Gorriko boluntarioek jostailuak biltzeko kanpainari buruzko informazioa eman diezaien bisitariei, goizeko 11:00etatik 13:00etara
El RETAbet Bilbao Basket taldeak, Norgehiagoka bat, kausa bat ekimenaren barruan, bere Fundazioaren bitartez, kanpainaren berri emango die zaletuei, datorren abenduaren 7an, Montakit Fuenlabrada taldearen kontra jokatuko duen norgehiagokan, eta sentsibilizazio mezuak zabalduko ditu bere komunikazio kanaletan.
Athletic Club taldeak bat egingo du kanpainarekin, eta abenduaren 22an jokatuko den Athletic Club-Racing partidurako sarrerak banatuko dizkie jostailuak ematen dituzten pertsonei. Horrela, emandako jostailu bakoitzarengatik, partidu horretarako sarrera bat oparituko du, gehienez ere bi sarrera, opari bat baino gehiago ematen duten pertsonentzat. Athletic Club taldearen denda ofizialek jostailuak biltzeko puntu gisa funtzionatuko dute partidua jokatzen den egunera arte.
Megaparkeko Toysrus eta Carrefour Erandio izango dira jostailuak biltzeko beste puntuetako bi, abenduaren 2-3ko eta 16-17ko asteburuetan. Horrez gain, Elkar dendetara 12tik 16ra eta El Corte Inglésera eraman ahal izango dira abenduaren 9an eta 10ean. Artea merkataritza guneak abenduaren 16an eta 17an jasoko ditu jostailu berriak. Bilboko, Megaparkeko eta Durangoko Decathlondendek ere jostailuak jasoko dituzte abenduaren 16-17ko asteburuan. Horrez gain, jostailuak entregatu ahal izango dira BilbokoJuguettos dendetan, Ikean, Bilboko Jose Maria Olabarri kaleko 6an dagoen Bizkaiko Gurutze Gorriaren Boluntarioen Bulegoan eta Portugaleteko, Durangoko, Getxoko, Zallako, Igorreko, Mungiako eta Basauriko Gurutze Gorriaren egoitzetan.
Jostailuak biltzeko puntu guztiak www.cruzrojabizkaia.org helbidean kontsulta daitezke, eta gehienetan arreta eskainiko dute Erakundearen oinarri nagusia diren boluntarioek. Jostailuak biltzeko kanpainan jostailu berriak, ez belikoak, ez sexistak eta, ahal izanez gero, hezkuntzari lagunduko diotenak baino ezin izango dira eman, txikienen artean ikasketa eta bizikidetza sustatuko duten hezkuntza printzipioak eta balioak sustatzeko. Jasoko den jostailua berria izango da, izan ere, jostailuen segurtasunari buruzko araudi europarrak produktuaren kalitatea bermatu ahal izatea eskatzen baitu, eta hori ezin daitekeelako bermatu jada erabilita dauden jostailuen kasuan. Beste alde batetik, Gurutze Gorriaren ustez, ume guztiek jostailu berria merezi dute, bereizketa barik, duintasun eta desio berberekin.
Aurtengo edizioan, prestatutako bilketa puntuetan jostailuak entregatzeaz gain, Gurutze Gorriaren webgunean ekarpenak eginez ere parte hartu ahal izango da kanpainan, 900 22 44 90 telefono zenbakiaren bitartez eta SMSak bidaliz JUGUETES hitzarekin 28092 (1,2€) eta 38092 (6€) zenbakietara. Horrela lortutako diru guztia, gizarte egoera zailean dauden familietako umeei jostailuak erostera bideratuko da. Horrez gain, Gurutze Gorriak webgune propioa izango du, eta bertan adin bakoitzerako jostailu egokienei buruzko informazio guztia eta kontseiluak aurkitu ahal izango dira: www.eljugueteeducativo.com
Ekimen hori gauzatzeko ezinbestekoa da jostailuak biltzeko puntu gisa funtzionatzen duten, euren langileen artean bulegoetan jostailuak jasotzen dituzten, edo jostailuak ematen dituzten erakunde askoren laguntza eta partaidetza. Erakunde laguntzaileak hauek dira: Bilboko Udala, RETAbet Bilbao Basket, Athletic Cub, El Corte Inglés, Banco Santander, Toysrus, Correos, La Salve, Ikea, Juguettos, Decathlon, El Almacén jostailu-denda, Ricoh, Cespa Ferrovial, Gatikako Udala, Carrefour Erandio, BBVA, Canon, Petronor, Saunier Duval, Mutualia, Zuhaizti Haur eskola, Euromaster, Elkar, Eroski Zalla, Gaursa, Cardenal dendak, Adif, Artea Merkataritza gunea, Edp, Berriztu, Erriberako Merkatua, Bizkaiko Ekonomialarien Elkargoa, Seur, Bankinter, Elhuyar, La Caixa, Metro Bilbao eta Bilblock.