‘Downhill’ Bilbora itzuliko da larunbatean zirkuitu “klasiko eta ikusgarrienarekin”

uriola.eus 2016ko abe. 1a, 10:00

http://kepaescudero.com

Abenduaren 3an, larunbata, Bilbao Downhill Internacional Cup lehiaketaren lehenengo edizioa egingo da. Mendi-txirrindularitzari lotutako proba da, baina modalitate "ikusgarrienetako eta bizkorrenetako" batean. Bertan, nazioarteko eta estatuko rider onenak ikusi ahal izango dituzte herritarreku Artxanda mendiko hegaletatik abiadura handiz jaisten eta oztopoak saihesten.

Iazko urrian Bilbao City Downhill lehiaketak jaitsieren hiri-lasterketen nazioarteko egutegian izan zuen arrakastaren ostean, oraingo honetan, proba erroetara itzuliko da inguru askoz ere naturalago batean, Potongo jaitsiera klasikoan, alegia. Jaitsiera Artxanda menditik hirigunera doan aldapatik egingo da.

Hori horrela, probarekn Bilbo milaka downhill-zaleentzako interesgune bihurtuko da berriz ere. Proban izena emateko plazak agortu dira dagoeneko; beraz, agerian geratu da Innevento entitateak kudeatutako lehiaketarekiko herritarrek duten interesa. Bestalde, Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du. Lasterketa 2017. urtean berriz ere egiteko asmoarekin antolatu da, eta hasi dira jada datorren urtean Espainiako Open txapelketan parte hartzeko izapideak egiten, bai eta Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren munduko sailkapenean balioa duten puntuak banatzeko ere.

Guztira, ia ehun parte-hartzaile bertaratuko dira, baina, besteak beste, honako hauek nabarmendu daitezke: Singapurreko RedBull Dark Knights irabazi zuen Ben Moore eta Chris Smith, britainiarrak biak; Yannick eta Jerome Pardies anaia frantsesak; eta João Rodrigues portugaldarra. Horien guztien helburua izango da tokiko rider guztiek irabazteko duten aukera murriztea, birritan Espainiako txapelduna izan zen Dani Olarra gorliztarrarena, Fernando Olañetarena eta estatuko Ivan Blancorena, adibidez.

Erroetara itzultzea: zirkuitu tekniko eta arina

Artxandako Ostalaritzako Eskolatik irtengo den 1.180 metroko luzerako ibilbidea egongo da, eta helmuga Artxandako tunelen goiko partean dagoen kirol-pistan kokatuko da, Deustuko sarreran (unibertsitatearen alboan). Guztira, 150 metroko desnibel negatibo metatua egongo da, ezkerreko 29 bihurgunerekin eta eskuineko 18rekin. Halaber, 18 oztopo egongo dira parte-hartzaileen trebeziak probatzeko.

Potongo zirkuitua jaitsiera tekniko eta arina da, oztopo natural ugari dituena. Saihestezina da kutsu klasikoa hautematea; izan ere, azken hamarkadetan rider askok beren ospea landu dute bertan.

Downhill egun osoan

Finalak 15:30ean hasiko dira eta, gutxi gorabehera, bi ordu iraungo dute. Dena den, goizeko 09:00etatik aurrera ikusleek aukera izango dute lehenengo entrenamendu libreak ikusteko. Lehiaketa ofiziala 14:00etan hasiko da sailkatzeko saioekin eta, ondoren, ordu eta erdi geroago, finalak hasiko dira. Helmugan, 18:00ak aldera, sari-banaketa egingo da eta After Party Race jaia antolatuko da, non pilotu zein zaleek aisialdirako eta ostalaritzako eremu bat izango duten gaueko ordu txikietaraino.