40na pertsonak osatzen dute barruti bakoitzeko lantaldea. Guztira Bilboko zortzi barrutietan 320 dira parte hartzaileak. Alderdi politiko eta herritarren elkarteen ordezkariak dira eta pertsona partikularrak ere badaude. Norbere aldetik parte hartzen duten pertsona partikularrak zeintzuk diren erabakitzeko zozketa bat burutu dute eskaria egin duten 474 herritarren artean. Horiek eskaria egin eta gero, Bilbao Aurrerago! prozesuaz barrutietan egindako informazio-hitzaldietara joan ziren. Zozketan adina eta generoa kontutan hartu dira, gizarte osoa ondo ordezkatuta egoteko.
Lau saio izango dira guztira. Horietako bat HAPOri eta hirirako zein barrutirako proposamenei informazio orokorra emateko. Beste bi eztabaidatzeko izango dira, eta azkena mahaietan eta lantaldeetan lortutako ondorioak jaso eta itzultzeko. Lan horren ondorioak Bilboko Hiri Kontseiluari aurkeztuko zaizkio eta horren bidez iritzia emango dute arlokako kontseiluek.
Prozesuan egindako ekarpenak jasota, HAPOren Aurrerapenaren idazketa amaituko da eta tramitazioarekin hasiko dira. Horretarako, bi hilabetez, jendaurrean ikusgai egongo da, herritarrek eta interesatutako eragile guztiek iradokizunak eta alternatibak aurkeztu ditzaten. Epe hori igarota, Udalbatzarrak erabaki beharko du zeintzuk diren HAPO berria idazteko kontuan hartuko diren irizpideak, alternatibak eta proposamenak. Horren idazketa 2017an izatea aurreikusi dute.
Beste alde batetik, atzo ireki ziren herritar guztiek, bilbotarrak izan zein ez, parte hartzeko webguneko foroak (http://www.bilbao.net/blogs/pgou/acceso-a-participacion/). Horietan herritar guztiek parte har dezakete eta azaldu proposamenekin duten adostasun edo desadostasun-maila, baita horiei buruz eztabaidatu ere. Foro horietan denbora errealean funtzionatzen duten adierazle grafikoak daude. Horiek, bai barruti bakoitzeko proiektuei buruz, bai hiri guztikoei buruz ere, parte hartzen duten pertsonek egiten dituzten balorazioak islatuta agertzen dira.
Unibertsitateetan prestakuntza eta eztabaida-saioak
Udalak prestatutako planaren barruan herritarren arteko eztabaida hainbat kolektibora eraman nahi da. Gaur informazio eta eztabaida-saio bat izan da Mondragon Unibertsitatean (Gradua Lidergo Ekintzailean eta Berrikuntzan). Topaketa horretako parte-hartzaileek Bilbao Aurrerago! prozesurako ekarpenak egin dituzte.
Prozesu honen ardura duen Udalaren Hiri Plangintzarako Saileko taldeak laguntza eman du, taldeek oinarrizko materiala edukitzeko eta lau gai hauek lantzeko: etxebizitza, ekipamenduak, espazio libreak eta mugikortasuneko azpiegiturak. Denen aurrean azaldu dituzte euren ikuspuntuak; hau da, beste gazteen eta HAPOren ardura duen udaleko talde teknikoaren aurrean ekarpenak egiteko.
Unibertsitate-mailako bigarren jardunaldia izan da. Lehenengoa azaroaren 23an izan zen Deustuko Unibertsitatean eta 91 gaztek parte hartu zuten. Zuzenbide, Diseinu Industrial eta Diseinu Industrial eta Mekanikako gradu bikoitzeko ikasleak izan ziren.
Unibertsitate-mailako saioak amaitzeko abendua eta otsaila artean zenbait saio egingo dira Bilboko Ingeniaritza Eskolan (Meatzak eta Herri-lanak), Gizarte Zientzien Fakultateko Soziologia eta Gizarte Lanaren Sailean eta Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko Ekonomia Aplikatua I.aren Sailean.
Unibertsitate-mailan egiten ari diren saio hauek gaineratzen zaizkio, herritarrek parte hartzeko prozesuaren barruan, irailean eta urrian, uriko 16 prestakuntza-ikastetxetako 1016 ikaslek parte hartutako prestakuntza-ekintzari. Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza, Batxiler eta Lanbide Heziketako ikasleak izan ziren 1016 horiek. Ikastetxe publikoetakoak ikasle guztien % 45 izan ziren eta itundutako ikastetxe edo ikastetxe pribatuetakoak % 55.
Beste alde batetik, Udalaren Hiri Plangintzarako Sailak, Gazteria eta Kirol Sailak eta Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, GAZTETALK mintegia antolatu dute, zehatzago jardunaldi bi. Mintegi horretan 40 gaztek parte hartzen dute. Pertsona gazteek osatutako talde bat eratu nahi izan dute, proposamenen aurrean bakoitzaren ikusmoldea besteen ikusmoldeekin alderatzeko eta ekarpenak egiteko Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspen-prozesuan (Bilbao Aurrerago!) eta Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana (HMJP) egiteko prozesuan.
Gazteei eta ikasleei bideratutako kanpainak HAPOri buruzko alderdi orokorrei buruz prestakuntza ematea du helburu; hau da, egindako ekarpenei buruz informazioa eman, eta umeek, nerabeek, gazteek eta unibertsitateetako ikasleek duten pertzepzioak eta egindako ekarpenak jaso.
Argibide gehiagotarako:
•www.bilbao.eus/aurrerago/inscripcion