Dokumentua Juan Mari Aburto Alkateak eta alderdi politikoetako bozeramaileek sinatuko dute udaletxean. Eguenean, gainera, lazo gorri handi batek modu sinbolikoan apainduko du udaletxeko balkoia. Udaletik adierazi dutenez, "keinu biek agerian uzten dute BIGaren aurkako borrokan Udalak duen konpromisoa eta babesa ematen diela gaixotasun hori duten pertsonen kolektiboei".
Adierazpenak udal politika publikoak bultzatu nahi ditu, GIBa duten pertsonen % 90ek jakin dezan birusa duela, seropositiboen % 90ek tratamendua jaso dezan eta tratamenduan dauden gaixoen % 90ek birusa deuseztatu dezan.
Sinatzaileek zenbait helburu betetzeko konpromisoa hartuko dute. Lehenengoa, GIBaren tratamenduari buruzko 90-90-90 hori lortzea 2020rako; hartara, nabari jaitsiko dira GIBen infekzio-kopurua eta Hiesarekin lotutako heriotzak —tuberkulosiak eragindakoak barne— eta azkartu egingo da Hiesarekin 2030erako amaitzeko prozesua. Azken batean, gaitzaren detekziorako, tratamendurako eta prebentziorako zerbitzuetara era orekatuan iristeko konpromisoa hartuko dute, estigmarekin eta diskriminazioarekin bukatze aldera.
Beste konpromiso hauek ere hartuko dituzte:
• Pertsonak paratzea konpromisoen erdigunean.
• Arriskuen, ahulezien eta transmisioaren eragileei ekitea.
• Hiesari emandako erantzuna erabiltzea gizarte-eraldaketa positiborako.
• Tokian tokiko premiei erantzun egokia ematea eta azkartzea.
• Osasun publikorako eta garapenerako baliabide integratuak mobilizatzea.
• Lider bezala elkartzea.
Abenduaren 1a, HIESAren aurkako Borrokaren Nazioarteko Eguna
Datorren eguenean ospatuko da HIESAren aurkako Borrokaren Nazioarteko Eguna. Urtero ospatzen den egun horren helburu nagusia GIBen infekzioaren garrantziaz, ondorioez eta geldiarazteko neurriak areagotu beharraz sentsibilizatzea da, baita tratamenduen eskuragarritasuna bermatzea eta birusarekin bizi diren pertsonak ez baztertzea ere.
Nazioarte mailan, ez aurrera, ez atzera geratu da GIBak eragindako infekzio berrien beherakada. Beraz, horretan ikusten da beharrezko dela prebentziorako ahaleginak emendatzea, munduak ekintzak areagotu ditzan, epidemia horrekin amaitzeko 2030erako.