Gaurtik aurrera, azken teknologiako 1.200.000tik gora LED argik hiribilduko kaleak eta plazak girotu eta apaindu egingo dituzte, baita hiri osoko merkatarien erakunde eta elkarteak ere. Horretarako, dekorazio bereziak jarriko dira, herritarrek euren auzotik bertatik gozatu dezaten.
Argi guztiak udaletxetik bertatik aldi berean piztean, Bilbon urtarrilaren 6ra arte iraungo duten hainbat eta hainbat jarduera jarriko dira abian. Aurten lehen aldiz, Bilboko Udalak batera aurkeztuko du plana, eta, bertan, asmo handiko egitaraua eskainiko da, 200 ekimen garatuko baitira, gutxi gorabehera; esate baterako, kontzertuak, erakusketak, musika-ekitaldiak, antzezlanak, azokak, kaleko animazioa, irristatzeko pista, umeentzako jarduerak... eta, nola ez, Olentzeroren ohiko kalejira eta Errege Magoen kabalgata ere.
Olentzero biderkatu egingo da Bilbon
Zenbait berritasun aurreikusi dira Bilboko 2016ko Gabonetarako, merkataritzako jarduera eta auzoetako bizimodua sustatu ahal izateko, batez ere. Haien artean, hiribilduko zenbait gunetan Olentzeroren 14 irudi handi jarriko direla nabarmendu beharra dago. Ekimenak dendei egin nahi die keinua, saltoki eta dendetako erosketak suspertzeko eta tokiko merkataritzaren balio bereizgarria nabarmentzeko, merkataritzaren ikuspegitik onenetakoa den garaian.
Horretarako, abenduaren 12tik urtarrilaren 6ra, Bilboko Udalak Olentzeroren hamalau irudi jarriko ditu hiriko hamabi gunetan, Ezagunen batekin topo egingo duzu Bilboko dendetan lelopean.
Irudiek zakua eramango dute, eta neska-mutilek euren eskaerak zein gurariak sartu ahal izango dituzte bertan. Olentzero horiek gune hauetako leku ikusgarrietan jarriko dira: Bilboko erdialdea (Abando eta Indautxu), Alde Zaharra, Uribarri, Deustua, San Inazio, Santutxu, Txurdinaga, Otxarkoaga, Basurto, Zorrotza, Errekalde eta Bilbo Zaharra.
Dantza eta kaleko animazioa, erosketak suspertzeko
Bilboko kaleak musikaz eta animazioz beteko dira abenduaren 9ko eta 10eko asteburuan, herritarrak kalera irten daitezen, jai-giroaz gozatu dezaten eta euren Gabonetako erosketak bertako dendetan egin ditzaten. Guztira, hamalau karpa jarriko dira hemen: Uribarri, Deustua, San Inazio, Santutxu, Txurdinaga, Otxarkoaga, Basurto, Zorrotza, Errekalde, eta Bilbo Zaharra. Bertan, hain zuzen ere, hogeita sei kontzertu eskainiko dira abenduaren 9ko arratsaldean eta abenduaren 10eko goizean (larunbata). Honako musika-talde hauek parte hartuko dute bertan: Lowe, Undercovers, Mike Hammer & taxi drivers, Baster, The Idems, Mad Candys, Petit Comité, Pusherman, Peri, Los Jaimones, The Blues morning singers, La Mara, Still Covers, Jazz at Five, Lions Hearts eta High Felicity.
Hala ere, Gabonetako animazioa harago joango da. Bilboko Udalak kaleko beste jarduera batzuk ere antolatu ditu, hiria bera magiaz, antzerkiz, musikaz eta elkartasunez betetzeko.
Bestetik, abenduaren 16an eta 17an, musika koralak Gabonetako erosketak suspertuko ditu. 22 abesbatzaren musikak Bilboko kaleak girotuko ditu garai honetako ohiko abestien bidez. Bilboko Udalak merkataritza sustatzeko ekimen hori antolatu du Bilboko Udal Musika Eskolaren eta Radio Nerviónen laguntzaz, Bilboko nahiz auzoetako merkataritza-guneak suspertzeko eta jai-giro atsegin bezain familiarra sortzeko.
