Xabier Kintana: "Hiri euskaldunena izan arren, Bilbok ez du euskaldun itxurarik"

bertonaldizkaria 2016ko abe. 15a, 09:58

Argazkiak: Bilboko Udala

2016ko 'Bilboko ospetsu' izendapena jaso duten bost lagunetako bat da Xabier Kintana. Udalak berari eginiko aitortza "bilbotar euskaldunei eginiko merezimendua" dela uste du euskaltzainak.

Jaiotzez bilbotarra da Xabier Kintana eta "urte luzez" bizi izan da Bilbon. "Bizitza gehiena eman dut bertan", dio. Eta atzo iluntzean "Bilbo hiriaren izen ona zabaltzen laguntzeagatik" jaso zuen Aburto alkatearen eskutik 'Bilboko ospetsu' saria.

Merezimenduak eta aitortzak "beti poza ematen du", Kintanaren esanetan, "batez ere etxekoengatik". Baina, "justiziaren aldetik", merezimendu handiagoa dute "Bilboko seme-alabak izan ez arren, kanpotik hiriaren alde egin dutenek". Ohikoa den jokabidea da Paris edota Londresen, esaterako. Hiriari egin dioten ekarpenagatik, kanpotar askoren izenak agertzen dira hiritar izen handiekin batera. "Gure artean horrelakoak ere baditugu", Kintanaren iritziz, baina aitortzarik gabe, eta "horren falta dugula" azpimarratzen du. 

 

Etsenplu sinbolikoa 

"Oraintsu arte" erdalduna izan den hirian, "pertsona batzuk berriro ere Bilbora euskara ekartzearekin" tematuta jardun dute. "Ikastoletako irakasle askok", besteak beste, eta "nolabait", bere lana beste askoren "etsenplu moduan" hartu du Udalak saria ematerako orduan: "Ni hartu naute pixka bat sinbolikoki, baina badira beste asko nik beste meritu dutenak".  

 

Hiriak ez du euskaldun itxurarik

Kintanak Anaitasuna eta Argia aldizkarian argitaratutako testuetan defendatu du "Bilboren euskalduntasuna". Bere aburuz, "nolabaiteko itxaropen gunea da" Bilbo euskararentzat. Izan ere, "hiri euskaldunena da, jende euskaldun gehien bizi den hiria, nahiz eta euskaldunak sakabanatuta bizi diren eta ondorioz, hiriak ez du euskaldun itxurarik; euskaldunak ez dira hainbeste ikusten". 

Euskararen ikusgarritasun falta saltokietan atzematen du batik bat. "Hizkuntzaren agerrera publikoa egiten dutenek egiten diote euskarari kasu gutxien". Leku askotan jartzen dituzte oharrak eta iragarkiak frantsesez, ingelesez... "eta zoritxarrez, euskaraz ez". 

 

Argazkian, ezkerretik hasita, Jose Antonio Garrido, Begoña Rueda, Jose Angel Iribar, Juan Maria Aburto, Sara Estevez eta Xabier Kintana. 

 

[2016-12-14] Bost 'bilbotar ospetsu' berri