San Anton zubia eta Eliza Europako futbolaren historian sartu dira

uriola.eus 2016ko abe. 15a, 09:30

Hasi da Bilbon UEFA Euro 2020 txapelketa egiteko atzera-kontaketa. San Anton zubia eta eliza, hiriko sinboloak, hiribilduko armarrian daudenak, izango dira lehen mailako kirol-deialdi horren egoitza gisa Bilbok erabiliko duen logo ofizialaren irudia. 

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Alekxander Ceferin UEFAko presidenteak eta Angel Maria Villar Espainiako Futbol Federazioko presidenteak une honetatik aurrera Bilbao markarekin batera agertuko den ikonoa aurkeztu zuten atzo, ekitaldi horretako jarduera guztiei lotuta agertuko dena. Ekimenak eragin handia izango du Bilbon eta Bizkaiko hiriburuak nazioartean kirol-hitzordu garrantzitsuak hartzeko duen gaitasuna indartuko du.

San Anton zubia eta eliza, XIV. eta XV. mendeko Bilboren jatorriari lotuak, horrela, Europako futbolaren historian sartuko dira eta zigilua utziko dute. Halaber, data garrantzitsua da kirol-egutegian, gorriz markatuta dagoena, Eurokoparen hirurogeigarren urteurrena baita. Bilbok ez dauka logo adierazgarriagorik urteurren hain berezi bat ospatzeko. Bertan, Munich, Baku, Brusela, Kopenhage, Glasgow, Amsterdam, Budapest, Bukarest, Erroma, Dublin, San Petersburgo eta Londres hiriekin partekatuko du protagonismoa. Guztira, hamahiru hirik hogeita lau selekzio hartuko dituzte 2020. urtean; horrenbestez, munduko jokalaririk onenek baloiarekin egiten dakiten guztia erakutsiko dute Henri Delaunay trofeoa irabazteko, 1960. urtean sortu zena UEFAko lehenengo idazkari nagusia eta Eurokoparen sustatzailea izan zenaren omenez.

Delaunay trofeoa Areto Arabiarrean

Kopak 8 kilogramoko pisua eta 60 zentimetroko altuera du eta UEFArena da. Atzo Bilboko Udaletxeko Areto Arabiarrean egin zen irudi berriaren aurkezpenean mahaiburua izan zen. Bertara, udaleko, Bizkaiko Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta Athletic Club taldeko ordezkariak hurbildu ziren, bai eta hiriko, lurraldeko eta Euskadiko kirol-erakunde eta -eragileak ere.

Jose Angel Iribar atezain ospetsuak inaugurazioan parte hartu du Juan Mari Aburto, Aleksander Ceferin eta Angel Maria Villarrekin batera. Henri Delaunay trofeoa 2008. urtean berriztatu zen eta marmolezko oinarriaren ordez zilarrezkoa jarri zitzaion, kopa fabrikatzeko erabili zen bera, hain zuzen ere. Trofeo bakarra da, eta hiru aldiz jarraian edo guztira bost aldiz txapeldun izan diren selekzioek baino ezin izango dute erreplika bat jaso. Futbol talde irabazleek hala nahi izanez gero, kopiak egin ditzakete, baina "erreplika" hitza ondo ikusteko moduan izango dute beti.

San Mames, txapelketaren egoitza

San Mames estadioa, 'katedrala', izango da Eurokopa 2020ko aurreko faseko hiru partiden eta kanporaketa-txandako beste partida baten egoitza ofiziala, txapelketaren final-zortzirenei dagokiena. Hogeita hamalau urte igaro dira Bilbo lehenengo aldiz nazioarteko oihartzuna duen futbol-txapelketa baten agertokia izan zenetik; eta horri esker, hirian, lurraldean eta Euskadin eragin ekonomiko garrantzitsua edukitzeko gaitasuna eman zaio. San Mames zaharrak 1982. urtean Munduko Txapelketako aurreko faseko hiru partida hartu zituen, non Ingalaterra, Frantzia, Txekoslovakia eta Kuwaiteko selekzioak egon ziren. 2020. urtean, berriz, San Mames zelai berriaren txanda izango da, eta Europako futbolaren jai handiarekin bat egiteko aukera izango du. Besteak beste, estadioa aukeratu da 53.000 ikusle baino gehiago har ditzakeelako, irisgarritasun egokia duelako eta desgaitasuna duten pertsonentzako mugikortasun ona duelako.

Proiektu partekatua

Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Athletic Club taldearen arteko lankidetza ezinbestekoa da proiektuaren arrakasta bermatzeko. UEFA Euro 2020 txapelketaren deialdia hirian egitea erronka ikaragarria da euskal erakundeentzat eta hiriko eragileentzat; izan ere, Eurokoparen gisako proiekzioa eta ospea duen kirol-hitzordu batek dakartzan eskaera eta betekizunei erantzuteko gaitasuna dutela erakutsi beharko dute. Alabaina, FIBA 2014 Saskibaloiko Munduko Kopa eta Badmintoneko Munduko Junior Txapelketa ekitaldietan erakutsitako esperientzia eta ibilbidea daude Bilboren alde. Maila goreneko kirol-ekitaldi bat antolatzeko, hiriaren politika global bat aintzatetsi behar da, konektibitatea, azpiegiturak, antolaketa, hotelen eskaintza, zerbitzuak, segurtasuna eta beste hamaika gauza barne hartzen dituena. Bilbo liga horretan jokatzen ari da dagoeneko, eta Eurokopa 2020 da horren adibide argia.

Europa lotzeko hamahiru zubi

Zubia da herri eta kultura ezberdinen arteko konexiorako eta batasunerako elementua, bai eta UEFA Euro 2020ko egoitza izango diren hamahiru hiri anfitrioien logoaren inspirazioa ere. Bertan, halaber, Henry Delaunay koparen irudia nabarmenduko da, taldearen garaipena ospatzen dabiltzan zaleez inguraturik. Korporazio-identitateak Europako dibertsitatearen eta aniztasunaren balioak islatzen ditu eta futbola emozioari lotutako gaia dela jotzen du, jatorri ezberdinetako pertsonen arteko senitarte-harremanak sortzeko gai dena. Txapelketaren irudian agertzen diren zubi sinbolikoen artean hauexek daude, besteak beste: San Anton (Bilbo), Tower Bridge (Londres) Clyde Arc (Glasgow), Samuel Beckett (Dublin), Cirkelbroen (Kopenhage), Szechenyi Chain (Budapest), Basarab Bridge (Bucarest) y Sant’Angelo (Erroma).

EH Bildu UEFAko presidenteari

Bestalde, Aitziber Ibaibarriaga EH Bildu Bilboko bozeramailea Aleksander Ceferin UEFAko presidentearekin bildu da gaur goizean.

Udalbatza Aretoan izandako bilera horretan EH Bilduko bozeramaileak euskal selekzioei betoa kentzea eskatzen duen gutun bat eman dio, euskal selekzioek UEFA Euro 2020 bezalako txapelketetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Horrekin batera Euskal Selekzioaren kamiseta oparitu dio. 

"Gaur goizean izandako bilera horretan UEFAko presidentea harkor ikusi dugu herri honetan gehiengoak babesten duen eskaerarekin. Bere laguntza eskatu diogu euskal selekzioei betoa kentzeko eta, horrela, aukera izan dezaten txapelketa ofizialetan parte hartzeko", esan du Ibaibarriagak bileraren ondoren.