Udalak lehen aldiz dei egin du datorren zapatuan, abenduak 17, goizean, Azkuna Zentroan, Bilboko zurrumurruen aurkako agenteen urteko topaketa egiteko. Aurreikuspenen arabera 40 agente baino gehiago bilduko dira.
2016. urtean egindako prozesuaren amaiera da topaketa hau. Bertan ekintzen balorazio bateratua egingo dute agenteek; eta proiektua hobetzeko espazioak identifikatuko dituzte. Zurrumurruen aurkako herritarren sareak zabaltzeko eta indartzeko zenbait formula ikertuko dituzte. OPENSpace metodologia erabiliko dute. Behin jardunaldiaren helburuak planteatuta, parte-hartzaileek zehaztuko dituzte landu beharreko gaiak; hau da, lehentasuna dutenak; eta aldi berean egiteko zenbait bilera antolatuko dituzte. Agenda, hortaz, ez dago itxita; izan ere, parte-hartzaileak eurak dira protagonistak saioan eta zein gairi buruz hitz egin eurek erabakiko dute. Horretarako dinamizatzaile-talde baten laguntza izango dute. Orain arte lortutakoak azpimarratu eta 2017ko erronkak zehaztuko dituzte.
Zurrumurruen estrategiaren bidez Udalak Herritarren eta Aniztasunaren Udal Planean lehenetsitako ekintzetako bat garatzen du, arrazakeriari eta xenofobiari aurre eginez. Proiektuaren metodologia herritarren zuzeneko partaidetzan dago oinarrituta. Horri esker, sentsibilizatzeko ekintzak burutzen direnean horiek eragingarriagoak dira, auzokoak eurak direlako egiazko informazioaren oihartzuna eginez euren erreferentziako inguruetan komunikatzen dutenak, konfiantzazko harremanak sortuz eta elkarrizketarako eta hausnarketarako espazioak sortuz. Itziar Urtasun Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotziaren hitzetan pertsona asko daude estrategia honen balioekin konprometituta; eta Bilbo tolerante, ireki eta errespetuarekin zein aniztasunarekin konprometitua eraikitzen lagundu nahi dietenak. Pertsona horiei tresnak ematen dizkiete apurka-apurka estrategiaren helburuak lortzeko. Saila hiru barrutitan ari da lanean, nahiz eta uriko barruti guztietara heltzeko asmoa izan. 2017an Basurtun ere lan egingo dute estrategia hau burutzen. Kontua estrategiarekin gero eta pertsona gehiagok bat egitea eta ezelango bereizketaren aurka dauden pertsonak sarriagotan ikustea da.
Bilboko zurrumurruen aurkako proiektua
Zurrumurruen aurkako proiektua gizartea sentsibilizatzeko eta herritarrek parte hartu ahal izateko estrategia da, gizartean oso zabalduta dauden atzerriko etorkinen aurkako estereotipoei aurre egin eta horien aurka borrokatzeko. Bertoko agente-sare bat sortzea eta finkatzea da helburua; baita norbere izenean kulturartekotasunaren alde, aniztasuneko bizikidetzaren alde eta uriko auzoetan bereizkeriaren aurka lan egiten duten pertsonek osatutako sarea. Begoña, Deustu eta Errekaldeko barrutietan garatzen ari dira proiektua zurrumurruen aurkako 83 agente: 32 Begoñan, 32 Deustun eta 19 Errekalden. Estrategiaren balioekin konprometitutako pertsonak dira agente horiek eta urte guztian euren erreferentziako inguruetan sentsibilizatzeko eta inpaktua eragiteko zenbait ekintza burutu dituzte.
Esku hartuko den auzoetan bilaketa bereziak eginez erakartzen dira proiekturako zurrumurruen aurkako agenteak. Horrela bada, entitateak, elkarteak, dendak, ostalaritzako establezimenduak eta erreferentziako pertsonak identifikatu egiten dira Bilboko auzoetan. Taldeka norbere burua aurkezteko saioak zein banaka eurekin bilerak eginez proiektuaren helburuak aurkeztu eta parte hartzera dei egiten zaie agenteak izan daitezkeenei. Estrategian parte hartzen ari diren pertsonek sarritan agente gehiago erakartzen dituzte, harremanetarako espazioen bidez.
Agenteei lehendabizi prestakuntza ematen zaie eta eduki hauak lantzen dira:
• Immigrazioa: Estereotipotik xenofobiara. Besteak beste, gai hauek lantzen dira: estereotipo negatiboak eta immigrazioa, nazionalismo metodologikoa eta nazioaren lehentasunaren ustea, eta inpunitate eremuak.
• Zurrumurruak identifikatuz. Migratzaileei buruzko zurrumurruak eta aurreiritziak identifikatzea.
• Komunikazio-estrategiak zurrumurruen aurrean. Komunikazio-elementuak eta erantzuteko estrategiak, estereotipoei eta aurreiritziei aurre egiteko tresnak: estrategia afektiboak eta komunikaziozkoak.
Behin prestakuntza hau jasota, agenteek eurek diseinatzen eta abian jartzen dituzte euren erreferentziako inguruetan jarduerak, Bilboko biztanle atzerritarrei buruzko datu objektiboen informazioa zabaltzeko, horrela elur-bolaren metodologia desmuntatzeko, jendearen artean bolo-bolo dabiltzan etorkinei buruzko uste okerrak, zurrumurruak eta estereotipoak desmuntatzeko.
