The Killers, BBK Live Jaialdiko kartelburu berria

uriola.eus 2016ko abe. 15a, 12:24

Ikusleek gehien desiratzen duten kartelburuetako bat iragarri du Bilbao BBK Live jaialdiak: Ameriketako Estatu Batuetako The Killers taldea. 2017. urtean iberiar penintsulan taldearen ikuskizun bat hartuko duen jaialdi bakarra izango da Bilbokoa. 

Taldeak 2004. urtean kaleratu zuen Hot Fuss izeneko lehenengo LPa, non haien bi gai mitiko sortu zituzten: Somebody told me eta Mr. Brightside. Ez du inork zalantzan jartzen The Killers taldeak abesti ospetsuak sortzeko duen gaitasuna. Spaceman, Human eta Bones dira bandaren lan ezagunenak, eta orain arte mundu osoan 22 milioi disko baino gehiago saldu dituzte. Grammy sarietan zazpi izendapen, bi Brit Awards eta lau NME lortu dituzte. 

The Killers Las Vegas hirian sortu zen 2001. urtean, taldeko frontmana den Brandon Flowers kasino batean egin zen Oasis taldearen kontzertutik txundituta irten eta gero. Izan ere, ondoren, gitarrista, baxua eta bateria bilatzen zituela zioen iragarkia jarri zuen bertako egunkari batean.

Eskaintzaren amaiera, Gabonetako paketea eta Bizkaiko Kultur Txartela

Jaialdiko sarrerak 96 euroan (gehi gastuak) egongo dira salgai abenduaren 19ra arte, une horretan amaituko baita eskaintza. Gainera, jaialdira joan nahi dutenek Gabonetan 'Enjoy Fests pop up' store delakoan erosi ahal izango dituzte sarrerak, gutxi barru Bilbon irekiko dena. Bertan, Bilbao BBK pakete esklusiboa egongo da salgai eduki oso bereziekin, besteak beste: Ricardo Cavolok diseinatutako kirol-jertsea, bildumagileentzako bonu berezia eta eguzkitako betaurreko esklusiboak.

Laugarren urtez jarraian, Bizkaiko ikusleek B motako Bizkaiko Kultur Txartela erabili ahal izango dute Bilbao BBK Live jaialdiko bonuak erosteko Txartelarekin bonuak erosi ahal izango dira 2017ko urtarrilaren 28ra arte edo erabat agortu arte. Txartelek 28 euroko prezioa dute, baina erosteko 40 euroko balioa, eta, gainera, 'Enjoy Fests pop up' store delakoan bonuak erosteko erabili ahal izango dira.