Zenbait hiletan gestioak egiten aritu ondoren, egoitza gutxi batzuk aukeratu ditu hasieran EPCR erakundeak; azken proposamena 2017ko martxoaren 17a baino lehen aurkeztuko du.
Urtarrilean eta otsailean EPCR harremanetan jarriko da hautagaiekin, instalazioen ezaugarriak bertatik bertara ezagutzeko, hotelen ohe edo plaza-kopurua, ekimena antolatzeko azpiegiturak eta kluben arteko errugbiko Europako txapelketarik garrantzitsuena (Champions Rugby) hartzeko bestelako alderdiak.
Finala hartzeko San Mames zelai berriko instalazio berrietan pentsatu dute. Gainera, Bilbon sarritan egiten dira azoka eta jarduera kultural, ekonomiko eta artistiko garrantzitsuak eta, hortaz, baditu nahikoa hotel. Horri guztiari esker, lehiaketa honetako finala arrakastatsua izango litzateke, kirol ikuspegitik nahiz logistikotik.
Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hautagaitza Espainiako Errugbi Federazioarekin eta Errugbiko Euskadiko Federazioaren batera aurkeztu dute, Kirol Kontseilu Gorenaren babespean.
Iazko ekainean Bartzelonako Camp Nou zelaian Frantziako Errugbiko Ligako finala jokatu zuten (TOP 14), munduan ikusle gehien izan duen kluben arteko errugbi partidua (99.124), eta horrek eraginda, EPCR erakundeak ez du zalantzarik izan Bilbo hautagai ofizial izendatzeko 2018ko Txapelketako finaletarako.
Final hauek -errugbiko klub profesionalen Europako urteko txapelketarik garrantzitsuenak-onura ekonomiko handia, irudi ona eta oihartzun handia ekarriko dizkiote Bilbori eta Euskadi osoari. Besteak beste, gogoratu 2016ko maiatzean Lyon-en egin ziren final bietan 86.000 zale batu zirela, horietatik 58.000 Champions-eko finalean, eta 20.4 milioi euro utzi zituztela Frantziako hiri horretan. Finala Europa osorako eman zuten telebistaz.
Bilbo txapelketa hartzeko hautagai izendatu ondoren, hautagaitza aurkeztu duten erakundeek esan dute “sendo lan egingo dugu denok batera”, EPCR erakundeak San Mames aukeratu dezan errugbiko Champions-eko Finaleko egoitza.