Bilboko Udalak Europako Kontseiluko Cities izeneko kulturarteko sarean parte hartzen du. Horretan Bilbon garatzen ari denaren moduko sentsibilizazio-proiektuak burutzen ari dira Europako hiri batzuetan, eta sare honen bidez hiri horiek lan-esperientziak eta praktika onak partekatzen dituzte. Estatu mailan ere badago hirien arteko koordinazioa, zenbait jarduera denek batera egiteko eta esperientziak trukatzeko.
2016ko balantzea
2016an mota askotako jarduerak burutu dituzte agenteek gizartean eragiteko; esate baterako; zurrumurruen aurkako tailerrak, zineforuma, informazio-mahaiak zenbait ekitalditan, kirol jarduerak, antzezpenak, gastronomia-arloko jarduerak eta hitzaldiak. Guztira, sentsibiizazio-kanpainako jarduera horien bidez, 1000 pertsonarengana heltzea lortu dute.
Aurten zurrumurruen aurkako agenteen sareak egindako eskaeren artean eskolan lan egitea dago, arlo horretan estereotipoei eta aurreiritziei aurre egiteko beharra ikusi delako. Ildo horretatik mintegi bi antolatu dira: bata eskolan gehien zabalduta dauden zurrumurruak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko datu objektiboak emateko; eta bestea irakasleei tresnak emateko ikasgeletan bizikidetza aniztasunean lantzeko eta arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka lan egin ahal izateko. Online egoteko tresna bat diseinatu dute: film labur bi, ikusmolde batzuetatik zurrumurruen eta estereotipoen gaia lantzeko material didaktikoak prestatu direlarik ikasle eta irakasleentzat. Ikastetxeen esku dago tresna hori eta jarduerak 2017ko ekainera arte burutu ahalko dituzte. Horrez gain, ikasleen guraso-elkarteekin ere lan egin da, estrategiari buruzko hitzaldiak eginez. Eskoletan esku-hartzea datorren ikasturtean proiektuak lan egiteko lehentasunen artean dago jada.
Proiektuarentzat gazteak dira lehenetsitako kolektibo bat. Horregatik zurrumurruen aurkako proiektuak gazteekin esku hartzeko politika indartu du, Gazteguneen bidez, hain zu zuzen, gazteei prestakuntza emateko hezitzaileak trebatuz eta gazteekiko dinamikak sortuz. 2017rako, zurrumurruen aurkako dinamiken eta gazteekin esku hartzeko gakoen esku-liburu bat prestatzen ari dira orain. Datorren urtean Zurrumurruen aurkako Gazteen Goi Bileraren II. Edizioa izango da. Bertan Estatutako zenbait hiritako gazteek, estrategia hau lantzen ari direnek, hausnarketa egingo dute denak batera eta modu kolektiboan proposatuko dituzte ekintzak. Gazteen lehenengo goi-bilera Sabadellen izan zen eta Bilbo, Getxo, Tenerife, Bartzelona, Sabadell eta Donostiako gazte batzuk bildu ziren.
Gazteekin lan egiteko arloan, kirola ere berebiziko garrantzia duen pieza da gazteek estrategiaren edukiak euren egiteko. 2016an agenteen sarean sartu dira gazteen kirol klub batzuk. Horiek klubei lotutako gazteekin eta hauen familiekin dinamikak sortu dituzte. Klub horiek Iturrigorri kirol elkartea, Itugarpe kirol kluba, Betolatza kirol kluba eta Bilbao Rugby unibertsitate-kluba dira. Kulturarteko bizikidetzaren aldeko kirol lehiaketak ere antolatu dira.
Agenteen profilak
Zurrumurruen aurkako agenteen profilak asko izatea funtsezkoa izan da 2016an. Datozen edizioetan ere proiektuan parte hartzen dutenen profilak era askotakoak izatearen alde egingo du udalak. Parte-hartzaileak. Ekimenean 51 emakumek eta 32 gizonek parte hartzen dute, agente gehienak bertakoak dira eta arlo askotakoak, esate baterako, kirol, kultura, arte, gizarte, auzo, antzerki zein merkataritza-arloak. Sare barruko aniztasunak eragin handiagoa lortzen du proiektuaren informazioaren jasotzaileengana heltzeko orduan, hauek ere oso anitzak dira-eta.
Sormena ere funtsezkoa da estrategian, jendea erakartzeko eta eragina izateko. Agenteen sareak baloratu du sormena; eta sormena zurrumurruen arteko diseinuan lantzeko mintegi bat antolatu zuen, lan-ildoak identifikatzeko. 2017an sormen eta berrikuntzari loturiko bideak esploratuko dira.
2017an lan egiteko plana
Lan-ildo, ikasketa, esperientzia eta proposamen hauek guztiek lekua izango dute datorren zapatuan izango den topaketan, zurrumurruen aurkako agenteek hausnarketa egiten dutenean eta datorren urtean lan egiteko planaren diseinuan zuzenean parte hartzen dutenean. Jardunaldian agenteen sarearen kanpainaren bideoa aurkeztuko dute. Horretan lan-prozesu osoa azalduko da eta garatutako ekimen batzuetan azpimarra ipiniko da.
Arestian esan bezala, 2017rako estrategian aurreikusita dago Basurtuko barrutira zabaltzea; eta, horretarako, orain barrutiko erreferentziako entitateak eta pertsonak identifikatzen ari dira proiektuan parte hartzeko interesa edukiz gero, erakartzeko.
Informazio gehiago:
www.facebook.com/antirumoresbilbao
Ekimenean interesatuta dauden pertsonek hona idatz dezakete: antirumores@bilbao.eus