Abesbatzek, orfeoiek eta Bilboko Udal Musika Eskolako "taldeek" hiriko zenbait merkataritza-gune girotuko dituzte 18:00etatik 19:30era, abenduaren 16an, ostirala, eta abenduaren 17an, larunbata. Azken egun horretan, gainera, goizean ere gozatu ahal izango da jai-giroaz eta musikaz, 12:00etatik 13:30era.
Honako auzo eta merkataritza-gune hauek parte hartuko dute kanpaina horretan: Alde Zaharra - Erriberako Merkatua, Zorrotza, Abando, Indautxu, Deustua, Errekalde, San Inazio - Ibarrekolanda - Elorrieta, Otxarkoaga, Santutxu, Txurdinaga, Basurto, Bilbo Zaharra eta Uribarri.
Talde hauen musikaz gozatu ahal izango dugu: Mendiona Abesbatza, Mendibaiarte Abesbatza, Barakaldoko Orfeoia, Mikel Deuna, Bilbotarrak, Indautxuko Lagune, Gitarraren Lagunak, Ingeniarien Abesbatza, Urioste Orfeoia, Pleamar Abesbatza, Otxarkoaga Abesbatza, Arraizpe Abesbatza, Emays Abesbatza, San Anton Orfeoia, Euskotarrak Abesbatza, Garaizarko Matsorriak, Bilbao BEL Canto Abesbatza, Bilbao Musika Abesbatza, Begoñako Sustraiak Abesbatza, Gaudeamus Hodie, Ekidazu Abesbatza eta San Fran Korue.
Ostalaritzako ordutegiaren luzapena
Udalak ostalaritzako lokalak ixteko ordutegia bi ordutan luzatzea erabaki du, hain egun bereziak diren Gabonetan.
Hartara, ordutegia ostalaritzako lokal guztietan luzatuko da egun hauetan, "eguneko" establezimenduetan (beste ordutegi bat dutelako) eta terrazetan izan ezik:
• Sortzez Garbiaren Zubian, abenduaren 2tik 10era.
• Gabonetan, abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra.
Argiak
Gaurtik aurrera, 1.200.000 LED baino gehiago arduratuko dira hiriko kaleak eta plazak argiztatzeaz 18:00etatik 22:00etara igandetik ostegunera eta 23:00ak arte ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetan. Kopuru hau Udalak eta hiriko merkatarien elkarteek (Zazpi Kaleak, Bilbo erdigunea, Errekalde, Deustu, Uribarri-Castaños, Santutxu eta San Ignazio, Ibarrekolanda eta Elorrieta) jarritako argiztapenaren batuketa da . Merkatariek jarri dituzte, baina udalak ere laguntzen du, elektrizitatea ordaintzen baitu.
Horrela, azken urteetan Bilboko Udalak sustatutako energia-kontsumoa aurrezteko politikari eutsiko zaio. Erabilitako argien % 100 LED tipologiakoak dira, ahalik eta eraginkortasun gehien lortzeko eta argindarraren fakturan kosturik txikiena eragiteko. Gainera, udala da Gabonetako apaingarrien eta argien jabea, eta horri esker ekipo horiek alokatzen urtero sor daitezkeen kostuak ekidin ditzake. Argiak jartzeak eta kentzeak ez du xahuketarik suposatzen, udaleko langileek egiten duten zeregina baita.
Gabonetako instalazioak orekaz banatu dira barruti guztietan zehar, kalitatezko apaingarriek eskaintzen duten Gabonetako giro atsegin eta erosoaz gozatu ahal izateko. Urtero, Bilboko Udalak toki gehiagora iristeko eta espazio gehiago apaintzeko ahalegina egiten du, hiriko beste txoko batzuetara ere Gabonetako giroa zabaltzeko. Udalerriko barrutietako argiteria, halaber, teknologia berriek eskaintzen dituzten hobekuntzetara egokitzen da, bai segurtasunari dagokionez, bai kalitate eta diseinuari dagokienez. Hauexek dira Bilboko kaleetan jartzen diren apaingarriak fabrikatzeko oinarri gisa hartzen diren egiturak: LED elektronikoa eta LED argidun haria.
