Udalak, ondarearen hedapenerako 'Bilbao Izan' programaren barruan, antzinako argazkien, prentsako aipamenen eta material dokumental anitzen bitartez, Bilboko gune berezi horren historia erakusten duen erakusketa inauguratu du Iralabarriko Kirikiño Etorbidean –plazan–. XX. mendearen hasieran, Juan Jose Irala industria gizonak Harino Panadera lantegia eraiki zuen bertan, eta garai hartako asmo handiko hirigintza proiektua jarri zuen martxan, berak irudikatutako auzoa, nolabait utopikoa, gauzatzeko.
Bilbao Izan programako proposamen berria Irala 100 urte batzordearen ideia da. Hainbat hilabetez, erakusketa osatzen duten argazkien eta bestelako dokumentuen bilaketa sustatu du batzordeak. Material horiek Iñaki Llamas Iralabarriko auzokideak bildu, gorde eta sailkatu ditu, eta bera izango da, Arantza Pareja ikerlari eta UPV/EHUko Historia Garaikide irakaslearekin batera, erakusketaren komisarioa. Arantza Parejak hainbat ikerketa proiektutan hartu du parte, eta bere lanaren ohiko ildoak demografia historikoa Euskal Herrian, hiri demografia, barne migrazio garaikideak, hezkuntzaren historia edo generoaren historia dira, beste batzuen artean.
Oraingo honetan, 'Iralabarri: auzo baten bizitzan, mendeurrena' erakusketak Iralabarri auzoaren panoramika eskaini nahi du, jatorrietatik gaur egunera arte, txoko berezi horren eraikuntzaren amaieratik mende bat betetzen den urtean, hain zuzen ere. Erakusketak, auzoaren jatorriari, Juan Jose Irala ameslariaren ezinbesteko lanari, eraiki zen etxebizitza motari, enpresa gizonak umeen osasunaren eta hezkuntzaren aurrean zuen ardurari, elkarte mugimenduei eta auzoaren hirigintza eta arkitektura berezitasunei buruzko irudi eta azalpen testuak biltzen dituzten formatu handiko hamabi panel ditu.
Enpresa gizona eta ameslaria
Ibilbide historikoa joan den mendearen hasieran hasi zen, Madrilen jaiotako Juan Jose Irala industria gizona Bilbora heldu zenean. Beste negozio txikiago batzuen ondoren, Harino Panadera S.A. sortu zuen, garai hartako testuek adierazten dutenez "inoizko ogi lantegi handiena eta hoberena". Iralak berak bere bizileku bilakatu zuen auzoa, Bigarren Etorbideko Ustaietxe txaletean, eta horrela jarraipena eman zion bere beste negozio handiari: higiezinen negozioari.
Izan ere, langileen etxebizitzen arazoari buruzko gogoeta egiten ari zen Europako testuinguruan, gutxieneko duintasuna izango zuen eta industrializazioaren babesean sortu ziren gizarte talde berriek eskuratzeko moduko auzoa diseinatu zuen. Horrela, Juan José Iralak asmo handiko higiezin operazioa jarri zuen martxan, lehenengo bere lantegiko langileei, baina ondoren, sortzen ari zen klase ertain osoari, zuzendutakoa. Hamar urtetan, Federico Ugalde arkitektoaren zuzendaritzapean, eta 51.869 metro karratuko azaleran, txaletez, etxez eta etxebizitza blokez osatutako 15 kale eraiki zituen eraiki zituen, garai hartako batez besteko prezioaren azpitik zegoen alokairuan eskaintzeko. 1908an 198 biztanle zituen Iralabarri, 2.956 biztanlera heldu zen 1920an.
Baina, horrez gain, bizitza kalitatea, filosofia gisa, ez zen etxe eroso eta polit batean bizitzera mugatzen, ideia hori gainditu egiten zuen. Ezagunak ziren hezkuntzarik gabeko, soldata urriko eta osasun eta elikadura eskaseko jendearen artean bizimodu desegokiak sortzen zituen arazoak, haien aisialdirako alternatiba bakarra taberna baitzen. Hori dela eta, Iralak debekatu egin zuen horrelako establezimendurik zabaltzea auzoan. Horren ordez, prezio egokiak zituen ekonomatoa, doako osasun zerbitzua eta Hiriko edozein farmazian botikak erosteko laguntza ekonomikoa jarri zituen martxan. Horren ondoren, hezkuntza, naturaren aurreko maitasuna edo elkartasuna bultzatu zituen umeen artean, eta komunikazioak ere ez zituen ahaztu, bere auzoa tranbia (1918) eta autobus (1925) bitartez lotu baitzuen Alde Zaharrarekin.
Ordutik, auzo bitxi horrek azken mendeak eskatu dizkion eraldaketak jaso ditu. Gehien bat auzoko biztanleek utzi duten material grafiko ugariaren bitartez, ikusleek kale haietan jaiotako pertsona garrantzitsuak, erakunde enblematikoak eta etengabe gauza bat edo beste egiten ari zen jendea aurkituko dituzte. Eta hori guztia ez aisiarekin erlazionatutako jardueretan modu aktiboan inplikatzeko orduan bakarrik, baita euren auzoa etengabe hobetzeko lanean ere.
Bideoa
Ohikoa denez, argazki erakusketaren ondoren, Kultura Sailak, gai berari buruzko bideo bat aurkeztuko du datorren urtarrilean. Oraingo honetan ikerlariek eta historiagileek, baina baita auzoko pertsona anonimoek ere, euren lekukotza eta bertako historiari buruzko ezagutza eskaini dute, gure Hirian gutxien ezagutzen den txokoetako baten azken garaietako historiari buruzko ikus-entzunezko lan hori egiteko.
'Iralaren ametsa' filma urtarrilaren 24an eta 26an eskainiko da Osasun eta Kontsumo Sailaren egoitzan (Harino Panadera eraikina). Egunero hiru saio eskainiko dira, 17:00etan, 17:45ean eta 18:30ean (sarrera librea). Horrez gain, ikus-entzunezko lana Bilbao Kulturaren webgunean eta youtuben dagoen Bilbao Kulturaren kanalean ikusi ahal izango da otsailaren 6tik aurrera.