Bilbo izango da film laburren aldeko 'Egunik Laburrena' ekimenaren egoitzetako bat

uriola.eus 2016ko abe. 15a, 09:15

'Egunik Laburrena' nazioarteko ekimena da, eta helburu nagusia film laburra errebindikatzea du. Bilboko Udalak antolatu du ekimena Platanoboligrafo ekoizpen etxearekin batera; eta Zinebi eta FANT jaialdiek, ekimenarekin bat egin nahi izan dute beste urte batez –hirugarren urtez jarraian–, Bilbon ere film laburraren jai handia antolatuz, asteburu honetan eta 22ra arte 78 film eskainiz –aurreko edizioaren bikoitza baino gehiago– eta film laburren zuzendariekin topaketak eginez. 

Jarduerak eta zine emanaldiak bihar, ostiralean, hasiko dira, Zorrotzako eta Zurbaranbarriko udaltegietan, film laburren saio bikoitzarekin, familia osoari zuzendutakoa arratsaldeko 18:00etan, eta helduei zuzendutakoa 19:30ean. Azken garaietan egin diren film labur hoberenen aukeraketa jasotzen duen egitaraua Castañoseko eta Santutxuko udaltegietara joango da astelehenean (abenduaren 19an), San Frantziskoko eta Abando – Barrainkuako udaltegietara asteartean (abenduaren 20an), eta, azkenik, Errekaldeko udaltegira abenduaren 22an.

Pabellon 6k, bere aldetik, arratsaldeko 19:00etatik aurrera –gauerdia igaro ondoren arte– 'Egunik Laburrena' egitarauko ekitaldi nagusia jasoko du, animaziozko euskal zineari eskainitako sekzio bereziarekin, eta fikziozko zineari buruzko bigarren partearekin, zuzendari gazte eta beteranoagoekin. Emanaldiez gain, ondorengo mahai inguruetan, euren azken lanak aurkeztuko dizuten zinegile hauek hartuko dute parte: Javier Prieto, Begoña Vicario, Kote Camacho, Ivan Miñambres, Norma Vila, Iker Arce, Ruben Salazar, Mikel Rueda eta Cesar Velasco Broca.

Izan ere, helburua Euskadiko film laburraren panoramika eskaintzea da, hainbat film eskainiz, horietako batzuk jaialdietan ibilbide luzea dutenak, eta beste batzuk duela denbora gutxi estreinatutakoak, eta baten bat Bilbon oraindik ikusi gabea, erabateko estreinaldia izango den Iker Arceren Lituania, besteak beste. Proiekzioak, zinegileek, Joseba Usabiaga eta Susana Soleto antzezleek gidatuko dituzten solasaldietan parte hartuz osatuko dira.

Horrez gain, programazioak hiru emanaldi berezi jasoko ditu: alde batetik, Euskal Harriaren ABDa –abenduaren 19an, Santutxuko Udaltegian– eta Kalebegiak film kolektiboak, azken hori Donostia 2016k bultzatutakoa, hiria errodatze gune gisa sustatzeko. Bertan, hiru zinegile profesional belaunaldik –ospe handikoak eta hasi berriak– euren hiriaren argazkia eskainiko dute. Horrez gain, Lander Camarero zinegile bilbotarraren The coffee advisors proiektu berriaren aurre-estreinaldia programatu da. Lan horretan, 11S izenekora eta bertatik bizirik irtetea lortu zutenengana hurbilketa posiblea planteatzen da, komediaren bitartez. Azken bi emanaldiak abenduaren 20an ikusi ahal izango dira Abando – Barrainkuako Udaltegian eta Sarean gunean, hurrenez hurren.

Horrez gain, 'Egunik Laburrenak' lekua erreserbatu du zine lotsabako eta absurdoenerako, jolasa eta jaia uztartzen dituen jarduerarekin, astelehenean (abenduaren 21ean), arratsaldeko 19:30etik aurrera, Hika Ateneoan. 'Cortopote' izenburuarekin, Aitor Gonzalez Iturberen Pajero, Aitor Gutierrezen Ulises, Aitor Arenasen La Sra. Jesus Mari edo Iñaki Reynaren Glutamato 2 lanak eskainiko ditu, besteak beste. Programa honetan jasotako jarduera eta emanaldi guztiek sarrera librea izango dute, leku guztiak bete arte. 

Aurrekariak

'Egunik Laburrena' neguko solstizioarekin bat etorriz (abenduaren 21ean) mundu osoan ospatzen den nazioarteko ekimena da, film laburrak jende guztiari hurbiltzeko helburu nagusiarekin, kaleetan eta mota guztietako gune publikoetan, plazetan, ikastetxeetan, museoetan, ospitaletan, saltokietan edo tabernetan eskaintzen diren doako zine emanaldiekin.

'Egunik Laburrena' kalitatezko edukiak eskaintzean oinarritzen da, baina ekitaldi irekia da, eta, ondorioz, kultur kudeaketan ari diren eragileek zein edozein erakunde publikok edo pribatuk bat egin dezakete berarekin, eta baita herritarrek eurek ere, euren adiskideentzat edo auzokideentzat emanaldiak antolatuz.

Egitaraua

Abenduak 16, ostirala. Zurbaranbarriko eta Zorrotzako Udaltegiak

• 18:00 Film laburren aukeraketa. Familia osoarentzat.

• 19:30 Film laburren aukeraketa: '2015/2016ko hoberena'. Helduentzat.

Abenduak 17, larunbata. Gaurik Laburrena. Pabellon 6

• 19:00h. Animazioa Euskal Herrian: Nunca pasa nada, Javier Prieto; Decorado, Ivan Miñambres; Beti bezperako koplak, Kote Camacho; eta Jane, Tarzan ez zen horren guay, Begoña Vicario. 

Emanaldia eta mahai ingurua egileekin.

• 21:30h. Estreinaldiak eta topaketak: Jules D., Norma Vila; Villa Mnemosine, Ruben Salazar; Lituania, Iker Arce; Nuestra amiga la luna, Cesar Velasco; Caminan, Mikel Rueda.

Emanaldia eta mahai ingurua egileekin.

Abenduak 19, astelehena. Castañoseko Udaltegia

• 18:00 Film laburren aukeraketa. Familia osoarentzat.

• 19:30 Film laburren aukeraketa: '2015/2016ko hoberena'. Helduentzat.

Santutxuko Udaltegia

• 18:00 Film laburren aukeraketa. Familia osoarentzat

• 19:30 Emanaldi berezia: Euskal harriaren ABDak

Abendiak 20, asteartea. San Frantzisko / Abando – Barrainkuako Udaltegia

• 18:00 Film laburren aukeraketa. Familia osoarentzat.

• 19:30 Film laburrak: '2015/2016ko hoberena. Helduentzat.

• 19:30 Abando – Barrainkuako Udaltegia.

Emanaldi berezia: Kalebegiak

• 20:00 Sarean.

• Emanaldi berezia: The Coffee Advisors, Lander Camarero

• Aurre-estreinaldia.

Abenduak 21, asteazkena. Hika Ateneoa

• 19:30 – 22:00 Cortopote

Abenduak 22, osteguna. Errekaldeko Udaltegia

• 18:00 Umeentzako film laburrak.

• 19:30 Film laburrak: '2015/2016ko hoberena'. Helduentzat.

Jarduera guztietarako sarrera librea izango da, leku guztiak bete arte