Gainera, hamabost izei jarri eta apainduko dira; guztiak izango dira artifizialak eta 7 eta 20 metro bitarteko altuera izango dute. Horrez gain, urte osoan hiriko espazio publikoari bizitza eta edertasuna ematen dioten beste zuhaitz batzuk argiztatuko dira: palmondoak, zedroak, algarroboak, izeiak, prunus familiako zuhaitzak, ezkiak, magnoliak, tulipa-zuhaitzak, normandianak, haritzak eta astigarrak.
Olentzero eta Errege Magoak
Horrez gain, Bilbok den-dena ere edukiko du prest, Gabonetako protagonista magikoei harrera egiteko: Ekialdeko Errege Magoak eta Olentzero. Aurten ere, berritasunak eta ezustekoak ekarriko dituzte, baita sekulako ilusioa ere.
Abenduaren 23an, ostirala, 18:00etan, Olentzero magiaz inguratuta agertuko da Moyua plazan. Bere pottokan eta galtzagorri alai bezain jauzilariekin batera, kaleak zeharkatuko ditu Arriaga antzokiraino. Gaua emango du bertan, eta, hurrengo egunean, hiribilduko txikienei egingo die harrera antzokian bertan.
Urtezahar-gaua igarotakoan, urtarrilaren 5eko arratsalde-gauean, Errege Magoen kabalgatak Bilboko kaleak argiztatuko ditu. Meltxor, Gaspar eta Baltasar Bilbora iritsiko dira argiz, soinuz eta kolorez betetako karroza ikusgarrietan. Urtero bezala, Errege Magoek Kale Nagusia oso-osorik zeharkatuko dute, harik eta udaletxeko eraikin nagusira heldu arte, eta, bertan, Bilboko familiei egingo diete harrera.
Kultur Gabonak eta beste kultur ekitaldi batzuk
Kulturaren arloan, Bilboko Udalak familia osoarentzako egitaraua diseinatu du Kultur Gabonak ekimenaren esparruan; hiriko barrutietan garatuko da eta, besteak beste, honako jarduera hauek eskainiko dira bertan: antzezpenak, kontzertuak, zine-zikloak, erakusketak, folklorea, ipuin-kontaketa, txotxongiloak edo magia.
Gabonetako kultur eskaintzako ikuskizun guztietarako sarrera doakoa izango da, eta urtean sendotutako jarduera-egitarauetako jarduerak eskainiko dira bertan; esate baterako, Expodistrito, Dantza Plazetan edo Bilboko Zirkuitua. Era berean, garai honetako proposamen tradizionalak ere antolatu dira; Gabonetako Abesbatzen Kontzertuak, adibidez. Izan ere, abenduaren 9tik 30era, musika koralaren zaleen gozamenerako abestuko dute zenbait elizako auzotan. Horrez gain, jende guztiarentzako beste jarduera asko ere egingo dira, eta, haien artean, euskarako eskaintza ugaria nabarmentzen da.
Horrela, bada, Deustuko barrutian, gaurtik bertatik, Kultura Barra-Barra programako jarduerak jarriko dira abian. Bertan, euskarako proposamenak egingo dira, hirian euskaldun gehien dituen barrutia dela kontuan hartuta, hau da, gaurtik, abenduaren 1etik, abenduaren 30era garatuko diren hamar ekitaldiak: bertsolari-ekitaldi, magia, antzerkia, zine-emanaldiak edo literaturari buruzko solasaldiak.
Bestetik, Otxarkoagako barrutian, hilabete honetan, Adinekoentzako Antzerki eta Abesbatzen Hamabostaldia egingo da. Bertan, bost antzerki-taldek eta hamabost abesbatzak parte hartuko dute, eta abenduaren 12tik 23ra, 19:00etan garatuko da Otxarkoagako Udaltegian. Halaber, esparru horretan, abenduaren 17an, larunbata, telebistako zenbait programatan parte hartzeagatik ospetsuak diren Asier Hormaza eta Maribel Salas euskal bakarrizketagileak egongo dira bertan.
