2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari Xabier Amurizak jantziko dio txapela

uriola.eus 2016ko abe. 12a, 09:15

Argazkia: Bizkaiko Bertsozale Elkartea

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Amurizak egindako "plazako eta isileko beharra" eskertu gura izan ditu, eta horregatik, berak jantziko dio txapela aurtengo Bizkaiko Txapeldunari larunbatean Bilbao Arenan.

Xabier Amuriza Sarrionandia bertsolariak jantziko dio txapela 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari. Zapatu iluntzean izango da hori, Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finalean. Finala 17:00etan hasiko da Bilbao Arenan.

Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Talde Antolatzailearen erabakiz izango da Xabier aurtengo txapel ipintzailea.

Bertso munduko "erreferente handia dugu Xabier": bai bertsolari moduan, txapeldun ere izan delako, baita bestelako jardunetan egindako beharrean ere. Bertsolaritzari "iraultza ekarri zion" Xabierrek, "aro berria" ekarri zuen. Bertsoaren inguruko "ikertzailea ere" izan da. "Dudarik gabe, bertsolaritza modernoak eduki duen figura nabarmenetakoa".

Aurten plazetatik erretiroa hartu du Xabierrek, baina, berak aitortu duen moduan, "bestelakoetatik ez". Bizkaiko Bertsozale Elkarteak "omenaldi txiki hau" egin gura izan dio Xabierri: aurtengo txapeldunari txapela janztea.

Zapatuan Bilbao Arenako oholtza gainera igoko da Xabier, eta berak edukiko du 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapeldunari txapela jazteko ohorea.