Gabonak 2016

'Otxoteszena' ikuskizunarekin irekiko dituzte ostiralean Gabonetako Abesbatzen Kontzertuak

uriola.eus 2016ko abe. 5a, 15:30

Atxuriko, Deustuko, Santutxuko, Abandoko, Abusuko, Basurtuko, San Inazioko, Errekaldeko eta Castañoseko hamar elizak, Bilboko Udaleko Kultura Sailak antolatutako Gabonetako Abesbatzen Kontzertuak jasoko dituzte abenduaren 30era arte.

Aurtengo edizioan, ekimenak 23 talde bilduko ditu, eta ehun kantu baino gehiago eskainiko dituzte, horien artean Gabonetako kantak eta Euskal Herriko abesti herrikoiak, baina baita munduko beste leku batzuetakoak ere. Emanaldi guztietarako sarrera librea izango da.

Lehenengo emanaldiak aste honetan izango dira. Ostiralean, abenduak 9, Atxuriko Enkarnazio Elizak (19:30ean) Lur Maitea Otxotea, 'Otxoteszena' eta Otxarkoaga Abesbatza elkartuko ditu. 'Otxoteszena' ikuskizuna Portugaleteko Nazioarteko Otxote Jaialdiaren ekoizpen lan berritzailea da, eta antzerkia, dantza eta musika uztartzen ditu. Lehen aldiz dantzak protagonismoa hartuko du otxoteen genero honetan, dantza klasikoa, folklorea eta garaikidea uztartuz, eta emakumea ere sartuz. Gasteizen bizi den Gabriel Gonzalez dantzari eta koreografo venezuelarrak sortutako koreografiak hainbat estetika eramango ditu eszenara, dantza klasikoa, folklorikoa eta garaikidea lotuz. Berarekin batera Karla Pisano dantzaria eta Itziar Gutierrez eta Olga Martinez antzezleak arituko dira.

1930eko entsegu aretoetan girotuta dagoen “Otxoteszena” ikuskizunean, letren edukiaren arabera eszenaratzen da dantza, ondoren emakumearen ahotsari lekua utziz. Eta antzezle talde bilakatutako otxoteak berak emango dio amaiera antzezpenari, genero horretan bat ere ohikoa ez den eszenan jartzearekin.

Programazioak larunbatean, abenduaren 10ean, jarraituko du, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Oraingo honetan, Bilbao Argia Otxoteak, Sanfran Koruek eta Garaizarko Matxorriakek eskainiko duten kontzertua jasoko duen Deustuko San Pedro elizara joango da musika. Ondoren, Gabonetako Abesbatzen Kontzertuak Karmelo elizara, Jesuiten egoitzara, Abusuko Artzain Onaren elizara, Basurtuko Sortzez Garbiaren elizara, San Inazioko elizara, 5. parrokiara eta Errekaldeko Errosarioko Amaren elizara helduko dira, eta zikloa abenduaren 30ean itxiko da Castañoseko El Salvador elizan.

Programa honek bi helburu ditu: alde batetik, Bilboko abesbatzei, egun berezi hauetan gure Hirian aritzeko aukera eskaintzea; eta beste alde batetik, edozein adinetako eta edozein auzotako biztanleei, abesbatzen musika bikainaz gozatzeko aukera eskaintzea. Horrela, taldeek eskainiko duten errepertorioaren barruan abesti herrikoiak eta musika sakratua jasoko dira, Gabonetako mota guztietako kantei arreta berezia eskainiz.