Bidebarrietan ere, Gabonetako zenbait jarduera kultural garatuko dira; esate baterako, bihar (abenduak 2, ostirala) Euskararen Eguna egingo da Miren Agur Meaberen eta Inun musikariaren eskutik, olerki-errezitaldiak eskainiko dira bertako elkarteen eskutik edo Literaturarekiko elkarrizketak garatuko dira, besteak beste. Honakoak izango dira azken horiek: abenduaren 13an, Paco Etxeberriaren eta J. M. Muleten Literatura forense; eta, abenduaren 15ean, Jerôme Ferreten Crisis social, movimientos y sociedad en España hoy liburuaren aurkezpena, Institutu Frantsesaren laguntzaz literatura frantsesari buruz antolatutako topaketen esparruan.
Egunotan, Udalak Bilbo Zaharreko muralen doako bisitaldi gidatuak ere antolatu ditu herritar guztientzat. Ordubete eta erdi iraungo dute, eta, oinez, ibilbide osoa egingo da auzoko mural adierazgarrienetatik.
Bisitaldiak datorren astelehenean, abenduaren 5ean, hasi eta urtarrilaren 28an, larunbatean, amaituko dira. Bertan parte hartzeko, aldez aurretik eman beharko da izena Bilboko Udaleko informazio-telefonoan (010 - 944 010 010).
Era berean, abenduaren 18ra arte, Iralabarri auzoaren historiako irudien erakusketa ere bisitatu ahal izango da. Bilbao Izan ondarea zabaltzeko udal-programaren esparruan, Bilboko Udalak Iralabarriko Kirikiño etorbidean –plazan– aurkeztuko du antzinako argazkien, prentsa-ebakinen eta zenbait material dokumentalen bidez Bilboko kokagune berezi horren historia azaltzen duen erakusketa. Hain zuzen ere, XX. mendearen hasieran, Juan Jose Irala industrialariak Harino Panadera lantegia eraiki, eta garai hartako asmo handieneko hirigintza-proiektua jarri zuen abian, irudikatutako eta, nolabait esatearren, utopikoa zen auzoa eratzeko.
Bestetik, aurten ere, zinea eskainiko da Gabonetarako egitarauan, Fermin Muguruzak abestiei buruz zuzendutako film dokumentalen zikloaren bidez. Jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango dira, euskaraz azpidatzita, Santutxun, azaroaren 30etik aurrera. Zinezaleek 'Egun laburrena' inguruko programazioaz ere gozatu ahal izango dute udaltegi hauetan, abenduaren 16tik aurrera: Castaños, Zurbaranbarri, Santutxu, San Frantzisko, Barrainkua, Errekalde eta Basurto, baita beste leku batzuetan ere.
Azkenik, Dantza Plazetan programak ere hiru ekitaldi eskainiko ditu Bilboko kaleak girotzeko. Abenduaren 17an, erromeria egingo da Santiago plazan, Salbatzaile Dantza Taldearen eskutik; abenduaren 24an, Beti Jai Alai Taldeak Basurtu auzoa alaituko du; eta, abenduaren 31n, Ondalaneko Erraldoien Konpartsak kalejira egingo du Deustuko Luzarra kalean.
Jarduera kultural gehiago
Bilbotarrek eta bisitariek Gabonetako aisialdiaz eta kulturaz gozatu ahal izango dute hiriko txoko guztietan. Aipatutako jarduera guztiak ez ezik, honakoak ere garatuko dira, eta kalitate handikoak ere izango dira, besteen antzera:
Esate baterako, BilbaoMusikak era guztietako bost kontzertu eskainiko ditu abenduaren 16tik 21era: besteak beste, bateriako eta perkusioko, musika modernoko edo pianoko ikasleen entzunaldia, baita Gabonetako ohiko kontzertuak ere:
• Abenduaren 16an, Txistularien Udal Bandaren kontzertua, Abusun, 18:00etan. Dohainik.
