Nazioarteko prostituzio sare bateko bi buru atxilotu dituzte eta hiru emakumezko libratu dituzte

uriola.eus 2016ko abe. 13a, 10:00

Ertzaintzak sexu-esplotaziorako gizakien salerosketan ziharduen erakunde kriminal bat desegin du, azken urte honetan egindako operazio baten barruan. Polizia Nazionalak ere parte hartu du operazio horretan. Operazioaren barruan, sareko bi buruak atxilotu dituzte eta hiru emakumezko biktima libratu dituzte, horietako bat Bilbon. 

Ikerketa joan den urteko abuztuan hasi zen, Ertzaintzaren Ikerketa Kriminal eta Polizia Judizialeko Atal Nagusiko Pertsonen Kontrako Delituen Arloak jakin zuenean Nigeriako nazionalitateko emakume bat bere borondatearen kontra prostituitzera behartzen ari zirela.

Biktima, eta beste emakume bat, Nigerian bertan iruzur bidez erakarri zituzten, Espainian garbiketaren edo ostalaritzaren sektorean lan egingo zutela aginduta. Hiru hilabete baino gehiagoko bidaia egin behar izan zuten klandestinitatean Nigeria, Niger, Libia, Italia eta Frantzian barrena, Bilbora iritsi arte. Bidaia ordaintzeko bi emakumeek 30.000 euroko zorra sortu zuten bandarekin, eta, ordaintzen ez bazuten, haiek eta haien familiak hilko zituzten mehatxuak jaso zituzten.

Deskribatu zutenaren arabera, bidaia horretan ikusi zuten beste 100 bat emakumek bide bera egiten zutela beste erakunde delitugile batzuen kontrolpean. Boko Haram talde terroristaren mende dauden zonak zeharkatu zituzten, eta neke handiak izan zituzten basamortua gurutzatzean. Emakumeetako batzuk bidean bertan saldu zituzten esklabo.

Bilbora iritsi zirenetik, eta bi emakumeek sortu zuten zorra ordaintzeko, egunero prostituitzera behartu zituzten. Lortutako diru guztia erakunde kriminalak beretzat hartzen zuenez gero, emakumeek diru-eske ibili behar izan dute kalean. Gainera, maiz jasaten zituzten jipoiak eta mehatxuak, baita sexu-erasoak ere.

 

Prostituta nigeriarren kolektiboa ahulena

1985etik prostituzioan aritzen diren emakumeei informazioa eta laguntza ematen diharduen Askabide elkartearen arabera, nigeriarren kolektiboa da prostituten artean "ahulena". Marian Arias Askabideko kideak beharrezkotzat jo du pertsona horientzat "biktima aitortza" eta "laguntza".

 

Ikerketa koordinatua

Polizia-jardunak hasiera batean Bilboko 5. Instrukzioko Epaitegiaren koordinaziopean egin baziren ere, gero Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzioko Epaitegi Zentralera pasa ziren, ikertzen ari ziren erakundea nazioartekoa baitzen.

Operazioan bi gizonezko atxilotu dituzte. Horietako batek nazionalitate nigeriarra du, eta Alemaniako Jestetten Scholssbergstr herrian atxilotu dute. Bestea kamerundarra da eta Bilbon atxilotu dute. Era berean, hiru emakumezko biktima libratu dituzte, eta ez da baztertzen atxiloketa gehiago egitea, ezta eraginpean egon daitezkeen beste emakume batzuk aurkitzea ere. Polizia-operazioaren barruan lokalak arakatu dira Alemanian zein Bizkaiko hiriburuan.

 

Erakartzeko erritua

Jatorri nigeriarreko emakumeen salerosketarako biktimak erakartzeko prozesua 'juju' edo budu erritu espiritual bidez egiten da. Erritu horietan ezartzen den itunaren bidez, trafikatzaileak bidaia antolatzeko eta bidaiaren ondoriozko gastuak finantzatzeko konpromisoa hartzen du, eta emakumeek esaneko izateko, zorra ordaintzeko eta poliziarengana ez jotzeko eta ez salatzeko konpromisoa hartzen dute. Erritu bidezko lotura hori, "garrantzia handiko elementua da Afrikako kontinentea jatorria duen gisa horretako delinkuentzian", Ertzaintzaren arabera.