Martxan jarri dute dagoeneko Atxuriko igogailu berria

uriola.eus 2016ko abe. 7a, 10:05

Zazpi Kaleak, Solokoetxe eta Santutxu artean dagoen Atxuri auzoaren orografia zaila kontuan hartuta, zenbait konbinazio egin behar izan dira auzoari irisgarritasuna emateko. Udalaren helburua hurbilago dago orain auzoko kiroldegia eta erabilera askoko kantxa Begoñako Errepublika kalearekin lotzen duten igogailu bertikala inauguratu eta abian jarri ondoren.

Igogailu bertikala eta kristalez hornitua da, 12 metroko distantzia salbatzen duena. 13 lagun sartzen dira bertan eta 212.282,95 euroko inbertsioa egin da.

Juan Mari Aburto Alkateak inauguratu duen igogailu berria iazko udan jendearentzat zabaldu zen kantxa estaliaren osagarria da. Azpiegitura biak proiektu handi baten barrukoak dira. Proiektu horrek auzotarren adostasuna izan du eta auzoari espazio estali handia eskaintzen dio, jarduerak egiteko bertan.

Aldi berean, Udala, Obra, Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailaren bidez, beste igogailu batzuetan ari da lanean: bata, inklinatua Ollerietagoienara igotzeko eta, bestea, Enkarnazio eta George Steer kaleak lotzeko.

Elementu mekaniko hauek egiten ari dira, 1.575.341,40 euroko inbertsioarekin. Proiektu honi esker, Enkarnaziotik Santutxuko behealderaino iritsi ahal izango da.

Atxuri auzoko irisgarritasuna hobetzeko lanak ez dira horretan geratzen. Udala beste azpiegitura bi ere ari da egiten: bata, Zabalbideko goiko partea Basobideko etxebizitzen promozio batekin konektatzeko eta beste mekanismo bat Ollerietabarrenako atarietako irisgarritasuna hobetzeko. Horrez gain, Udalak 2016an eta 2017an konexio bat egin nahi du igogailuarekin Miribillan eta igogailu inklinatu bat Santutxuko Laurencin Markesaren kalean.

Hauek jarduketa guztiak Aukera Guneen eta Baliabide Mekanikoen eta Segurtasuneko Bilboko Planaren (PAOMMA) barruan teknikoki zehaztutako lehentasunen barruan daude.

Bilboko elementu mekanikoak

Bilbon 28 igogailu daude, 24 instalaziotan. Horiez gain, arrapala eta eskailera mekanikoak daude 5 zonaldetan, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko. Izatez, irisgarritasuna lehentasunezko zeharkako ildoa da Bilboko Udaleko sailetan.

Teknikoki bideragarria den guztietan, Udala igogailuen alde agertzen da, irisgarritasuna kolektibo guztientzat lortzen delako. Izan ere, edozein egoeratan dauden pertsonak garraiatzeko gai dira. Xedea da Udalaren eskumeneko espazio, ekipamendu publiko, produktu eta zerbitzu guztiak apurka-apurka egokitzea, herritarrek oztoporik gabe erabili ahal izateko.