• Abenduaren 19an, Musikako Udal Bandaren 'Bandarekin bidaian: irudimenerako bidaia' kontzertua, Euskalduna Jauregiko auditoriumean, 20:00 - 22:00. Prezioa: 5-10 euro.
• Abenduaren 19an, Txistularien Udal Bandaren eta Euskeria Abesbatzaren kontzertua, Guggenheimeko atarian, 20:00etan. Museoaren Lagunentzat.
• Abenduaren 20an, Txistularien Udal Bandaren eta Euskeria Abesbatzaren Gabonetako kontzertua, Euskalduna Jauregiko auditoriumeko A1 aretoan, 20:00 - 21:00. Dohainik.
• Abenduaren 21ean, Musika Talde Handien Gabonetako kontzertua, Campos Elíseos antzokian, 19:00 - 21:00. Dohainik.
Bestetik, Arriaga antzokiak lau proposamen eskainiko ditu aurtengo Gabonetan. Abendu osoan, Cabaret ikuskizuna egongo da ikusgai. Horrez gain, abenduaren 12an, 'Marta Ubietak eta Alberto Nuñezek abestutako musikagile garaikideen herri-kantak' ekitaldia ere eskainiko du antzokiak, eta, abenduaren 19an, Carlos Imazek eta Rossini Abesbatzak Gabonetako kanta zoragarrienak abestuko dituzte ikus-entzuleentzat.
Halaber, urtarrilaren 3tik 5era, ABAO txiki programaren barruan, Sevillako superbizargina operaren egokitzapena eskainiko du Arriagak. Tricicle konpainiaren umore bereizgarriaren bidez Rossiniren opera dibertigarriaz gozatzeko aukera paregabea izango da. 5 urtetik aurrerako neska-mutilek Figaroren historia ezagutuko dute. Sevillan bizi den bizargin jator, bihurri eta lotsabakoa da, eta, bere adimenari eta azerikeriari esker, Bartolo zaharraren zaintza saihestea lortzen du. Bartolo gizon zeken bezain jeloskorra da, eta Rosina dauka giltzapetuta, berarekin ezkondu dadin.
Azkuna Zentroak Gabonak Arte programa eskainiko du. Neska-mutil eta familientzako hezkuntza-programa ludikoa da, eta abenduaren 27an hasi eta urtarrilaren 4an amaituko da. Bertan, era guztietako jarduerak garatuko dira, eta, beraz, familia osoak izango du aukera diziplina artistiko zein kulturalen inguruko esperientziak oso modu gaurkotuan bizitzeko. Antzerkia, dantza, arkitektura, musika, ikus-entzunezkoak… ‘Gabonak Arte’ esperientzia sortzaileak dira, ikus-entzuleak eurak dira bertako protagonistak, eta harritzeko, saiakuntzak bizitzeko eta jakingura sustatzeko aukera aparta eskaintzen dute.
Gainera, Bilbao Orkestra Sinfonikoak (BOS) zenbait kontzertu sinfoniko eskainiko ditu abenduaren 1ean eta 2an (Renaud Capuçon, biolina); abenduaren 15ean eta 16an (Erik Nielsenen zuzendaritzapean); eta, abenduaren 22an eta 23an, Ruben Amoretti tenorraren eta Bilboko Abesbatzaren eskutik. Bestetik, Disney in Concert: Magical Music from the Movies ikuskizuna ere nabarmendu beharra dago. Disneyko musikako ekitaldi klasikoa lehen aldiz eskainiko da Euskadin, urtarrilaren 4an. BOSek, kantari hautatuen laguntzaz eta filmetako irudien emanaldiarekin batera, zenbait klasikoren berrikuspena egingo du: Mary Poppins, Sirenatxoa, Ederra eta Piztia, Aladdin, Lehoi Erregea, Notre Dameko konkorduna eta Frozen, besteak beste. Urtarrilaren 4an egingo da ekitaldi handienetakoa izango den hau. (www.bilbaoorkestra.eus)
Gabonetako Abesbatzen Kontzertu klasikoak ere eskainiko dira Gabonetan, eta honakoak izango dira:
• Abenduaren 9an, Gizakunde elizan, 19:30ean, Otxarkoagako Abesbatzako Lur Maitea Otxotea '8+TE'.
