Hamabi proiektu aurkeztuko dira zirku garaikide muntaketen garapenerako sei egoitza eskuratzeko

uriola.eus 2016ko aza. 30a, 10:40

Euskal Herriko, Frantziako, Kataluniako eta Aragoiko 121 proposamen aurkeztu ziren zirku proiektu garaikideen garapenerako laguntzen lehenengo deialdira, zirkuko arteen mugaz gaindiko lankidetzarako 'De Mar a Mar – Pirineos de Circo' ekimenaren barruan.

Horien artean, sortzen ari diren eta dagoeneko finkatuta dauden artisten eta konpainien hamabi proiektu aukeratu dira. Bihar eta ostiralean, laguntza ekonomikoa eta aholkularitza profesionala jasoko duenetako bat euren lana izateak merezi duela erakusteko aukera izango dute.

Bi lan jardunalditan, Pabellon 6 eta Harrobia, hainbat formatutako ikuskizun berritzaileen maketen aurkezpenerako eszenatoki bilakatuko dira. Ikuskizun horiek zirkuko arteetako diziplinak, akrodantza, objektuen manipulazioa, akrobaziak, malabarrak edo kontorsionismoa jasoko dituzte, Pirinioetako bi aldeetako taldeen eskutik. Horien artean azpimarragarriak dira Shakti Olaizola antzezle eta kontortsionista bilbotarra edo Mikel Ayala Algortako malabarista buru duen Frantziako Tolosako Subliminati konpainia.

'De Mar a Mar – Pirineos de Circo', 13 bazkidek –erakunde publikoak eta pribatuak– osatzen dituzte, eta horien artean daude Escola de Circ Rogelio Rivel edo Le Lido bezalako eskolak, Frantziako Tolosako Jean Jaures bezalako unibertsitateak, La Grainerie, Central del Circ edo Hameka bezala entseguetarako eta sorkuntzarako lekuak eta tailerrak, eta baita hedapenerako guneak eta erakunde publikoak ere, urtero kaleko arteen nazioarteko jaialdia, Bilboko Kalealdia, eta Errekalde auzoan egiten den Zirkualde zirku jaialdia, antolatzen dituen Bilboko Udala, besteak beste.

Erakunde horietako guztietako profesionalek eta programatzaileek osatzen dute lehen deialdi honetako laguntzak jasoko dituzten sei proiektuak aukeratuko dituen batzordea. Laguntza hori, sorkuntzarako espazioen lagapenean, proiektuaren beharretara egokitutako laguntzan (artistikoa, teknikoa edo/eta kudeaketakoa) eta 2.000 eta 10.000 euro arteko laguntza ekonomikoan gauzatuko da. Horrez gain, ikuskizuna, mugaz gaindiko lankidetzarako ekimen horretako bazkideek, zirkuko artearen alorrean antolatzen duten jaialdi edo/eta erakusketa guneren batean estreinatzeko aukera ere eskainiko da.

'De Mar a Mar – Pirineos de Circo, ekimenak Europar Batasunaren 1,3 milioi eurotik gorako diru-laguntza lortu du urte honetan, artista profesionalen prestakuntzaren eta zirku garaikideko ikuskizunen sorkuntzaren eta hedapenaren alorreko proiektuak aurrera eraman ahal izateko. Zehatzago esanez, lehenengo deialdi hori, artistek eta konpainiek Pirinioetako bi aldeetako mugikortasuna hobetzeko dituzten baldintzak hobetzera bideratuta dagoen sorkuntzari laguntzeko funtsaren barruan sartzen da, sorkuntza prozesuan zein ondorengo erakusketa fasean.

Sorkuntzari laguntzeko funts horren bitartez, 'De Mar a Mar – Pirineos de Circo' ekimeneko bazkideek hau bilatzen dute: konpainiei, euren sorkuntza lanak beste lurralde batzuetan lantzeko aukera eskaintzea, hainbat erakusketa sarerekin harremanetan jartzeko; zirku ikuskizunak sustatzeko aukerak handitzea sorkuntzaren fase anitzetan eta zirku konpainien ekintza eremua zabaltzea, euren lanaren neurriak mugaz gaindiko dimentsioa jaso dezan; eta, amaitzeko, hainbat formatutan aurkezteko eta nazioartera heltzeko aukera emango duten ikuskizunak sortzen laguntzea.