Bilboko metroko tarifek %2,4ko batezbesteko igoera izango dute 2017an

uriola.eus 2016ko abe. 14a, 10:00

Metro Bilbaoren Administrazio Kontseiluak 2017 ekitaldirako aurrekontua onartu du. Bertan jasotakoaren arabera, metropoli-trenak 75 milioi eta erdi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, aurtengo ekitaldiko zifra baino %1,4 txikiagoa. Batezbeste tarifak %2,4 garestituko dira. Epe laburrean jakinaraziko dute Metro Bilbaoko ordezkariek bidaia txartelek izango duten igoera zehatza. 

Metro Bilbaoren Administrazio organoak onartutako aurrekontuaren arabera, estaldura-indizea %84tik gorakoa izango da; beraz, operazio-defizita osatzen duten gainerako 12,5 milioiak Bizkaiko Garraio Partzuergoak emango ditu eta Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatuko dituzte, zati berdinetan.

Onartutako aurrekontuaren arabera, tarifen %2,4ko batez besteko igoerarekin, trenaren mantentze- eta biltegiratze-lanei dagozkien partida nagusien gastuari "ondo aurre egin ahal izango zaio", Metro Bilbaoren Administrazio Kontseiluaren esanetan. Horien barruan daude material mugikorra, trenbidea eta katenaria, balioztatze-makinak eta txartelak emateko makinak, igogailuak eta eskailera mekanikoak, baita sistema informatikoak ere. Metro Bilbaok 20 milioi euro inguru bideratuko ditu helburu horretara. Beste partida esanguratsu batzuk honakoak dira: garbiketa (4 milioi eurotik gora) eta segurtasuna (5 milioi euro). 

Aipatu behar da, "kanpo zerbitzu profesionalen kontratazio-gastuari eusteko ahalegina egin duela metroak", eta %13 murriztu da 2016arekiko. Energia gastuari dagokionez, konpainiak "asko aurreztea" aurreikusi du, efizientzia energetikoaren arloan burututako ekintzen ondorioz, eta ETS, Transports Metropolitans de Barcelona (TMB), Malagako Metroa eta Murtziako tranbiarekin batera egindako tentsio altuko energia erosketaren ondorioz. Horri guztiari esker, tentsio altuko energiaren gastuagatik ordainduko dena %5,6 jaitsiko da 2016arekin alderatuta; hau da, 7 milioi euro baino zerbait gehiago. 



Gertaera garrantzitsuen urtea

2017an gertaera "garrantzitsuak" izango dira: Alde Zaharreko geltokian berriro irekiko da San Nikolaseko sarbidea, Euskotrenek gidatuko duen 3. linearen inaugurazioaren barruan. Urdulizen lurperatu den geltokia ere inauguratuko da eta Sopela eta Plentziaren arteko tren bidezko zerbitzuari ekingo zaio berriz ere. Une horretatik aurrera, ez da autobus bidezko garraio-aldaketa egin behar izango.



Zerbitzua gau osoan zehar datozen bi ostiraletan, hilak 16 eta 23

Datozen bi ostiraletan, abenduak 16 eta 23, gau osoko zerbitzua eskainiko du metroak. Ekimen honekin herritarren mugikortasuna erraztu nahi da, Gabon aurreko datotan lagun eta senideekin biltzeko ohiturari erantzunez. Zerbitzu hau martxan jarrita, garraio-eskariari erantzun eraginkorra emango zaio ostiraleko lehenengo ordutik igandeko 23:00ak bitartean.