Heriotza zigorraren aurka udaletxeko argiak piztuko dituzte arratsaldean

uriola.eus 2016ko aza. 30a, 09:45

18:00etatik 22:00etara bitartean, mundu osoko hirietako eraikinik esanguratsuenetako argiak piztuko dira heriotza zigorraren kontra. Bilbon, udaletxean argiak pizteaz gain, pantaila erraldoi bat ere ipiniko da eraikinaren aurrez aurre, heriotza zigorraren aurkako mezuekin, horrela, zigor hori indargabetzea ezartzen duten itunen berrespen unibertsala eskatuta.

Udalak bat egin du Bizitzaren aldeko Hirien Munduko Egunarekin, heriotza zigorra mundu osoan indargabetzeko errebindikazioa eginda.

Sant´Egidioko komunitateak, Heriotza Zigorraren aurkako Munduko Koalizioaren laguntzarekin, abian jarritako ekimena da egun hau. Koalizio horren barruan daude Nazioarteko Amnistia eta mundu osoko 60tik gora erakunde eta abokatuen, sindikatuen eta eskualdeetako eta udaletako elkargo daude. Azaroaren 30ean ospatzen da heriotza zigorraren munduko aurreneko abolizioaren urteurrena. Toscanako Dukerri Handian jazo zen 1786an. Munduko eguna, berriz, 2002az geroztik ospatzen da, heriotza-zigorraren abolizioa bultzatzeko.

Gaur egun, XXI. mendearen hasieran, herrialde guztien bi herenak indargabetu du heriotza zigorra legez edo praktikan. Aurreko mendearen amaiera aldean, ostera, hiru herrialdek bakarrik indargabetu zuten heriotza-zigorra modu finkoan. Argi dago zein den joera: munduak sendo agertzen da exekuzioei "ez" esateko. Eta printzipio hori indartu egin da nazioarteko mailarik gorenean.

Alabaina, heriotza zigorra aplikatzen den herrialde askotan antzeko akats larriak dituztenez justizia-administrazioan, zigor hori defendaezina da berez. Hala ere, eta justiziaren sistema hutsik gabekoa balitz ere, inor ez litzateke exekutatu behar eta inork ez luke zertan bizi heriotzara kondenatuta. Heriotza zigorra gizakia aurretiaz pentsatuta eta estatuak modu judizialean onartuta hiltzea da. Giza eskubideen ukazio gorena da. Justiziaren izenean kalkulatutako indarkeria hori erabiltzeak zein-nahi justizia-sistema lohitzen du.

96 herrialdek delitu guztietarako indargabetu dute heriotza zigorra eta 130ek legean edo praktikan indargabetu dute. Ildo horretan, Nazio Batuetako kide diren 193 estuetatik 114 herrialdek 2014ko azaroan Nazio Batuetako Batzar Nagusiaren ebazpen baten aldeko botoa eman zuten, exekuzioen atzerapena ezartzeko.

Herrialde askok heriotza-zigorra duten oraindino eta asko dira urtean exekutatzen dituztenak, 2013an gutxienez 778, 22 herrialdetan, Txinakoak kontatu gabe; izan ere, uste da milatik gora direla, baina hango datuak ez dakizkigu seguru, estatuko sekretu baitira han.