Liburuaren inguruko esperimentazioa eta ikerketa artistikoa

uriola.eus 2016ko abe. 16a, 07:00

Argazkia: banizunizuke.com/bala

Ohiko formatuetatik haratago, liburuaren inguruko esperimentazioan eta ikerketa artistikoan sakontzen duten edizio-moduak biltzen dituen azoka da BALA (Bilboko Arte Liburu Azoka). Arratsaldean zabalduko ditu ateak laugarrenez.

BALAk plataforma izan nahi du euskal eremuko edizio independentearen munduan goraka doazen jardunbideentzat, euskal artista garaikideen argitalpen-lana sustatzeko (liburuak, katalogoak, autoedizioak, argitalpen originalak edo fanzineak) eta elkarrizketarako gunea sortzeko.

Ildo horretan, hitzaldiak, aurkezpenak eta lantegiak antolatu dituzte, edizioaren gaitasun artistikoak eta hasieratik argitaratutako baldintzak erakuste aldera.

Bailen kaleko 27an, hiru egunez, abenduaren 16an, 17an eta 18an, editoreek, artistek, liburu-dendek eta fanzineek espazio bera konpartituko dute. Guztira, 60 sortzaile, ekoizle eta saltzaile inguru bilduko dira.

Erakusketa eta argitalpen-salmentaz gain, aurkezpenak, hitzaldiak eta tailerrak ere izango dira.

Sarrera doakoa izango da.

Gaur, hilak 16, 16:00etan emango diote hasiera Bilboko Arte Liburu Azokaren laugarren edizioari.

Abenduaren 17an eta 18an, BALA azoka 11:00 - 21:00 bitartean egongo da zabalik. 

 

banizunizuke.com/bala