Mankiewicz anaiei eskainitako zikloa, abendutik martxora Azkuna Zentroan

zinea.eus 2016ko abe. 14a, 08:00

Argazkia: moviemovesme.com

Herman eta Joseph Mankiewicz gidoigile eta zinegile estatubatuar laudatuen dozenatik gora film eskainiko ditu gaur hasita Azkuna Zentroak Mankiewicz Vs. Mankiewicz zikloan, Ruben Corral zinema programatzailearen eskutik.

Herman eta Joseph Mankiewicz, gidoigile eta zuzendaria, hurrenez hurren, XX. mendeko Hollywoodeko sortzaile handienen taldeko kideak dira. Bien arteko harremana, baina, ez zen bereziki ona, 20ko eta 30eko hamarkadetako gidoigile indartsuenetako bat zen Herman anaia zaharrak Joseph gazteari bidea ireki bazion ere.

Hermanek gidoigintzan jarri zituen indarrak hasieratik, eta pixkanaka ekoizteari ere ekin zion arren (tartean, Marx Anaien Duck Soup laudatua), gidoilari gisa egindako lanengatik da ezaguna. Bere ibilbideko mugarri garrantzitsuenak Orson Wellesekin batera idatzi zuen Citizen Kane (Oscar saria eskuratu zuen) eta 1942ko The Pride of the Yankees (Sam Wood) filmak izan ziren, baina jokoarekin eta alkoholarekin zituen arazoek newyorktarraren ibilbide profesionala oztopatu zuten, eta 1953an zendu zen, 55 urterekin.

Joseph gazteak, ostera, anaiak emandako aukera baliatu zuen Hollywooden bideari ekiteko. 21 urterekin, soldatapean jarduten zuen Hollywoodeko gidoigile gazteena zen, eta pixkanaka egin zuen gora, 40ko hamarkadan, industriako gidoigile eta zuzendari entzutetsuenetako bat bilakatu zen arte. 1949an eta 1950an zuzendari eta gidoi onenaren Oscar sariak jaso zituen A Letter to Three Wives eta All About Eve filmengatik, hurrenez hurren, eta ostean New Yorkera joan zen bizitzera, bere hitzetan, bere ibilbideko film onena izango zen Julius Cesar errodatzera Marlon Brandorekin.

50eko, 60ko eta 70eko hamarkadetan beste hainbat film aurkeztu zituen, tartean, Sleuth maisulana, eta 1972an zendu zen, 83 urterekin.

 

Zikloaren egutegia

Azkuna Zentroak, beraz, bi anaien obrak berreskuratu nahi izan ditu, eta Mankiewicz Vs. Mankiewicz izeneko zikloa antolatu du abendutik martxo hasierara. Film gehienak birritan emango dituzte, aste beren, eta anaia batek zuzendutako lana besteak idatzitako gidoidun obrarekin batu dute hainbat kasutan.

Emanaldiak Golem zinemetan egingo dituzte, eta sarrerak 4,5 euroan eskuratu ahal izango dira (3,5 euroan bazkide direnek).

Segidan duzue egitarau osoa:

  • Abenduaren 14an 17:00etan eta 15ean 19:30ean: All About Eve (Joseph Mankiewicz, 1950)
  • Abenduaren 14an 19:30ean eta 15ean 17:00etan: Citizen Kane (Orson Welles, 1941)
  • Abenduaren 21ean 17:00etan eta 22an 19:30ean: 5 fingers (Joseph Mankiewicz, 1952)
  • Abenduaren 21ean 19:30ean eta 22an 17:00etan: The Pride of the Yankees(Sam Wood, 1942)
  • Urtarrilaren 11n 17:00etan eta 12an 19:30ean: The Barefoot Contessa (Joseph Mankiewicz, 1954)
  • Urtarrilaren 11n 19:30ean eta 12an 17:00etan: A Letter to Three Wives (Joseph Mankiewicz, 1949)
  • Urtarrilaren 18an 19:30ean eta 19an 17:00etan: Julius Cesar (Joseph Mankiewicz, 1953)
  • Urtarrilaren 25ean 17:00etan eta 26an 19:00etan: Guys and Dolls (Joseph Mankiewicz, 1955)
  • Otsailaren 1ean 17:00etan eta 2an 19:00etan: The Honey Pot (Joseph Mankiewicz, 1967)
  • Otsailaren 8an 17:00etan eta 9an 19:00etan: Sleuth (Joseph Mankiewicz, 1972)
  • Otsailaren 15ean 17:00etan eta 16an 19:30ean: The Ghost and Mrs. Muir(Joseph Mankiewicz, 1947)
  • Otsailaren 15ean 19:30ean eta 16an 17:00etan: Dinner at Eight (George Cukor, 1933)
  • Otsailaren 22an 17:00etan eta 23an 19:00etan: No Way Out (Joseph Mankiewicz, 1950)
  • Martxoaren 3an 17:00etan eta 2an 17:00etan: Cleopatra (Joseph Mankiewicz, 1963)