Kurdistanen aldeko manifestazioak Bilboko kaleak zeharkatuko ditu bihar

Zenbait gizarte-erakundek Kurdistanen aldeko eta giza-eskubidekiko errespetua aldarrikatzeko manifestazioa deitu genuen abenduaren 12an, larunbata, abenduaren 17rako. Aldi berean, Turkiako gobernuarekin "harremanak bertan behera uztea" eskatu genien antolatzaileok erakunde publikoei.

Bilbon eskainitako prentsaurrekoan adierazi genuenez, Plaza Eliptikoan ekingo diogu manifestazioari 12:30ean 'Faxismoaren aurrean, Gora Kurdistan' lelopean.

Bestalde, azaroaz geroztik Tayyip Erdogan presidente turkiarrak "errepresio-makina" martxan ipini duela salatu dugu, eta HDP alderdiko parlamentariak atxilotu dituela nabarmendu dugu. Halaber, estatu-kolpearen aitzakiak babestuta, errepresio-erasoa Turkia osoan hedatu dutela gaineratu dugu.

Hori guztia kontuan izanik, eta erakunde publikoei Turkiako gobernuarekin dituzten harremanak eteteko deia eginez, manifestazioa deitu genuen Bilboko kaleetan barrena, Kurdistanen alde eta giza eskubideak errespeta daitezen eskatzeko.