Udaleko igogailuen ordutegia zabalduko dute 06:00-00:00 bitartean zerbitzua emateko

uriola.eus 2016ko aza. 30a, 10:30

Bihartik aurrera, Bilboko Udalaren menpe dauden 27 igogailuak goizeko seietan hasi eta gauerdira arte egongo dira martxan asteko egun guztietan.

Ordutegi zabalagoa izango dute abenduaren 1etik aurrera Udalaren igogailu guztiek, goizeko 6etatik gaueko 12etara bitartean, asteko egun guztietan.

Orain arteko ordutegia hau zen: 7:15etik 23:00etara, astelehenetik zapatura eta 8:15etik 23:00etara, neguan, eta 7:15etik 23:00etara astelehenetik barikura eta 24:00etara arte, zapatuetan, eta 8:15etik 24:00etara domeka eta jaiegunetan, udan.

Igogailuek ordutegi zabalagoa izatea eta igogailu berriak egitea "gizarte eta lurralde mailako kohesioa erraztearen aldeko Udalaren apustuaren adibideak dira", Alfonso Gil Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Saileko zinegotzi ordezkariak adierazi duenez. "Irisgarritasuna hobetzeaz gain –eta irisgarritasuna dugu lehentasun- igogailuetako ordutegia zabaltzean auzoen arteko konexioa eta auzoen eta hiriaren arteko konexioa hobetuko da eta gainera, garraiobide nagusiekin lotuta geratuko dira; ondorioz, Bilboko bizilagunen bizimoduaren kalitatea ere hobetuko da".

Bilboko goiko auzo batzuk malkartsuak izan arren, Bizkaiko hiriburua elementu mekanikoak dituen bigarren hiria da Espainian, eta lehenengoa kontuan hartzen badugu zenbat elementu mekaniko dauden pertsonako.

Izan ere, Bilbon 27 igogailu dago, 23 instalaziotan eta laster, Udalak beste 5 igogailu -4 instalaziotan- amaitu eta martxan jarriko ditu; horiek Artxandako Funikularreko Sozietatera gehituko dira, hain zuzen ere, igogailuen mantentze-lanez, zaintzako eta berrikusteko lanez arduratzen den sozietatera.

Hauek dira une honetan martxan dauden igogailuak: igogailu bi Salben, beste bi Prim-en, bi Traukon eta beste bi Basurtu Bekoan. 8 igogailu horiekin batera, hauek daude: Funikularreko plaza–Morazan, Pedro Arrupe zubian, Betolatzan, Ametzolan, Bizikidetasun plazan (Isozaki), Uretamendin, Errekaldeko plazan, Mazarredon, Iturribiden, Tutulun, Prim Dolaretxen, Bilboko Begiralekuan, Otxarkoagan (anbulatorioa), Arangoitin, Zorrotzan eta Matikon; eta inklinatuak ere badira, hiru, Zurbarambarrin, Zazpilandan eta Iturribiden.

Laster inauguratuko dituzten igogailuak Atxurikoa, Ollerietagoienakoa, Deustukoa (Luzarra eta Ramon y Cajal kaleak lotuko ditu) eta Gordonizekoa dira.

Artxandako Funikularreko Sozietateak, aipatutako igogailuez gain, 20 arrapala eta eskailera mekaniko gestionatzen ditu. Horiek bost lekutan daude: 4 Cristo kalean (Uribarri); 2 Fagoaga Tenorraren kalean (Santutxu); 5 Solokoetxen (Santutxu); 6 Traukon (Uribarri) eta 3 Otxarkoagan.

 

18.000.000 bidaia aurreikusi dira 2016rako

2015ean, igogailuek 5.854.760 bidaia egin zituzten; bidaia bakoitzean, batez beste, 3 erabiltzaile daudela kontuan hartuta, guztira, 17.564.280 erabiltzaile ematen du. Aurtengo urrira bitartean, 15.600.090 erabiltzaile erregistratu dira eta urtea amaitzerako, igogailu berrien ekarpenarekin, 18.000.000 erabiltzailetik gora izatea espero da.

Beste alde batetik, igogailu guztietan bidaia-kontagailuak daudenez jarrita, bidaien hilez hileko bilakaera ikus daiteke. Horiek horrela, bidaia gehien egin zuten igogailuak hauek dira: Errekaldeberriko plaza, Funikularreko plaza-Moraza, Bizikidetasun plaza (Isozaki), Ametzola, Uretamendi, Betolatza, Prim eta Basurtu Bekoa-ko igogailua.