Ondare Batzordearen aldeko txostena duen aldaketa hasieran onartu behar da eta jendaurrean jarri Udalbatzarrak behin betiko onartu aurretik.
Eraberritzea eta, aldi berean, ondare historikoa babestea
Irisgarritasun hori lortzeko beharrezkoak diren lanak arautuko dituen araudi berriak aukera emango du jasotako behe-solairuak (ohikoak Zabalgunean edo Bilboko erdialdean) kalearen mailara jaisteko eta aldaketa partzialak egiteko baoen urratuetan eta jasotako behe-solairuen forjatuaren altueran, eraikinen komunikazio-guneetara (ataria, igogailua) zein bertako merkataritza-lokaletara iristeko.
Udalak irisgarritasuna eta Bilboko ondare historikoaren babesa bateratu nahi ditu. Hortaz, eraikinen estetikaren aldaketa guztiak Eusko Jaurlaritzaren 189/90 Dekretuaren ('Berrikuntza kontserbatzailea') irizpideen arabera egin beharko dira, eraikinak zainduta eta beharrizan funtzionalei egokituta daudela ziurtatuta, elementu tipologikoei, formalei eta egiturazkoei dagokienean.
Era berean, aldaketok Bilboko Ondare Batzordeak baloratu beharko ditu, bera baita Bilboko eraikin babestuetako lanen arloan eskumena duen kide anitzeko organoa. Organo hau Udaleko eta Foru Aldundiko eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko ordezkariek eta kontserbazio eta hirigintza arloko adituek osatzen dute.
Ondare Batzordeak jarduera bakoitza eta eraikinaren osaera arkitektonikoan izan dezaketen eragina ebaluatuko ditu: lanok baimenduta, konpentsazio-neurriak proposatuta edo alternatibak aztertuta, kasuan kasu, ondare arkitektonikoaren kontserbazioa ziurtatzeko. Irisgarritasun unibertsala sustatzeari utzi gabe.
Plangintzarako Aholku Batzordean aztertutako beste gai batzuk
Azkenik, Udal Plangintzarako Aholku Batzordeak HAPO aldatzeko proposamenari buruzko aldeko txostena egin du. Hor sartzen dira Ellakuria Garajea deritzon eraikina eta Miribillara aldatu aurretik Bizkaiko Kirol Federazio askoren egoitza izan zen eraikina (Bizkaiko Foru Aldundiaren jabetza).
“Federazioen Eraikina”ri dagokionez, orubearen erabilera xehatua aldatuko da, ekipamendu publikotik egoitza-etxebizitza kolektibora pasatuta; babes-maila aldatuko zaio eta eraikuntza-profila ezarriko, etxadi-patioa okupatuta. 'Ellakuria Garajeak', berriz, Plan Orokorrean adierazitako erabilera-erregimenarekin jarraituko du, profil berria ezarrita, etxadi-patioa okupatuta eta bere babes-maila (A maila) Ondasun Kultural bezala sartuta inbentarioan.
Udalaren Plangintzarako Aholku Batzordea
Plangintzarako Bilboko Aholku Batzordea sortzea adostu zen 2008ko irailean, Bilboko Udalbatzan. Parte hartzeko eta eztabaidatzeko sektoreko kontseilua da. Honako eragile hauek esku hartzen dute bertan: auzokide-elkarteek, ingurumena babesteari eta hirigintzari lotutako erakundeek, helburu sozialak zein ekonomikoak dituzten elkarteek, eta udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariek.
Aholkurako organo honen eginkizun nagusietariko bat hirigintza alorrean auzokoen benetako parte-hartzea bermatzea da. Horretarako, udal-plangintza orokorrari buruzko aholkuak eman eta txostenak plazaratzen ditu. Hala, Aholku Batzordean Hiri Plangintzarako Sailak edo beste inork prestatuko dituzten gaien berri ematen da. Bere xedea organoaren kideek gai horiek ezagutzeko aukera edukitzea da, dagozkion izapideak idatzi baino lehen eta ekarpenak egiteko aukera ematea, udal tramitazioari ekin baino lehen.