Arestiren olerki ezezagunak eta gutunak berreskuratu dituzte

uriola.eus 2016ko aza. 29a, 14:01

'Mailu batekin: Biola batekin' liburuaren bi ale

1962an Gabriel Arestik idatzi zituen poema ezezagunak bildu dituzte Mailu batekin: Biola batekin izeneko liburuan Jon Kortazarrek eta Paulo Kortazarrek. 1967an Arestik Euskal Harria izenburuarekin argitaratu zuen liburuaren "jatorria edo hazia izan zena" berreskuratu dute. Olerki horiei Arestiren gutun batzuk erantsi dizkiete, Euskaltzaindiako Artxiboan aurkitutakoak.  

"Inork horren berri ez zuela" adierazi dute Jon Kortazarrek eta Paulo Kortazarrek Arestiren olerki ezezagunak aurkezterakoan gaur Bilboko Udaletxean. Hortaz, argitalpen hau "aurrerapausoa da" Gabriel Arestiren lana "hobeto ezagutzeko", eta "garrantzitsua da poetaren bilakaera poetikoaz genuen ustea aldatzen duelako".

Poemak 1962koak dira, Harri eta Herri argitaratu aurrekoak eta horrek "testu ezezagun honen garrantzia indartzen du", Jon Kortazarren arabera. Liburuan gerora Euskal Harria (1967) izango zenaren lehenengo bertsioa dago, "baina urte batzuk lehenagokoa denez, poeta bilbotarraren poesia sozialaren historiara batu beharko genuke".

Poema-liburuarekin batera orain arte argitaratu gabeko bederatzi eskutitz argitaratu dira. Eskutitzetan hainbat gai jorratzen dira: Euskaltzaindiarekin izan zuen harremana, euskara batuaren defentsa eta Mikel Arruzarekin izan zuen eztabaida. Horrez gain, "bere literatur proiektuei buruzko informazio baliotsua eskaintzen digute, Juan San Martinekin izandako eskutitz-truke aberatsari esker", Jon Kortazarren hitzetan.

"Ukaezina da hemen jasotzen diren eskutitzen balio historikoa", idazle bilbotarraren bizitza eta lana hobeto ezagutzen laguntzen baitute. "Hain da hori horrela ze, gai asko aipatzen dituela eskutitzotan". Lehenengo eskutitzean, esaterako, Gabriel Arestik 22 urte besterik ez zuen eta Euskaltzaindiari idazten dio, gerora lotura estua izango zuen erakundeari.

1967an Arestik Agustin Ibarrolaren ilustrazioekin osatu zituen bere testuak, lagun handia zuelako; bada, gaur Naiel Ibarrola -Agustinen iloba- izan da testuekin batera datozen irudien egilea.

[Juan Maria Aburto]

[Jon Kortazar] 

1.000 ale

Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak Mailu batekin: biola batekin liburuaren 1.000 ale argitaratu ditu. Liburua Bizkaiko zenbait liburu-dendatan eskuratu ahal izango da.