'2016ko Bilboko ospetsuak' izendatu dituzte

uriola.eus 2016ko abe. 15a, 08:44

Jose Angel Iribarrek, Sara Estévezek, Xabier Kintanak, Jose Antonio Garridok eta Begoña Ruedak jaso dute '2016ko Bilboko Ospetsuak' deritzon aintzatespena.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak saritu zituen atzo arratsaldean '2016ko Bilboko Ospetsu' berriak. Ohorezko aintzatespen honen bitartez, Udalak, gaurdainoko ibilbidean hiriaren izen ona zabaldu duten pertsona edo erakundeen lana saritu nahi du.

2001ean sortutako sari honen helburua, Juan Mari Aburtoren esanetan, "gure hiriaren azkenaldiko historiarekin garatu eta historia horretan behin-betiko txertatuta geratu diren bizitzak eta ibilbideak aldarrikatzea" da.

Aurten, Udalak bost lagun berri gehituko dizkio Bilboko Ospetsuen zerrendari:

• Jose Angel Iribar, El Txopo, Athleticeko atezain mitikoa, "munduko onenetarikoa".

• Sara Estevez, lehenengo kirol kazetari eta kronista, bere ibilbide baliotsuagatik.

• Xabier Kintana, euskaltzaina, filologoa, ikerlaria eta idazlea, euskararen erabilera sustatu eta erabiltzeko eskubideak zaintzeagatik.

• Jose Antonio Garrido, enpresa-ibilbide garrantzitsua egiteagatik eta Bilboko etorkizunaren alde jardun duen langile nekaezin eta handinahia izateagatik.

• Begoña Rueda, ezgaitasunak dituzten pertsonen eskubideen alde borroka egiteagatik eta Esklerosi Anizkoitzaren Elkartearekin egin duen lanagatik.

Alkateak ekitaldian adierazi zuenez, "bost izen hauek Bilboren azkenaldiko historia aberastu dute, eta nork bere zereginetik, hiri hau solidarioagoa eta inklusiboagoa, jakintsuagoa, euskaldunagoa eta modernoagoa egiten lagundu duzue, enpresez eta jarduera ekonomikoz hornituagoa eta, nola ez, zurigoarriagoa eta Athletic-zaleagoa".

Aburto Alkateak eskerrak eman zizkien aurtengo bost sarituei "egindako ekarpenagatik", eta argi utzi zien hemendik aurrera "Bilboko ospetsu berriak" direla, "gure hiriko enbaxadore eta faro berriak".

Bilboko Ospetsuen zerrendan, aurtengo bost sarituak barne, 89 lagunek osatzen dute orain arte: musikariak, abeslariak, konpositoreak, historialarik, idazleak, sukaldariak, aktoreak, enpresak, enpresa-zuzendariak, ikastetxeak, zinema-zuzendariak, modako profesionalak, artistak, jatetxeak…