• Abenduaren 10ean, larunbata, Deustuko San Pedro parrokian, 20:00etan, Bilbao Argia Otxotea, Garaizarko Matsorriak eta Sanfran Korue.
• Abenduaren 15ean, osteguna, Santutxuko Karmelon, 20:30ean, Bizkaiko Ingeniarien Abesbatzako BBKANTUZ Korua.
• Abenduaren 16an, ostirala, Abandoko Aita Jesuiten egoitzan, 19:30ean, Jatorki Abesbatza, Deustoarrak Abesbatza eta Bilboko Ganberako abesbatza zein orkestra.
• Abenduaren 17an, larunbata, Abusuko Artzain Onaren elizan, 20:00etan, Begoñako Sustraiak Abesbatza, Arraizpe Abesbatza eta Andreberri Abesbatza.
• Abenduaren 20an, asteartea, Basurtuko Sortzez Garbiaren elizan, 19:30ean, Bagabiltza Abesbatza, Emitenia Ganbera Abesbatza eta Euskeria Abesbatza.
• Abenduaren 22an, osteguna, San Inazio elizan, Club Deportivoko Ars viva Abesbatza.
• Abenduaren 23an, ostirala, San Frantzisko elizan, Bosgarren parrokian, 20:00etan, San Ignazio Abesbatza eta Bilboko Rossini Abesbatza.
• Abenduaren 29an, Arrosarioko Andra Mariaren elizan, 20:00etan, Gaudeamus Hodei Abesbatza eta San Anton Abesbatza.
• Abenduaren 30ean, ostirala, Salbatzailearen elizan, 19:30ean, Mikel Deuna Abesbatza, Inmakuladako Abeslariak Abesbatza eta Lagundi Abesbatza.
• Abenduaren 28an, 12:00etatik 20:00etara, Unamuno plazan, BilbaoHistoriko erakundeak antolatutako 'UNICEFen aldeko abesbatzen gerra'.
Ohi bezala, belenistek ere euren dioramak eta jaiotzak jarriko dituzte erakusgai, Santiago katedraleko klaustroan, Bariko San Nikolasen elizako arkupean, Eleiz Museoko klaustroan, San Nikolas plazan, Aste Santuko Pausoen Museoan, Erriberako Merkatuan eta Otxarkoaga-Txurdinaga Auzo Udaltegian.
Are gehiago...
Ohiko Bilbao BBK Izotz Pistak ere ateak irekiko ditu Gabonetan, Casilla pabiloian, abenduaren 6tik urtarrilaren 15era.
Era berean, zenbait azoka eta azokatxo ere egingo dira Gabonetan. Honakoak, hain zuzen ere:
• Gabonart Artisautza Azoka. Abenduaren 18tik urtarrilaren 5era, Arriaga antzokiaren alboan.
• Gabonetako azoka txikia. Azoka txiki honetan, 40 etxola egongo dira, eta, bertan, honakoak egongo dira salgai: Gabonetako apaingarriak, artisautza txikia, opariak, osagarriak... Bailen kalean egongo da kokatuta.
• Komentuko Gabon gozoak. Eleiz Museoko klaustroan.
• Atxuriko eta Alde Zaharreko Gabonetako Erdi Aroko Azoka. Atxurin, Enkarnazio plazan eta inguruan.
Gazteentzako jarduerak
Aurten ere, Udalak Gabonetarako aisialdi-aukera desberdina eskainiko die neska-mutilak dituzten familiei. Oporretan gazteentzako antolatutako programek kirola, kidetasuna eta antzeko balioak sustatzea dute helburu; lan egiteko orduan teknologia berriak erabiltzen dira modu ludiko bezain didaktikoan, eta, aldi berean, lana zein familia uztartzeko aukerak ere proposatzen dira.
