Gabonak 2016

Bilbo Olentzero eta Mari Domingiren bisitarako prest

uriola.eus 2016ko abe. 15a, 12:22

Bilbok modu magikoan hartuko ditu Olentzero eta Mari Domingi eta harrera horretan haurrek zein helduek hiriko kaleetatik igaroko den kalejiran parte hartu ahal izango dute abenduaren 23an, ostirala. Baita Gabon-gaueko goizean Arriaga Antzokian haurrei egingo zaien harreran ere.

Udalak Gabonetarako kalitatezko eta doako hainbat jarduera antolatu ditu bilbotar guztiek, adinari erreparatu gabe, Gabonetaz goza dezaten.

Olentzerorekin batera, Mari Domingi, Basajaun eta galtzagorri kutun eta bihurriak egongo dira 23an, ostiralean, arratsaldeko 17.45etan Moyua Plazan hasiko den kalejiran. Ondoren, Kale Nagusia zeharkatuko du bilbotarrak agurtzeko eta plaza Biribilera helduko da. Nafarroa kaletik pasa eta gero, Arriagara iritsiko da. Aurreko urteetan bezala, Tiobibo ederra izango du eta Olentzero, Mari Domingi Basajaunekin zurezko egitura magikoetan agertuko dira: Pottoka, Oka eta Trizikloan (azken hau, opariz betea).

Udaleko Jaietako sailak kalejirarako argi eta koloredun ikuskizuna prestatu du. Galtzagorriek kolorea eta mugimendua emango diote kalejirari eta argizko bengalak eta titaniozko hornigailuak erabiliko dituzte kalejira argitsu bat lortzeko. Horretarako, hiru egitura laguntzaile egongo dira bengalen bidez argia emateko.

Ibilbidean zehar, galtzagorriek umeen gutunak jasoko dituzte Olentzero eta Mari Domingiri emateko. Zanpantzar, erraldoi, trikitilari eta beste hainbat musikariek euskal musika-tresnez Arriaga Antzokirako bidea girotuko dute.

Olentzero, Mari Domingi eta haien segizioa behin Arriaga plazara helduta, Olentzeroren musika taldeak gutxi gora behera 30 minutuko ikuskizuna eskainiko du. Une horretan Olentzerok eta Mari Domingik Arriaga Antzokiaren balkoitik bertaratutako haur guztiak agurtuko dituzte. Bukatu ostean, plazan dauden umeekin batera gabon kantak abestuko dituzte: Olentzero, Horra Mari Domingi, beste batzuen artean.

Udalak Arriaga Plazaren ondoan pantaila erraldoia jarriko du plazara hurbiltzen diren pertsona guztiek bertan gertatzen den guztiaz zuzenean goza dezaten. Olentzerok eta Mari Domingik agurra egiteko orduan, zeinu bidezko hizkeraren interpretea egongo da.

Bilboko haurren harrera Arriagan

Izugarrizko ikuskizunaren ostean, Olentzero eta Mari Domingik Arriaga Antzokian atsedena hartuko dute 23tik 24rako gauean, ondoren, lan handia izango baitute. Abenduaren 24an, goizean, 11:00etatik 14:00etara, Arriaga Antzokira gerturatzen diren ume guztiei harrera egongo diete. Haiekin egon nahi duten haurrek tiket bat hartu beharko dute. Goizeko 10:00etatik aurrera, Areatzan dagoen txurro-dendaren ondoan jarriko den kasetan txartelak banatuko dira. Gehienez hiru tiket hartu ahalko dira (umeekin doazen nagusiak ez dute tiketarik behar). Guztira 1.500 tiket banatuko dira eta hauek Arriaga Antzokirako sarreraren ordena markatuko dute.

BBK Olentzero eta Mari Domingiren jardueretan

BBK-k lehen aldiz hainbat jarduera prestatu du Udalarekin batera Olentzero eta Mari Domingiri gutuna emateko Arriaga Plazan dauden haur guztiek itxaroten duten bitartean jolas eta ikas dezaten. Horretarako, aurreko urteetan bezala, antzokiaren inguruan beste ekintza batzuen artean, talo eta makillaje tailerrak egongo dira haurrentzat Hortzmuga Antzerki taldeak dinamizatuak.

BBK-k jarduera hauek egiteko ematen duen laguntzarekin, aisialdirako eta entretenimenduzko jarduerak sustatu nahi dira Bizkaiko gizartearen eta familien kohesioa bultzatuz.

Halaber, Gabonak hiriko persona guztiei hurbildu nahian, abenduaren 19tik, astelehena, 22ra, osteguna, Arriaga plazan gune solidario bat egongo da 11:00etatik 20:00etara zabalik egongo dena (22an izan ezik 11:00etatik 14:00etara soilik zabalik egongo baita). Jostailuak hartzeko gune bat izango da. Horrela, Olentzero eta Mari Domingiri lagundu ahal izango zaie Bizkaiko etxe guztietara opariak eramatera. Jarduera hau Koopera erakundearekin batera egingo da.

Garbiketa zerbitzua eta zirkulazioa kalejiran 

Udalak garbiketako zerbitzu berezia prestatu du kalejiraren egunerako: kalea garbitzeko lau makina, hamar langile eta kamioi biltzaile bat (arratsaldeko txandako ohiko zerbitzua indartuko da). Horrela, hiriko kaleak ezin hobe egongo dira 24ko gau magikorako.

Zirkulazioari dagokionez, Olentzero eta Mari Domingi datozenean Bilboko erdialdeko kale batzuk itxiko dira modu mailakatuan, 17:45ak eta 20:00ak bitartean. Kale horiek apurka apurka zabalduko dira, kalejira egiten den neurrian.

Horrela, bada, 17:45ean Kale Nagusia zarratuko da, Moyua plaza eta Plaza Biribilaren artean. Tarte hori itxita dagoen artean, Kale Nagusiko eta zeharkako kaleetako garajeetan ezin izango da sartu-irtenik egin (Portuko Markesa, Astarloa eta Mazarredo zumarkalea).

Beste alde batetik, Ledesma kalean, Mazarredo zumarkalearen eta Astarloa kalearen artean, garajeetako sartu-irtenak aurreko bidegurutzetik egingo dira (seinalisten bidez arautuko da).

Kalejira Nafarroa kaletik igarotzen denean, Bailen eta Erripa kaleak eta bertako garajeak itxita egongo dira.

Beste alde batetik, Olentzeroren segizioak Bilbobuseko zenbait lineatan izango du eragina: 01, 10, 28, 56, 62, 72, 77 eta A7 lineetako geralekuak kenduko dira (Kale Nagusia 36, 3 eta 7 zenbakietan) 17:45etik kalejira igaro arte.

Gainera, kaleak itxita dauden bitartean, honela zirkulatu beharko da:

• Moyua plazako noranzkoa: Urkixo zumarkalea - Iparraguirre – Moyua plaza

• Plaza Biribileko noranzkoa: Colón de Larreátegui – Mazarredo zumarkalea

Era berean, 17:45ean, 56 eta 77 lineek Moyua plazatik irtengo dute eta ibilbide hau egingo dute: Elcano - Hurtado de Amézaga - Zabalburu – Gorte – ohiko ibilbidea. 28, 62 eta 72 lineek ibilbide hau egingo dute: Colón de Larreategui - Buenos Aires – Udaletxeko Zubia – ohiko ibilbidea. Erribera kaletik datozen lineek ibilbide hau egingo dute: Mesedeetako Zubia - San Frantzisko - Zabalburu plaza - Ayala – Urkixo zumarkalea - Iparraguirre - Moyua plaza – ohiko ibilbidea.