Datorren abenduaren 21ean, frankismoaren krimenen aurkako kereila argentinarraren baitan, Erkiziak Servini epailearen aurrean deklaratuko du azaltzeko nola 1975ean, apaiza zela, atxilotua eta torturatua izan zen Indautxuko komisaldegian.
Hiru udal taldeek eskatu dute Bilboko Udalak "biktima honi eta bere familiari elkartasuna adieraztea gertatutakoaren egia azaleratzeko eta frankismoko diktaduran egindako krimenekin justizia egiteko".
Elkarretaratzea
Era berean, hiru udal taldeek Erkiziak deklaratu behar duen egunean epaitegi aurrean egingo den elkarrateratzean parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak. Frankismoaren zigorgabetasunari 0 tolerantzia lelopean deitu du elkarretaratzea Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformak abenduaren 21ean 10:30ean.
Deklarazio gehiago
Frankismoaren krimenak ikertzen ari den Maria Servini epaile argentinarrak erregu gehiago egin ditu, eta ondorioz, deklarazio gehiago agindu ditu. Besteak beste, abenduaren 16an deklarazioa hartuko dio 97 urteko Julia Lanas Zamakolari Gernikako epaitegian. Bai Julia bai bere familia "gogorki zigortu zituen 1936ko altxamendu militarrak", Frankismoaren Krimenen aurkako Kereilaren Euskal Plataformako kideek adierazi dutenez.
Abenduaren 21ean, berriz, Tasio Erkiziak erantzungo die Bilboko 7. Instrukzio Epaitegian Sevini epailearen galderei 10.30ean. 1975. urtean "era basatian torturatu zuten" Erkizia.
92 urteko Luis Maria Ormazabal Perez ere deitu du deklaratzera epaileak, baina Bilboko epaitegiak "itzuli egin du" Servinik eginiko eskaria. Ormazabal 50eko hamarkadatik jardun da borroka sindikal eta antifrankistan. PCEko kidea da. 60 eta 70eko hamarkadan atxilotua, torturatua eta hainbat aldiz espetxeratua izan zen.