Hiribilduko 6-13 urteko adingabeek talde-jokoak, igeriketa, tenisa edo saskibaloia egin ahal izango dituzte Bilbao Kirolak erakundeak antolatutako '2016-2017ko Gabonetako Kirol Dibertigarria' programako jardueretan, abenduaren 26an, 27an, 28an, 29an eta 30ean eta urtarrilaren 2an, 3an, 4an eta 5ean, Deustu, San Inazio, Txurdinaga eta Zorrotzako udal-kiroldegietan. Guztira, 1.134 leku eskainiko dira –haietako 54 dibertsitate funtzionala dutenentzat izango dira– jarduerak iraungo duen bederatzi egunetan. Izan ere, aurreko esperientzien arrakasta kontuan hartuta, eskainitako egunen eta lekuen kopurua gehitu da.
Halaber, umeen Gabonetako aisialdirako udal-programak ere jarriko dira abian, eta 384 leku eskainiko dira bertan: 5-8 urteko neska-mutilentzako 264 leku Gabongunean eta 9-11 urteko gazteentzako 120 Gabonkiden. Hartara, abenduaren 26tik 30era, neska-mutil parte-hartzaileek "Olinpiadetatik haratago" bidaiatuko dute, eta bi jardueretako gai nagusia Joko Paralinpikoak izango dira. Honako barrutik hauetako udaltegietan garatuko dira: Begoña, Irala, Otxarkoaga, Deustua, Zorrotza eta Castaños. Lehen aldiz, Abandoko barrutiak ere parte hartuko du programazioan, eta Sánchez Marcos ikastetxean garatuko da.
Horrez gain, 28-11 urteko gazteei 40 leku eskainiko zaizkie aisialdirako Zeure kabuz moldatu! programan, irudimena eta teknologia berriak garatzeko. Gazteak mundu birtualean murgilduko dira, robota sortuko dute ebakigarrien bitartez edo udaletxeko fatxada eraikiko dute Minecraften bidez, bertan eskainitako proposamen bat edo beste aipatzearren. Horrela, parte-hartzaileak mundu teknologikoan murgilduko dira, 3Dko inprimagailuak nola dabiltzan ikusi, eta irudia diseinatu eta inprimatuko dute. Gainera, robot bat kustomizatu eta programatuko dute zenbait proba gainditzeko gai izan dadin, eta errealitate birtualean barruratuko dira, ordenagailua keinuen bidez kontrolatzeko eta panpinak urrunetik mugiarazi eta hitz eragiteko. Amaitzeko, zirkuitu elektronikoen bidezko saiakuntzak egingo dituzte.
Galdeketaun
Gabonetako oporretan, Bilboko Udalak Nontzeberri.com atari kulturalaren laguntzaz antolatuko du Galdeketaun lehiaketaren beste edizio bat, 12-17 urteko gazte bilbotarrentzat. Ekimen ludiko eta hezigarri honen bitartez, adin-tarte horretako gazteek telefono mugikorrak euskaraz erabiltzeko eta beraiekin jokatzeko aukera paregabea dute.
Lehiaketan, nahi beste aldiz jokatu ahal izango dute urtarrilaren 31ra arte; bertan, test erako zenbait galdera egiten zaizkie kulturari, kirolei, arteari eta geografiari buruz. Besteak beste, Bilbo, Bizkaia eta Athletic dira gai nagusiak. Jokoa 'Google Play Storeren' bidez jaitsi daiteke.
Umeen Gidaliburua 2016ko Gabonetarako
Egunotan, Udalak Umeen Gidaliburua 2016ko Gabonetarako argitaratuko du on line, eta, bertan, 31 erakundek Bilbon Gabonetako oporretarako antolatutako 116 programa azalduko dira. Aplikazioa Udalaren webgunean egongo da eskuragarri: www.bilbao.eus
Ekimen honen bidez, urtarrilaren 8ra arte Bilbon familien edo 3-13 urteko neska-mutilen aisialdiari begira garatuko diren 600etik gora alternatibaren berri emango da.